Zuzenean
Aste honetan bertan segida izan du kontaktu errondak aurrekontuen inguruan. Nola, nola doaz negoziaketak, nola joan dira bilkurak.
Egia esan nahiko larri ikusten dugu. Kontua da astelehenean (hilak 11), lehenengo bilera izan genuela Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailarekin eta hor lehenengo aurreikuspen bat partekatu genuen, pixka bat euren ideiak nondik norakoak ziren eta gureak ere bai. Bilera horretan argi eta garbi esan genien zeintzuk ziren gure lerro nagusiak inbertsioari edo gastuari dagokionez, baina baita ere diru sarrerei dagokienez. Gure ustetan aurrekontu batek bi atal ditu, gastuak eta diru sarrerak eta ezinezkoa da gastuei buruz hitz egitea, diru sarrerak, diru sarrerei buruz eta diru sarrera horiek nola kudeatzen diren buruz hitz egin gabe, eta zentzu horretan, erreforma fiskal bat martxan jartzeko eta negoziatzeko momentua zela plazaratu genien. Planteamenduak nolabait gorpuzteko eskatu ziguten eta nolabait gure eskaerei eta gure proposamenei ere kopuruak jartzea. Guk komunikabideek plazaratu duten dokumentua bidali genien gure oinarrizko marrazki edo eskema handi bateki, 750 milioi horien nondik norakoekin.
Egia da azken bileran Eusko Jaurlaritzaren aldetik erantzun zehatzik ez dugula jaso. Euren gobernu programan agertzen diren hainbat proposamen mahai gainean jarri dituzte, baina zenbaki zehatzik gabe. Hortaz, ez dakigu Jaurlaritzak benetan negoziatzeko borondatea daukan ala gure proposamenak ikusita ez duten negoziatzen jarraitu nahi.
Egia da ere aurreko bilera horretan guretzako oso esanguratsua den kontu bat gertatu zela; Osakidetzako eta osasun sistemaren inguruan ez hitz egiteko edo proposamenik ez zituztela onartuko esan zigutela, beste mahai batean, negoziatzen ari delako.
Aipatzen zenuen azken momentuan edo azken bilkuran emandako dokumentu hori. Proposamen horretan zer jasotzen da?
Ezer zehazki, euren gobernu programatik ateratako puntuak ziren, baina ez daude inolako kopururik zehaztuta. Gero bazegoen datorren urteko aurrekontuak lantzeko ere konpromiso bat bilerak egiteko, baina guretzako hori guztiz sinbolikoa da.
Jon Hernandez Sumarreko parlamentariak ere nabarmendu du eraldaketak zazpi arlotan gauzatu behar direla. Zeintzuk dira hauek?
Alde batetik diru sarreretan; erreforma fiskal bat burutu behar dela uste dugu. Aurrekontu bat ez da bakarrik zenbaki orri bat, aurrekontu bat urtean aurrera emango diren politika publikoen nondik norakoak ezartzen dituen dokumentu sendoa izan behar da eta gure ustetan justizia soziala eta aberastasunaren birbanaketarako tresna bat ere izan behar da eta hortaz, politika fiskala oinarrizko-oinarrizko elementua da.
Guk bere garaian proposamen jarri genituen esparru horretan mahai gainean. 2017an 1750 milioi euro biltzeko gaitasuna zuela planteatu genuen eta hainbat elementu oraindik bizirik daude, oraindik martxan jarri daitezke eta bueno gure ustetan gaur egun 2100 milioi euro gehiago jasotzeko aukera dago eta hortaz, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan 1470 milioi euro gehiago biltzeko hainbat politika publiko martxan jartzeko.
