Zuzenean

Sara Iriarte
NAIZ Irratia. Haria 1
Elkarrizketa
Ione Zuloaga
Aranzadi

«Dakiguna da beraien senideei ez zietela galdetu Polloeko Martirien Mausoleoan sartu edo ez»

Gutxienez 17 gudari eta miliziano zeuden Polloeko hilerrian frankistak goratzeko mausoleoan; 2022an jakin zen hori Aranzadi Zientzia elkarteak egindako ikerketa bati esker. Ikerketan sakondu eta 20ra luzatu da milizianoen zerrenda. Osatutako txostena eskuartean etorri da Ione Zuloaga.
 

Audio_placeholder

«Dakiguna da beraien senideei ez zietela galdetu Polloeko Martirien Mausoleoan sartu edo ez»

Loading player...
Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria.
Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria. (Naiz Irratia)

Nola konturatu zinenen matxinatuei gorazarre egiteko Polloe hilerriko mausoleoan milizianoak ere bazaudela?

2022ko otsailean Donostiako udalak deitu zigun  galdezka ea ikerketa proiektu bat ireki zitekeen Polloe hilerriko mausoleoaren inguruan. Jakin nahi zuten ea bertan milizianorik ba ote zegon.  Hasieran Donostiako artxiboan egin zen ikerketa, eta 2022ko maiatzean eman genuen jakitera mausoleoan 17 miliziano ere bazeudela, eta zalantzazko beste 16 kasu ere genituen. Azken hori argitzeko ikerketa sakonago bat abiatu genuen eta hainbat artxibo kontsultatu genituen, Hego Euskal Herriko artxiboak eta Espainiar Estatuko artxiboak ere: Archivo General de la Administración eta Centro Documental de la Memoria.

Baina, gakoa izan dena da Donostiako artxibategian topatu den informazioa, ezta?

Hor bi dokumentu  sorta aipatu nahi ditut. Aurkitutako dokumentu horietan agertzen dena da, hain zuzen, 1958an Espainiako Gobernazio  Ministeriotik iristen dela agindu bat hemengo Gobernazio zibilera Donostiako udalari eskaria eginez. Eskatzen zen zerrenda bat egitea Erorien Haranera eraman zitezkeen senide frankisten izenekin. Udalak 121 izeneko zerrenda bat osatu zuen. Banan-banan kontsultatu dugu zerrenda artxibo ezberdinetan,  jakin nahi genuen frankistak ziren edo ez. Eta horrela topatu genuen horietako hamazazpi ez zirela frankistak. Zerrenda Ramon Aldanondok egin zuen, Polloe hilerriko atezain zen garai hartan. Idazkien arabera, gerra testuinguruan, 350 pertsona inguru hilobiratu zituen. Berak jakin bazekien nor zegoen hilobiratua Polloen, eta jakin bazekien ere hilerrian hilobiratu ziren gorpu batzuk identifika ezinak zirela. Beraz, hortik hasten da lehen arazoa.

Izan da hau akaso Erorien Haran txiki bat gurean. Jakin da zergatik sartu ziren gorpuzkiak bertan?

Arrazoia nik ez nizuke ematen jakingo, dokumentazioan ez delako agertzen eta bildu ditugun iturrietan ere inork ez digu esan. Metodologia zientifikoaren jarraiki ezin dizut esan. Dakiguna da beraien senideei ez zietela galdetu martirien mausoleoan sartu edo ez. Senideetako batzuekin ere harremanetan jarri gara eta horietako askok oraindik ez zekiten euren senideak non zeuden. Aldiz frankisten kasuan ikusten duguna da senideek baimena eman zutela kasu gehienetan.

Erorien Haranean gorpuzkiak behar ziren. Nolatan ez zituzten Polloekoak eraman?  

Ba, aipatu bezala, Ramon Aldanondok egin zuen zerrenda, baina Adanondok argi dio gorpuzkiak ezin direla bereizi, eta ezinezkoa dela lekuz aldatzea. 1961eko urtarrilaren 5ean esan zuen hori Aldanondok, eta urrian, Donostiako alkateak erabakitzen du bereizi ezin direnak ezin direla lekualdatu, ezta banakako panteoietara ere. 2022an Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologia departamentuko Lourdes Errasti eta bere kideak mausoleora sartu ziren ikusteko ea gorpuzkiak identifikatu zitezkeen edo ez, eta argi ikusi zuten ezetz. Erabat nahasita zeuden bata bestearekin.  

Eta hori guztia biltzen da ekarri duzun txosten horretan?

