Zuzenean
«Alderdi batek gizartea aldatzeko gaitasuna ez du bakarrik maila instituzionalean bilatzen»
Euskadiko Podemosen etorkizuna gakoa izango den bozketa baten zain dago. Alderdiko kideek zuzendaritza gaurkotu behar dute. NAIZ Irratian izan da Miren Echeveste, Elkarrekin Gipuzkoa taldeko batzarkidea. Bere burua aurkeztu du alderdiaren liderra izateko.
«Alderdi batek gizartea aldatzeko gaitasuna ez du bakarrik maila instituzionalean bilatzen»
Euskadiko Podemos alderdiko zuzendaritzarako Indar Morea hautagaitzaren buru aurkeztu da Miren Echeveste, egungo Elkarrekin Gipuzkoa taldeko batzarkidea. Zehaztu du nahiz eta bi hautagaitzek «proiektu antzekoak» aurkeztu dituzten «azken finean alderdi bera» direlako, «apustu eta antolakuntza proposamen ezberdinak» dituztela.
Indar Morearen proposamenen artean dago «zirkuluen arteko koordinazioa» hobetzea. Echevesteren hitzetan, ordezkatzen duen hautagaitzak «lurraldetasuna oso barneratuta» dauka. «Horregatik pentsatu dugu pisu gehiago ematea lurralde bakoitzeko koordinazio organoei eta maila autonomikoan tamaina jaistea. Ikusten dugulako lanen banaketak lurraldetasuna islatu behar duela».
Feminismo eraldatzailea ere aldarrikatu dute hautagaitzaren oinarrietako bat bezala. Argi utzi du «Podemos-Ahal Dugu alderdi feminista» dela eta horregatik «feminismoak izan behar duela momentu oro bere pisua erabakietan». Proposamen zehatz bat «feminismoarekin lerrokatzen diren aldarrikapenak dituzten gizarte mugimenduekin harremana estutzea» dela azaldu du Miren Echevestek, eta gaineratu du «alderdi guztiek egin beharko luketen zerbait» dela.
«Podemosen euskaldun asko eta asko gaude», azpimarratu du Echevestek, alderdiaren beste oinarrietako bat euskara omen baita. Argitu du bere garaian normalizazio plan bat jarri zutela martxan, baina pandemiaren etorrerarekin eta zuzendaritza aldaketarekin bertan behera gelditu zela. Orain «egungo egoerara egokitutako» normalizazio plan bat abiaraztea da duten beste helburuetako bat. «Beste errealitate batzuk uztartuz, eztabaidak euskaraz izan nahi ditugunok ere gure lekua izan dezagun alderdiaren baitan».
Ordezkaritzarik ez
Azken hauteskundeetan behera egin du Podemosek. Orain ez du ordezkaritzarik Eusko Legebiltzarrean, «baina bai hiru lurraldeetako batzar nagusietan» gogorarazi nahi izan du Miren Echevestek. «Euskadik estatu egitura izango balu konfederala» izango litzatekeela iritzita, gaur egun ere «pisua izaten jarraitzen» dutela azpimarratu du «fiskaltzaren inguruko eztabaidan, esaterako». Dena dela, egun «alderdiaren osasunean» dute jarrita arreta nagusia. «Emaitza elektoralak hobeagoak edo txarragoak izan, alderdi batek gizartea aldatzeko gaitasuna ez du bakarrik maila instituzionalean bilatzen. Gizartean dauden mugimenduen bitartez ere gauza asko aldatu behar dira».
Zerga «erreforma»?
«EAJ eta PSE-Ek aurkeztutakoa ez da erreforma bat», esan du zorrotz Indar Morea hautagaitzako buruak. «EAJk ez du inoiz nahi izan zerga erreforma bat. Beti esan du oso eroso dagoela egun dagoen fiskalitatearekin. Ez duela inolako aldaketarik beharrezko ikusten». Miren Echevestek, iritzi indibiduala dela nabarmenduz, argi du hori dela aurkeztu dutena: «EAJk hasiera hasieratik nahi zuena, ukitu txiki batzuekin». Zentzu horretan, «nahiz eta indarra galdu, EAJk alderdi hegemonikoa» izaten jarraitzen duela nabarmendu du eta Alderdi Sozialistari bota dio tiroa. «Azaldu beharko dute zer lortzen duten gero eta indar gutxiago eta babes sozial gutxiago duen alderdi bati boterea ematearen truke».
Akordiorik ez aurrekontuetan
Nahiz eta hitzetan alderdiek «jarrera eraikitzailea« adierazi, Miren Echevestek uste du ekintzetan EAJ eta Alderdi Sozialistak «ez dutela akordioetara iristeko benetako borondaterik adierazi». Hori omen da ostegun goiz honetan Gobernuaren eta EH Bilduren arteko negoziazioetan akordiorik ez lortzearen arrazoia. Zuzenketa partzialak bozkatuko diren honetan «osasun sistema indartzen duten zenbait zuzenketa» daudela azpimarratu eta, osasun sistema publiko baten defentsan, horien alde bozkatzearen aldeko deia egin du, «egin daitekeen gauzarik onena» baita.