Guk zazpi oinarrizko elementu plazaratu ditugu bestelako aurrekontu batzuk martxan jartzeko. Etxebizitza, trantsizio energetiko eta krisi klimatikoa, hezkuntza publikoaren indartzea, Osakidetza berreskuratzeko hainbat proposamen, garraio publikoa eta lurraldea ardazteko politika publikoak ere, batez ere landa eremuetan. Justizia sozialaren aldeko apustua ere egiten dugu, 80 milioi euroko partida ezberdinak planteatuz. Batez ere enplegua bermatu, oinarrizko errenta unibertsal bat martxan jartzeko proiektu pilotuarekin edota gaur egun daukagun babes publikoko sistema errekurtso gehiago. Azkenik, zaintza erdigunean jarri beharreko elementuak dela uste dugu, bestelako eredu bat martxan jartzeko eta batez ere, gure auzokideen beharrizanei erantzun ahal izateko.
Noel D´Anjou sailburuak nabarmendu du gehiengo osoa badutela, baina gainontzeko alderdien proposamenak ere bere egiteko aukera ikusten dutela. Dei hau nola hartzen duzue? serioa dela uste duzue edota itxurakeria izan daiteke?
Nik uste dut gauzak ekinez irudikatzen direla. Paperek eta adierazpenek den dena eusten dute egiten dute, baina gauzak gorpuztu egiten direnean ikusten da benetan norbanakoen borondatea. Kasu honetan eurek eskatuta, proposamen eta zuzenketa zehatzekin joan ginen azken bilerara eta bueltan ez dugu ez zenbaki zehatzik ezta proposamen zehatzik jaso ere.
Aurrekontuekin guztiz lotua ere bada EAEko erreforma fiskala. Sumarren arabera nolakoa izan behar du erreforma honek?
Erreformak askoz ere progresiboa izan behar du erreforma horrek pertsonak izan behar ditu erdigunean eta ez bakarrik gutxiengo baten interes propioak. Eta erreforma horrek martxan jarri nahi ditugun politika publiko guztiak taxuz finantzatzeko adinekoa izan behar da. Politika birbanatzailea eta justizia sozialera begiratuko politika bat martxan jartzea nahitaezkoa da. Hala ere, negoziatzeko prest gaude, baina egia da ez dugula zentzu horretan inolako keinurik izan.
Aipatuko dugu ere zaintza eta osasungintza etorkizuneko erronketako bi izango direla. Zentzu horretan, herri itunak nahi dituztela diozue. Alor horretan zer da aldarrikatzen duzuena eta zeintzuk marra gorriak?
Guk argi daukagu Osakidetza berreskuratzeko bitarteko ekonomikoak behar direla, alde batetik, eta beste aldetik, sistemaren birformulazioa sakona. Ikusi dugu esaterako anbulantzietan, baina baita ere adibidez abortatzeko eskubidea bermatzerako momentuan, kasuen %95 klinika pribatuetan egiten da eta hor osasungintza publikoak badu zeresanik.
Gure ustetan lehen arreta indartu behar da horrek bermatzen duelako pertsonen arreta hurbilago bat, jarraipena eta baita ere gaur egun sistema honetan egiten ez den lan prebentiboa. Osasungintzan lan prebentiboa oso-oso inportantea, eta horretarako profesionalek denbora behar dute, kalitatezko denbora. Hortaz, profesionalen lana duindu behar da.
Eta bukatzeko ere jakin nahiko genuke nolako balantzea egiten duzu orain arteko etxebizitza politikez.
Orain arteko etxebizitza politikak izan dira ba arazoaren ukazioaren politikak. Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiak bai estatu mailan baita Euskadi mailan ere eskubide horrekin jolasten ibili izan dira. Gaur egun bai euskal legeak, baita estatukoak ere, biek hainbat erreminta jarri dituzte mahai gainean etxebizitza politika sakona egiteko eta bederen oinarrizko eskubide subjektiboa den etxebizitzarako eskubidea bermatu ahal izateko. Jolas horretan ibili direla aintzat hartzen da ikusten dugunean nola hainbat ezkerreko alderdiek ere etxebizitzaren inguruko proposamen zehatzak egin dituztenean beste behin ere isiltasuna eta hitz politak baino ez ditugula jaso.