Zuzenean
«Macronek eskuin muturraren babesa bilatzen jarraitzen badu, emaitza berdina izango da»
Michel Barnier kanporatu ostean, Peio Dufau diputatuak «beste indarrekin gaiez gai eraikitzeko prest den» ezkerreko lehen ministroa aldarrikatu du NAIZ Irratian. EH BAIko hautetsiarentzat Barnier «etorkizuna eskuin muturraren eskuetan uztea» izan da.
«Macronek eskuin muturraren babesa bilatzen jarraitzen badu, emaitza berdina izango da»
Euskal Herrira bueltan zen Peio Dufau EH Baiko diputatua ostegun goizalde honetan, gaueko trenean Parisetik itzuli ostean, eta Donibane Lohitzunetik zuzenean baloratu du Naiz Irratian Michel Barnier kargugabetzeko atzoko saioa. Ezer baino lehenago, mozio zentsuragatik ez dagoela «zoriontzeko» motiburik argitu du, uztaileko hauteskundeen osteko bilakaera tamalgarria delako. Berbideratzeko unea dela nabarmendu du.
Le gouvernement Barnier est tombé.
— Peio DUFAU (@PeioDUFAU) December 4, 2024
Le budget austéritaire de la sécurité sociale, imposé par 49-3, aurait accéléré la détérioration des services publics. Le choix d'un dialogue exclusif avec le RN est la cause de cet échec.
C’est donc en conscience que j’ai voté la motion de… pic.twitter.com/Wj7pC1MTUm
Barnierrek lehen ministro gisa hiru hilabeteotan egindakoa kritikatu du diputatu abertzaleak.«Elkarlana baztertua izan da eta Macronek izendatu zuenetik gaizki abiatu zen. Eskuin muturraren babesarekin izendatu zuen eta bere eskuetan utzi du bere etorkizuna».
Hasieratik horretaz ohartarazi zutela ekarri du gogora eta «ez ginen tronpatu». Elkarrizketa alboratua izatearen ondorioz, ezkerretik bideratutako proposamenak guztiz errefusatu ditu Barnierrek, eta gauzak honela «guk ezin genuen aurrekontu horren alde bozkatu». Astelehenean dekretu bidez aurrera ateratzeko erabakia hartu zuen agintariak eta horrekin bere gobernuaren amaiera ekarri du.
Ikusteko dago nola jokatuko duen orain Macronek. «Gure helburua eraikitzea da, proposamenak egitea –ziurtatu du Dufauk–. Ezkerra baztertu zuen Macronek eta guk berriz ere aipatuko dugu ezkerra lehen indarra dela. Ezkerreko lehen ministro bat gaiez gai eraikitzeko unea da, ez dago beste aukerarik», ziurtatu du. Adi egongo dira Dufau eta ezkerreko gainerako diputatuak ostegun honetan 20.00etan, Errepublikako presidenteak telebista bidezko hitzaldia egingo duelako.
Barnierren aldeko porrota ikusita, Macronek berak dimisioa emateko eskaerak biderkatu dira, baina diputatu abertzalearen ustez «ez dago horretarako interesik» eta gainera «hori ez da berez arazoa». «Asanblada Nazionaletik nola lortzen dugun jendearen bizitza hobetzea da kontua: Laborariena, euskararena...» Azken honi buruz, Emmanuel Macronen «azken hitzekin biziki kezkatuak gara», aitortu du. Tokiko hizkuntzak «nazioa zatitzeko tresnatzat» hartu berri ditu Eliseokoak.
Dituen aurreikuspenez galdetuta, Macronek zein bide hartuko duen ez dakiela onartu du Peio Dufauk. Izen batzuk entzun dituzte Paris aldean baina ezer argirik ez. Edozen kasutan garbi du «bide beretik egiten badu, emaitza berdina izango dela, argiki».
Irakurketa horretan sakonduz, «ezkerra baturik lehen postuan atera zen [uztailean] eta ez du logikoarik egindakoak. Jendearengandik urrundu da eta bere buruak erabakitzen du bakarrik, jendeari kasu egin gabe», ondorioztatu du Macronen jokabideari buruz.
«Gure erronkak goraipatzen dira Parisen»
«Krisi egoera honetatik atera nahi badu, ezkerra kontuan hartu beharko da, bai edo bai. Hainbat proiektu ditugu aipatzeko, programan direnak». Gako nagusia den aurrekontuaren aferari helduz, Estatuaren diru zorra nabarmen handitu dela ez du ukatu Dufauk, baina beren proposamenak egingarriak ikusten ditu «beraien parametroetan».
Aurrekontu hauek eztabaidatu diren batzordeetan parte hartu du diputatu abertzaleak, Michel Barnierrek astelehean bidea errotik moztu aurretik. Eta oro har baikor da egindako lanarekin eta EH Baik Parisen erein duenarekin:
«Eragiteko bide bat topatu dugu eta horrekin biziki pozik naiz. Gure erronkak goraipatzen dira Parisen. Hemen bezala ari gara, kontsentsoak bilatzen. Nire egiteko moldea berdina da Parisen. Gure proposamenak ez dira alderdi bati lotuak. Harreman biziki onak ditut gainerako kideekin», aipatu du.