Zuzenean
«Momentu ederrak, une latzak, galdutako lagunak... denetarik aurkitu daiteke bertan»
"Lau Elementuen erronka" du izena Pou anaien bigarren liburuak, alpinista gasteiztarren azken bost urteetako abenturak biltzen dituen alea. «Momentu ederrak, momentu tristeak... denetarik aurkitu daiteke bertan», Eneko Pouk NAIZ irratian azaldu duenez. Hirugarren bat ere dagoeneko buruan dute.
«Momentu ederrak, une latzak, galdutako lagunak... denetarik aurkitu daiteke bertan»
Hamaika abentura bizitakoak dira Pou anaiak beraien ibilbide osoan zehar, eta pixkanaka hauek eurek idatzitako liburuetan jasotzen ari dira. "Aupa Pou: Bizitzari sokaz lotuta" izan zen lehena, eta honen arrakastaren ondotik etorri da bigarrena: "Lau Elementuen erronka". Alpinista gasteiztarren azken bost urteetako abenturak biltzen dituen alea da azken hau, «momentu ederrak, momentu gogorrak... denetarik», biltzen duena, «tartean galdutako lagunak ere bai», egin du azpimarra Eneko Pouk NAIZ irratian. Abenturez gain, euren hausnaketak eta gogoetak ere partekatzen dituzte.
"Lau Elementuen erronka" Pou anaien azken makro-proiektua izan da, Patagonia, Amazonia, Afrika eta Himalayara eraman dituena, baina honetaz haratago ere, etxetik gertuago, Pirinioetan edota Picos de Europan bizitako abenturak ere aurkitzen dira liburuan. Hori gutxi ez, eta Andeetara ere egin dituzte hiruzpalau espedizio, ez dira geldirik egotekoak ez. Pou anaiek, eurek, bere osotasunean idatzitako liburua da honakoa, "Aupa Pou"-ekin egin bezala, beraz mendizale eta idazle direla ere esan genezake dagoeneko, nahiz eta azken hau zalantzan jarri Enekok berak. Liburua atera berri, dagoeneko hirugarrenean lanean hastekoak direla ere kontatu digu eskalatzaile gasteiztarrak.