Zuzenean

NAIZ irratia

Safu, Naxker eta Stoldak Abenduko 'Beste Bat' saioetara gehitu dira

Estilo aldetik anitza izango dira abenduko 'Beste Bat' saioak. Rocka, punka, musika urbanoa eta popa ez dira faltako urteko azken saioetan.  Hondarribiko Stoldak, Naxker eta Samu nafarrek eta Ihana Iriondo gasteiztarrak gidatuko dituzte 'Beste Bat' saioak.

Stoldak, Naxker, Safu eta Ihana Iriondok gidatuko dituzte abenduko 'Beste Bat' saioak
Stoldak, Naxker, Safu eta Ihana Iriondok gidatuko dituzte abenduko 'Beste Bat' saioak (NAIZ IRRATIA)

Urteko azken 'Beste Bat' saioetan parte hartuko dute Stoldak eta Naxker taldeek eta Samu zein Ihana Iriondo bakarlariek. Haien kantu eta banda kuttunak partekatuko dituzte astero NAIZ irratiko mikrofonoetan.

Naxker

Naxker taldea Atarrabian (Nafarroa) sortu zen 2022ko udan. Ordutik kontzertuak ematen eta abestiak konposatzen aritu dira. 2024an beraien lehenengo diskoa grabatu dute, 'Matxenia II', eta irailean ikusi du argia garage, pop eta punka nahasten den lehendabiziko lanak. Ahots melodiak nagusi dira haien kantuetan.

Karmele Gurbindo ahotsaz arduratzen da, Ainhoa Garciak koruekin laguntzen du eta gitarra jotzen du, Nerea Arrasatek bateria eta Jaione Baraibarrek teklatua. Boskotea Aritz Martinek osatzen du, baxua jotzen du berak. 

Abenduko larunbatetan egingo dituzte 'Beste Bat' saioak, arratsaldeko 16:00etan. Hemen duzue entzungai egindako lehendabizikoa.

Stoldak

Musika banda askoren kabi izan zen Psilocybe Musika Elkartetik sortu da Stoldak taldea. Hirukoa da: Hans Dieckmannek, Hodei Ezeizak eta Koldo Emeryk osatzen dute taldea. 2023an loratu zen taldea, Psilocyben egiten diren jam sessionei esker, hor piztu zen txinparta. Baina hirurak eskarmentua dute musika munduan eta hainbat taldetan hartu dute parte. Post rock, post punk eta gisa horretako doinuen nahasketa bezala definitzen dute beraien musika eta 9 kantuz osatuta dagoen diskoa kaleratu dute berriki.

Igandetan egingo dituzte 'Beste Bat' saioak, arratsaldeko 16:00etan. Talde hondarribiarren erreferentzia kantuak ezagutzeko aukera aparta izango da. Entzungai dago jada egin duten lehendabizikoa.

Safu

Safu konpositore, abeslari eta dantzari nafarra da. 2000. urtean jaio zen, Iruñean. Euskalduna eta kubatarra, soinu oso pertsonala dute bere abestiek. Musika urbanoaren eragin nabaria duena oro har, trap, drill eta reggaeton erritmoak barne, sustrai afrolatinoak ahaztu gabe. 2019an 'Fama A Bailar' saioan parte hartu eta C. Tangana, Aron Piper edo Rels B bezalako bideoklipetan agertu da.  Eszenatokia bere habitat naturala da plano posible guztietan, hala dio berak. Larunbat gauerdietan egingo ditu 'Beste Bat' saioa.

Ihana Iriondo

Ihana Iriondo musikari gasteiztarra egoiliarra da NAIZ irratiko 'Beste Bat' saioetan. Umetatik ibili da musikaren munduan murgilduta nola edo hala, baina lehen gitarra erosi eta berehala hasi zen bere estiloa topatzen eta abesti propioak idazten. UDDA du izena gasteiztarraren lehen diskoa eta ekoizpenean ere aritzen da: 'En las Nubes' diskoa ekoitzi eta  Gaztea maketa lehiaketan entzulearen saria irabazi zuen. Igande gauerdian egingo du Ihana Iriondok 'Beste Bat' saioa.

Jaurlaritza Logoa