Zuzenean
Gurea Geroa egitasmoak gauzaturiko inkestan parte-hartu duten 3700 gazteetatik, ia erdiak ez dela zoriontsu edota zoriontasun gutxi duela onartu du.
Norbanakoaren egoera ekonomiko, bizi erritmo eta kezka pertsonalek zuzeneko eragina dute gazteen osasun fisiko eta mentalean. Gurea Geroa egitasmoko sustatzaile den Xabi Muruaren arabera «emantzipazio falta, diru sarrera gutxi edo sentimenduak kudeatzen ez jakitearekin lotuta egon daitezke pentsamendu suizidak».
Euskal gazteen ahotsa instituzio eta administrazioetan txertatzeko zubi lanak egitea du helburu Gurea Geroa plataformak. Erakundeekin prozesu parte-hartzaile bat egiten dute proiektu eta aukera berriak proposatuz. «Osasun mentalaren heziketan indartu eta inbertitu behar da, behar den unean tresnak eskuragarri izateko» nabarmendu du Muruak.
Ikerketan bakardadea, indibidualismoa edota atseden-eza bezalako gaiak jorratu dira, egun gazteek dituzten bizi ohiturak eta pentsamendu horiek gauzatzera bultzatzeko arrazoiak aurkitzeko asmoarekin.
Legealdi berrian, Gurea Geroa egitasmoak instituzioekin zerbitzu psikologikoaren hobekuntza eta eskuragarritasun unibertsalari buruz negoziatzea beharrezkoa da Muruaren iritziz. «Psikologoak guztientzat, psikologo publiko gehiago eta psikologoak dohain behar ditugu, osasun mentalaren artatze unibertsala eskatzen dugu».