Zuzenean
Izaro eta Neomak izan ditu bidelagun diskoan eta horrek zalantzak sortu zizkiola esan digu. «Ez zen erabaki erraza izan. Asko kostatzen zait nire abestiak besteen ahotsean entzutea. Izaroren kasuan, ez da erregistro errazeko kantua. Abestia bukatuta zegoela erakutsi nion Izarori. Bere diskoan koro batzuk sartu nituen eta bera nirean egotea zirkulua ixteko modu zoragarria iruditu zitzaidan».
Bizitzen ari den boladaren inguruan hausnarketa egiteko tartea ere izan du Pinatxok. «Kolpean etorri zaizkigun bi urte izan dira. Ez jotzetik 100 kontzertu egitera pasa gara eta kolpe moduko bat izan da. Diskoa non aurkeztu pentsatzen nuenean, Victoria Eugeniaren aukera bisualizatzen nuen. Izaten ari garen harrerarekin oso eskertuta gaude. Pribilegiatu bat sentitzen naiz».
Talde bezala hazi ere egin dira eta lan berrian hori ere islatu da.«Talde bezala kontrastea bilatzea gustatzen zaigu. Gitarrarekin kantu soil bat egin genezake edo sintez jositako beste bat. Denon funtzioak zentzu dexente izateko espazio bat topatu dugu».
Lehen kolpean diskoa izaten ari den harrerarekin pozik daudela aitortu du. «Diskoa bukatu genuenean gustura geratu nintzen. Baina jendeak espero zuenaren inguruan izan nuen urduritasuna. Harrera oso ona izan du eta beldur eta zalantza guztiak uxatu dira. Norbere buruarekin bakean geratzea gauza ederra da».