Bai. nolabait esateko, hasierako 17 milizianoren ikerketa fasearekin hasten da, baina ikerketak aurrera egiten du zalantzazko beste hamasei kasu argitzeko. Artxibo ezberdinak bisitatuz jakin dugu horietako hiru milizianoak direla. Beraz, guztira, gutxienez 20 miliziano lirateke Martirien Mausoleoan daudenak. Beste lau frankistak direla ikertu ahal izan dugu. Osatu dugun txostenean ikerketa prozesua kontatzeaz gain, mausoleoa nola eraiki zen, nork eraiki zuen edota aurrekontua zenbatekoa izan zen biltzen da. Agertzen da ere nola senide ezberdinek eman zuten bertan sartzeko baimena, edo ez. Batzuk gurekin harremanetan jarri dira, eta familiak jasan zuen errepresioaren berri ere izan dugu. Niri polita eta kuriosoa egin zait, belaunaldiz-belaunaldi transmisioa nola eman den, ondare bat ere jaso dugu txosten honetan. Adibidez, senideetako batek ekarri zigun kristalezko botila bat barruan itsasontzi bat zuena, eta itsasontziak bandera errepublikanoa zuen. Frantzisko Irazabalek egin zuen eta Miguel Trujillo haren senideak ekarri zuen Aranzadira. Bestetik, Eusebio Serranok egindako zigarroak gordetzeko kutxatxo bat ekarri zigun  Pedro Lakuntza senideak, zurgina omen zen Eusebio.

Zein afiliazio politikokoak ziren?

Gehien bat CNT, UGT eta Euskadiko Alderdi Komunistako militanteak dira aurkitu ditugun gehienak. Estatu Kolpearen ostean, Donostian, miliziano anarkista eta komunistak atera ziren kalera Loiolako kuarteletik zetozen militarrei, eta beste indar ultra eskuindarrei aurre egiteko.

Eta mausoleoan hobiratzeko nolabaiteko logikarik bazegoen?

Ez dakit dagoen logikarik. Guztiak dira gerra garaiko lehen egunetan hildako milizianoak. Uztailaren 21-22an hil ziren 10 miliziano. Hasiera batean horiek Andremari 94-104 kalean lurperatu zituzten, eta Martirien Mausoleora mugitu zituzten gero, 1940ko ekainak 24-25 egunen artean.

Topatutako milizianoen inguruan informazioa bildu duzue.

Bai. Horietako bat da Frantzisko Irazabal Sanz de Buruaga. Gasteizen sortua Donostian bizi zen. Lehen aipatu moduan bere senideak ekarri zigun berak egindako kristalezko botila. Pisbe bakailao enpresan egiten zuen lan eta estatu kolpeak Donostian harrapatu zuen. UGT batailoian borrokatu zuen eta uztailaren 22an hil zen, erregistro zibilak esaten du suzko armek eragindako zauriengatik hil zela. Handik lau egunera hilobiratu egin zuten, uztailaren 26an, eta gero badakigu lekuz aldatu zutela 1940ko ekainaren 25ean martirien mausoleora. Bere familiari esker jakin dugu haren amak Donostia utzi behar izan zuela bere bi alabekin. Bilbora iritsi ziren eta bi alabek erbestera egin zuen ihesi, Frantziara. Handik itzuli zirenean haien Egiako etxea errekisatuta zuen frankistek, eta Loiola auzora joan behar izan zuten. Familia hauekin ikusi duguna hori da, azkenean ez zirela bakarrik milizianoak errepresaliatuak izan, familiak ere jasan zituztela errepresaliak eta hori esatea garrantzitsua da. Askotan, ikerketa bat egiterako orduan zailena dokumentazioa topatzea da, eta askotan ahozko iturrien bidez jasotzen dugu informazioa. Horregatik, nik uste dut oso garrantzitsua dela familiek gurekin kontaktatzea.

Horrelako ikerketak beharrezkoak dira, ezta?

Bai, behar ditugu. Askotan pentsatzen dugu aspaldi pasatu zela gerra, baina dena esanda dagoela pentsatzen dugunean 17 miliziano aurkitzen ditugu 2022an. Horrek erakusten du asko dugula ikertzeko oraindik, eta artxibo asko dagoela oraindik irekitzeko ezin ditugunak kontsultatu. Ikerlari bezala bezala eta gure esperantza da memoria demokratikoko lege berriak indarrean jartzea. Belaunaldien arteko transmisio eten bat egon da eta familia batzuetan asko sufritu da. Jendeak gertatu dena jakiteko beharra du. Ezkutatu egin zaigu historia, nahita ezkutatu da gainera. Justizia eta erreparazioa Instituzio Publikoetatik etorriko da, baina historialarien  eta ikerlarien ardura da egia jendearen esku jartzea. Lehenago egin behar zen bai, baina inoiz ez da berandu.

Jaurlaritza Logoa