Zuzenean

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Malen Dominguez
TM eLAB-eko ordezkaria

«Badakigu etxebizitza larrialdi bat daukagula, Euskal Herri osoan pairatzen dugun problematika»

Diagnostiko bateratua egin eta honen aurreko konponbide partekatuak proposatzeko helburuz, jardunaldia antolatu du Donostiako Tabakaleran TM eLabek, 'Etxebizitza larrialdia Euskal Herrian. Konponbidea nondik?' lelopean. Ateak zabaldu aurretik Naiz Irratian izan da Malen Dominguez.

Audio_placeholder

«Badakigu etxebizitza larrialdi bat daukagula, Euskal Herri osoan pairatzen dugun problematika»

Loading player...
Malen Dominguez TM eLabeko ordezkaria, Tabakalerako Z aretoan.
Malen Dominguez TM eLabeko ordezkaria, Tabakalerako Z aretoan. (Naiz Irratia)

Etxebizitzarena Euskal Herrian larrialdi batekin lotzea gaur egun, ez da gehiegikeri bat. Zentzu honetan Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak berriki gogora ekarri duenez, «Europa mailako emantzipazio adin altuenetarikoa dugu Euskal Herrian, etxebizitza gastuetara bideratu beharreko errentaren zatia gorantz doa etengabe eta euren auzo zein herrietan bizitza proiektua garatu ezin duten herritarrak gero eta gehiago dira». Tabakalerako jardunaldia hasi aurretik, etxebizitza larrialdi egoera honen analisia egin du Malen Dominguez, Telesforo Monzon eLabeko ordezkariak.

Etxebizitzarena herritarron kezka nagusien artean kokatu dela zalantzarik ez dago eta kezka nagusi izango da ziur asko gazteena ala migratzaileena bezalako kolektiboetan. Testuinguru honetan, zein da Telesforo Monzon Elaborategiak egin nahi dituzuen ekarpena gaurko Jardunaldi honekin?

Huk gaur egin nahi dugun ekarpena da agendan gaia kokatu, modu kuantitatibo eta kualitatibo batean. Ekarri ditugun hizlariek ikuspegi ezberdinak emango dizkigute, maila instituzional zein sozialean aritzen direlako. Eta guk egoeraren analisi moduan badakigu etxebizitza larrialdi bat daukagula, Euskal Herri osoan pairatzen dugun problematika bat. Hiriburuetan kanporatze prozesu bat gertatzen ari da. Zentroan bizi ziren pertsonak kanpora joan behar dira bizitzera eta periferian bizi zirenak inguruko herrietara. Orduan, hiriburuei eragiten dien arazo bat izatetik haratago, inguruko herriak ere etxebizitza larrialdi honetara batzen ari dira eta pairatzen ari dira kanporatze prozesu hori. Adibidez, Errenteriako kasua izango dugu bertako alkatea problematikaz aritzeko.

Zuen ustez zein da une honetan egin behar den diagnostikoa edo beste modu batera esanda, zeintzuk etxebizitzaren garestitzearen arrazoi nagusiak?

Hiria produzitzeko momentuan politikoki hainbat jarrera hartu daitezke. Merkatuak ere hor eskua hartzen du. Gure ustez, instituzioetatik egin behar den ekarpena izan behar da horretan esku hartzea, merkatu libre hori nolabait mugatzea eta ez uztea merkatu librearen logikan sartzen, zurrunbilo ero bat elikatzea litzatekeelako eta horrek ez ligukeelako ezer onik ekarriko bertan bizi garenoi.

Kalean ere pil-pilean dagoen gaia dugu etxebizitzarena, barkatu, nahikoa da erreparatzea ba Bilbon pasa
den asteburuan egin den manifestazio jendetsuari eta hurrengo ordezkaritza zabalari.

Etxebizitzaren arazoak denok kezkatzen gaitu, eta horren erakusle da larunbatean eragile izaera anitzeko eragileak bildu zituen mobilizazioa. Beste hainbat ere etorriko dira eta erreparatu beharko zaie egiten diren aldarriei eta horretan esku hartu, politika publiko eraginkorrak egiteko.

Jardunaldian diagnostiko eta konponbide partekatuak bilatuko dituzue. Elkarrizketa bat eta bi mahai inguru. Hemen eztabaidatuko denaren azalpen txiki batekin eman ahal diguzu?

Erreferente moduan lehenengo elkarrizketa edo bloke zabala ekarri dugu. Alejandro Inurrieta izan zen Madrilgo Udaleko zinegotzi sozialista eta Etxebizitza Ministerioko Alokairu Sozietate Publikoko presidente urte batzuetan. Ikusten dugu berak han garatu zuen politika edo ikuspegia ekarri beharra genuela, berarengandik ikasi eta ikusi Euskal Herrian nolako kabida edo zer irakaspen jaso ditzakegun berarengandik. Ondoren, lehenengo mahai inguruan
etxebizitza lehen mailako erronka moduan hartuko dugu; nola iritsi garen honaino, nola erantzun behar zaion jendarte zibiletik. Eta horretarako hiru ordezkari izango ditugu, Ainhize Butron (Alda) Iratxe Delgado (LAB) eta Carlos Renedo (Hiritik at). Eta hori dena Xabi Astigarragak dinamizatuko du. Bigarren mahai-inguruan ikusiko dugu gehiago politika instituzionaletik. Nola politika publikoak egin ditzakegun egoerari aurre egiteko, eta nola uztartu beharko genukeen aipatu ditugun mugimendu sozial guzti horiek politikoki egin daitezkeen ekarpen horiekin. Eta horretarako izango dugu Lola Eslava (EH Bildu), Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea), eta Filipe Aramendi (Urruñako auzapeza).

Errenteria bezala udalerriak aipatzean herri honek eta beste askok ere izendatu dituzten tentsiopekeko eremu urbanistikoak aipatu behar dira ere. Babes neurri batzuk salbu, zergatik ez dute Etxebizitzaren Legearen eraginik sumatu herr¡tar askok?

Nik uste dut tentsiogune izendapenak ez duela magia suposatzen egun batetik bestera, prozesu bat dauka barne mailan egin beharrekoa. Herritarrek lehenago edo beranduago nabarituko dute. Onena litzateke Euskal Herrian tentsionatu dauden gainerako eremuak ere zaku horretara batu eta Etxebizitza Legearen aplikazio hori ahalik eta lasterren egitea funtsezkoa da

Etxebizitza Legearen norabidearekin kritiko agertu dira etxebizitza kolektibo dezente, legeak etxebizitza
eskubidea bermatu ez eta higiezin enpresen eta etxejabe handien pribilegioak zuzenean mugatzen ez dituztelako. Ados zaudete horrekin?

Gu ez gara horrelako balorazioetan sartzen. Guk gehiago egingo duguna da egoeraren analisi bat, ikusi nola uztartzen diren mugimendu sozialek eta instituzioek egin dezaketenan eta hortik proposamen eraikitzaileak egin.

Jaurlaritza Logoa