Zuzenean

Bigarren Kafea

«Eduki sortzaile gisa egin nahi genuen lan, kontsumitzaile hutsak izatetik haratago»

Urteak daramatza Iñigo Balerdi Urrestarazu informatikariak software libreak eskaintzen dituen lanabesak baliatuz aktibismo digitalean. Duela ia 20 urte Alegian sortu zuten blog komunitate batetik abiatu eta herriko etxeen izenak biltzeko egin duen ikerketarainoko bideaz aritu da Bigarren Kafean.

Audio_placeholder

«Eduki sortzaile gisa egin nahi genuen lan, kontsumitzaile hutsak izatetik haratago»

Loading player...

2006an Euskal Herrian blogen inguruan mugimendua sortzen hasi zen. «Herrian sortu genuen blogen inguruko mugimendu bat. Gai ezberdinei buruzkoak ziren eta irrati bat ere sortu genuen. Podcastak egiten hasi ginen garai hartan».

Bide horretatik, Alegiari buruz sarean zegoen edukia beraiek sortzeko helburua jarri zuten. «Nor hoberik gure herriaz guk geuk informazioa ematea baino?». Beti ere oinarri modura software librea erabili izan dute, edukia edonoren eskura jarriz eta norbaitek osatu nahiko balu ere, horretarako bideak zabalik utziz.

Herriko iturriak mapeatzen hastea izan zen Iñigo Balerdiren lehen bilketa lana. «Herrigunean zein bertatik kanpo zeuden iturriak mapeatzen hasi nintzen Open Street Maps aplikazioa erabiliz». Hortik abiatuta, herriko etxeen izenak biltzen eta mapeatzen hastea izan zen hurrengoa. «Batetik eta bestetik lortutako datuak osatzen joan naiz informazio iturri ezberdinak erabiliz. Horien artean berezienetakoa, herriko adinekoen memoria tailerrean egindako saioa izan zen. Informazio asko lortu nuen eta parte hartzaileetako batzuk etxeko eskriturak eta guzti hartuta joan ziren».

Urteetako lana baina aldi berean esperientzia polita izan dela aitortu du. «Ez nuen aurkezpenik egiteko asmorik baina jendeak kalean erakusten zidan interesarekin, saio bat egitea pentsatu nuen. 60 bat lagun elkartu ziren eta han bertan ere, herriko etxeen inguruko datu berriak atera ziren».

Jaurlaritza Logoa