Zuzenean

NAIZ Irratia

«Alokairua oihan bihurtu da»

Tentsio eremuen kudeaketa aurrerantz doa, baina eskaera luzatu duten hainbat herrik kexa adierazi dute foru aldundiek ez dituztelako prezio indizeak zehaztu. Gaia jorratzeko, NAIZ Irratian izan da Denis Itxaso, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua.

Denis Itxaso, Lakuako Gobernuko Etxebizitza sailburua
Denis Itxaso, Lakuako Gobernuko Etxebizitza sailburua (NAIZ Irratia)

Denis Itxasok NAIZ Irratian adierazi duenez, garrantzitsua litzateke alokairuko erreferentziazko prezio indizea lehenbailehen argitaratuta egotea, egoera horretan dauden pertsonei abiapuntu bat emango liekeelako. Dioenez, lanean dihardute Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ogasunek eta baita Espainiako Estatuko Etxebizitza Ministerioak ere. Hain zuzen ere, azken erakunde honi bidali behar zaizkio datuak eta bidalketa hori, esan du, «ez omen da teknologikoki oso erraza».

Tentsio eremuen izendapenek planak ekarriko dituzte, baina alokairuan bizi diren pertsonek egunerokotasunean bizi dute larritasuna. Epe horiek burutzen diren bitartean eta balore katea martxan jartzen duten bitartean, behintzat alokairuan dauden pertsonak babestuta egotearen aldekoa da Itxaso. Egoera, ordea, kritikoa da.

«Alokairua oihan bihurtu da», azaldu du, «eta garrantzitsua da legeak baimentzen dizkigun mugak baliatzea. Horregatik beti nabarmentzen ditut bi lan ildo horiek; udalerriek baldintzak betetzen dituzten heinean tentsiogune izendapena eskatzea eta denbora hori etxebizitza berriak egiteko baliatzea».

Etxebizitzaren Legea ezarrita dago EAErako, eta horren erabileraren balantzea egin du sailburuak. 2025ean sartuko da indarrean sakonago. Une honetan Errenteria bakarrik izendatu dute tentsio handiko eremu, baina badira eskariak bideratu dituzten hainbat hiri, herri eta auzo, Bizkaian eta Gipuzkoan batik bat.

Horrek hainbat efektu juridiko izango dituela azaldu du. Momentuz, dio, halako kasuetan «udalerriak onartu egiten du behintzat arazoa duela, eta arazo horren aurrean politika berriei ekiteko asmoa duela eta horretarako prest dagoela».

Zentzu horretan, zehaztu du Eusko Jaurlaritzan zein Gobernu Kontseiluan ez dutela arazorik legeak eskaintzen dizkien baliabide guztiak erabiltzeko, eta horretan dabiltzala. Auzitegi Konstituzionalak esaten duena errespetatu eta, hortik aurrera, legeak aurreikusten dituen tentsio guneak euren programa islatu eta mahaigainean dagoen erreforma fiskala diseinatzeko erabiliko dituzte, esan duenez.

Alokairu turistikoak etxebizitzaren eskuragarritasunaren gain duen eraginaz galdetuta, azaldu du udal eskumen bat dela eta honezkero udalerri askok erakutsi dutela badagoela «helduleku legal nahikoa» pisu turistikoei muga jartzeko. Etxebizitzaren hasierako filosofia eta zentzu soziala berreskuratu beharra dagoela gaineratu du, horren baitan gertatzen diren ekimen eta jarduera ekonomikoei arreta jarriz eta mugak ezarriz.

Udalerri ugari arduratuta daude gai honen inguruan, eta neurriak hartzen hasiak dira. Badira mugak jartzeko ordenantza fiskalak onartzen dituztenak, baita arazoari eremu urbanistikotik heltzen diotenak ere. Modu batera edo bestera, «askok hartu diote neurria arazo honi».

Lurzoruaren areagotzea

Etxebizitza berrien eraikuntzari buruz, elkarrizketatuak hauteskunde kanpainan esan izan zuen beldurra galdu behar zitzaiola bertikalki eraikitzeari. Baina etxebizitza larrialdia aintzat hartuta eta euskal gizartearen joera demografikoa ikusita, zalantza sortzen da zentzurik ote duen aktualitatean eraikuntzaren sustapenak.

Horri dagokionez, bilakaera demografikoa izan dela eta eredu produktiboa bera ere zaharberritu beharko litzatekeela azaldu du. Hori dela eta, azpimarra egin du «lurzoru gehiago izateko beharrean» eta bitarteko gisa kapital pribatuak martxan jartzearen aldeko agertu da.

Etxegabetzeak hizpide

Pertsona zaurgarrien etxegabetzea izan da aipatutako beste gaietako bat. Izan ere, berez debekatua zegoen 2025a bitarte, baina EAEn etxegabetu izan da pertsonarik azken urtean. Horri azalpena emateko, parke publikoari buruz hitz egin dezakeela esan du sailburuak. Babespeko alokairuen arduraduna Etxebide da uneotan: «17.000 pisu inguru ditugu, eta horien inguruan arazo sozialak izaten dira. Guretzako garrantzitsua da, etxebizitza duina bermatzeaz gain, bizikidetza ona ere bermatzea».

Ildo beretik esan du parkearen %0,5 besterik ez dutela suposatzen oraingoz etxegabetze horiek: «normalean ez dugu inor kaleratzen ordaintzerik ez badu; aukera izanda ere ordaintzen ez duten pertsoanak izan ohi dira. Balantzan jarri behar dugu eskubide hori eman diogula baina pertsona hori ez dagoela bere hileko errenta ordaintzen, eta zerrendetan badagoela jendea oraindik eskubide hori gauzatu ezin izan duena».

Zaila ikusten du Denis Itxasok etxebizitza eskubideari izaera unibertsala ematea. EAEn 2015eko legearen poderioz etxebizitza eskubide subjektiboa onartuta dago, eta horrek esan nahi du sarrera konkretu batetik behera jasotzen dutenei diru laguntza ematen zaiela,«baina horretarako jendearen neurtuta egon behar dute, eta lehentasunaren arabera sailkatuta».

Jaurlaritza Logoa