Zuzenean
Euskal Herrian Euskaraz kolektiboak euskararen borroka «zuzentasun politikoaren barruan» kokatu dela deritzo. «Zapalketa sistematiko honek erantzuna behar du, eta desobedientzia hori ikustarazteko bide egokia da», nabarmendu du Sugoi Etxarrik. Honi aurre eginez, Euskararen Nazioarteko Egunean Baionako epaitegietako atariaren teilatuan hainbat orduz egon ziren kolektiboko bi kide. Sei orduko atxiloketaren ostean, apirilak 11n izango dute epaiketa.
EHE kolektiboarentzat azken urteetako euskalduntzearen olatuak «emanak» dauzka fruituak. «Atzerakada arriskuan gaudela dioten adierazle ezberdinak ikusten dira», azaldu dute. Gelditze faseaz mintzo dira, eta «larrialdiaren sozializazioa» xede dute, euskaldun eta euskaltzaleen aktibazioa sustatzeko, «beste astindu bat eman, eta hurrengo euskalduntze olatua altxatzeko».
Gizartean larrialdi egoera «geroz eta nabariagoa» dela aipatu dute. Testuinguru horretan kokatu dute EHEren jarduna, herritarren kontzientziaren astintze lanetan.
Abenduak 7an mobilizazio nazionala deitu dute Durangon. Euskararen Errepublika aldarrikatuko dute, independentziak aseko duelako euskalduntze prozesua. «Bi estaturen baitan ez da Euskal Herrian euskaraz bizitzeko egoerarik egongo. Estatu propioa behar dugu horrek eman ditzakeen tresnak behar ditugulako, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eta hizkuntza hegemoniko bihurtzeko», azaldu du Intza Gurrutxagak.