Zuzenean
Azokan gozatzeko eta beste musikariekin uneak elkarbanatzeko aukera ere izaten dute. «Gure standa ez da beste batzuk bezain beteta egoten. Tarte lasaietan beste musikariekin egon eta ondo pasatzeko aukera ere izaten dugu. Polita izaten da musikarien arteko giroa».
Bederatzi kantu bildu dituzte zestoarrek lan berrian. «Zahartzen ari den umea bizirik mantentzen saiatzen gara eta lan berri bakoitza ilusioz egiten. Gure jarraitzaileei gustatuko zaien disko bat dela uste dut. Gure bi alorrak uztartzen saiatu gara. Melodiak eta sintetizadoreak daude eta baita kantu zikinagoak ere».
Taldearen puntu indartsua zuzenekoak direla esan digu Gaztañagak. «Abesti berrietan zuzeneko indar hori islatzen saiatu gara». Abestien aniztasuna azpimarratu du. «Abesti argiak eta ilunak daude baina ilunetan ere saiatu gara argi ukituak sartzen». Ahotsetan ere lanketa berezia egin dute Juanjo Berasain abeslariari lanik gehien eskatu dion diskoa izan dela aitortu digu.
Zuzenekoak emateari utzi gabe prestatu dute disko hau eta horrek ere modu batera edo bestera sortze prozesua baldintzatzen duela esan du Gaztañagak. «Gauzak horrela egitera ohituta gaude eta ondo funtzionatzen digun bitartean, horrela jarraituko dugu».
Larunbatean Ahotsenean ariko dira lan berria aurkezten eta ondoren, aurreko bira ixteko Valladoliden emango duten azken kontzertuaren ostean, etenaldi bat egingo dute disko berriaren aurkezpen biran murgildu aurretik.
Entzun Eñaut Gaztañagarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.