Zuzenean
Bere umorea gustatu izan zaigunok irrikaz eta intriga puntu batekin jaso dugu Mikel Pagadizabalen 'Bisita' (Elkar, 2024) liburua. Umoretik izango zuela espero genuen. Espero ez genuena agian ondokoa zen: kontakizuna Anoeta herriko baserri baten alboko soroan lur hartu duen Objektu Hegalari Ezezagun baten bueltan ontzea. Hori ardatz modura hartuta munduko bazter askotakoak jarri ditu euskaldunoi begira Pagadik bere lehen liburuan. NASAkoak ere bai.
Euskaldunoi buruz ere ari da, bai modu esplizituan eta baita lerro artean irakurrita somatzen diren umore ukituekin ere. «Aitzakia zen ovni edo objektu hegalari ezezagun bat jarri, eta Euskal Herriari buruzko hausnarketa bat egitea» esan digu idazleak.
Ukitu horiek algara bat baino gehiago aterako diote ondo bidean irakurleari. «Nik oso ondo pasa dut idazten, espero dut irakurleak ere ondo pasatzea» kontatu digu. 14 hilabeteko prozesuaren ondoren, irakurleekin hitz egiteko aukera edukiko du idazleak Durangoko Azokan.
Barre algaraka, elkarrizketa egin diogu Bigarren Kafean.