Zuzenean
Milioi erdi hildako baino gehiago, milioika errefuxiatu (barne desplazatuak bereziki), desegindako estatu bat eta kanpo eragileen inbasioa. Horixe zen azaroaren amaierara arte Siriako Gerrak utzitako balantzea, baina oraindik ere 2011ko altxamendua eman zeneko estatuburu berberarekin, Bashar Al Assad, 1970eko estatu kolpearen ostean agintera heldu zen Baath alderdi panarabistako Hafez Al Assaden semea. Gerra frontea izoztua zegoen une berean, eta Assadekiko ageriko ordezkorik ez zegoela zirudienean (ezta oposizioan ere) heldu da matxino islamisten erasoaldia, eta 11 egun nahikoa izan dira gobernua erori eta Al Assadek Moskurako bidea hartzeko. «Gatazka egon bazegoen. Nahiz eta hor oreka moduko bat egon, yihadistek segitzen zuten eta badirudi azkeneko bultzada honekin lortu dutela Assad kanporatzea. Orain irekitzen den agertokia nik uste dut nahiko kezkagarria dela», azaldu du Martxelo Diaz Naiz eta Garako kazetariak.
Azkarragoa izan bada ere, ezin utzi lotzeari Sirian emandako egoera hau 2021ean Afganistanen gertatu zenarekin. Eta zentzuzkoa da ere, matxinoek erakutsitako ustezko moderazioa gora behera, egoerak izan dezakeen bilakaerarekin mesfidati agertzea. Diazek gogora ekarri duenez, «talibanak ere moderatu gisa aurkeztu ziren eta gero ikusi da zer nolako politika garatu duten», izan ere «Al Golani (Hayat Tahrir Al Sham talde armatuko burua) Al Qaedako kide izandakoa da». Al Golanik zuzentzen duen taldea, gutxiengoekiko sarraskiak burutu zituen Al Nusra Fronteko buruzagi izan zen, banatu arte.
Hemendik aurrera, datozen egun eta asteetan erantzun beharko diren galdera asko gelditu dira mahai gainean. Kontrolatu ahalko ditu Turkiak Damasko hartu duten yihadistak? Turkiak ere babesten duen Siriako Armada Nazionalak ipar-ekialdeko kurduen aurkako erasoaldian sakonduko du? zergatik saldu dute hain azkar Errusiak eta Iranek bere aliatua? AEBk zergatik baimendu du ofentsiba? eta batez ere, zenbat indartuko du honek Israel? Susmoa baitu Martxelo Diazek, Sirian gertatukoak, dirudiena baino lotura gehiago duela aste batzuk Estatu Sionistak Hezbollahrekin Libanon adostutako su etenarekin; «beharbada kasualitatea da, baina Ekialde Hurbilean gertatzen diren gauzak beti bata bestearekin lotuta daudela, nik uste dut nabarmentzekoa dela».