Zuzenean
Abenduaren 14an etapa berri bat ireki zen euskalgintzarentzat. Euskaltzaleen Topaguneari agur esan eta bide berri bat hasi da. Hausnarketa prozesu baten ondorio izan da hori, mugimendutik jendartearekin berriro konektatu behar zutelako ustetik abiatuta.
Urte pare bateko ibilbidearen ondoren, 'Batera Jauzi Laborategia' jarri dute martxan. Horretarako, ia 200 pertsonarekin kontraste lana egin zuten, baita Nafarroan ere, herritarren artean aldekotasuna bultzatzeko.
Orain, Taupa jaio berri da: «geure burua berrasmatu nahi genuen, eta kontraste horrekin ikusi genuen orain zela unea. Gaur egungo egoerara egokitu eta euskararen erabileran jauzia emateko baldintzak biderkatu nahi ditugunez, horiek ahalik eta modu eraginkorrenean lantzeko bideak ipini nahi genituen. Aktibismoaren fenomenoa ere aldatzen doanez, gure oinarria euskararen aldeko taldeak dira eta horien muina euskaltzaleak direnez, euskaltzaleekin lan egiteko modu berriak birpentsatu nahi genituen».
Euskara elkarteen topagunea izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera saltoa egin dute, eta horretan aukera desberdinak eskaintzea izango da oinarrian.
Euskaraldia eredu
Euskaltzaleen baitako jardun nabarmenetako bat Euskaraldia izan da. Hain zuzen ere, indibidualki edota arigune gisa parte hartzeko aukera eskaintzen duen ekimena. Horrek ere izan du zerikusirik eraldaketa honetan.
Izan ere, aktibismoak eta militantziak aipatzen ditugunean, «oso garrantzitsua» da euskaltzaleek beraiek egiten duten mugimendu hori. Euskaraldia da zentzu horretan jarduerarik ezagunena, eta hor ere lan egiteko eta mugitzeko eredu berri honekin lanean jarraituko dute. Azken finean, bada erabilera erdigunean jartzen duen ekimen masibo eta indartsu bat, eta hortik asko ikasi dutela diote Taupako eragileek.
Badakite modu indibidualean parte hartzeko aukerak eskaintzea garrantzitsua dela, antolakuntza kolektibo hori behar izan gabe ere «eraginkorra» delako. Hala ere, herri batzordeak jartzen dituzte oinarrian, horiek baitira Euskaraldiaren muina, eta horiek daukaten antolakuntza kolektiboak eragina izaten baitu indibiduoarengan. Bi horien elkar gurutzaketan, ikusten dute badagoela zeregina.
Saretze lan luzea
Taupara itzulita eta webguneaz gain plazetan aurki ezer ikusiko dugun galdetuta, Iciarrek eta Zapatak kontatu digute saretze ariketan emango dituztela lehen pausoak: «lehenengo sei hilabeteak saretze ariketara bideratuko ditugu, eragile desberdinekin eta herrietan egotera, dugun filosofia horrekin jarraitzera. Gerora, salto egingo dugu kalera zein digitalera».
Gainera, mantso sukaldatuko den proiektua izango da, «proiektu eraldatzailea» izan asmo duen aldetik, «gizarte eraldaketa bat» sustatu nahi duena. «Denbora» izango da horretarako gakoa.
'Batera Jauzi Laborategia' ere prozesu luzea izan zen, ia bi urtekoa: talde eragile gisa sortu zen, baina gerora kontraste lan handiak egin ziren. Eta zein hipotesitatik abiatzen ziren? Bada, euskararen erabileran jauzia emateko ze baldintza sortu beharko lituzketen hurrengo hamarkadetan.
Hizkuntza harrera komunitarioa ere aldarrikatu izan dute; Topagunearen azken batzordetik datorren kontua da. Izan ere, euskararengandik urrunago edo epelago dauden horiekin ere konektatzeko beharra sentitzen dute, eta horien konplizitate horiek ere lortzekoa. Etorri berriei egiten zaien harrera horretan euskarak duen presentzia ere lantzen joango dira aurrerantzean, horrek «ekosistema bat sortzen duelako euskararen erabileran jauzia sortzeko».
Polit askoa da 'Erabileraren aroa' aldarrikapena, hala ere, 'Ezina ekinez egina' ere esan liteke hemen. Zailak izango dira hemendik aurrerakoak, baina larrialditik harago ikusi nahi dute. Euskaldunen arteko zaintza, besteak beste, ezinbestekoa izango da prozesu honetan.