Zuzenean
Zer nolako eragina izango du klima aldaketak Donostian? Energia berriztagarrietan oinarritutako garraio publiko sarea eraginkorra izan daiteke? Nola kontserbatu espazio berdeak? Nola egin oinezkoak, benetan, erdigunean jartzeko? NAIZ Irratiko ‘Gelditu Makinak’ irratsaioaren baitan antolatutako ‘Nola irudikatu Donostia jasangarriago bat’ hitzaldiak aukera emango du komunitatearen etorkizuna kolektiboki imajinatzeko, horretarako egoeraren ikuspegi zabala eta esperientzia praktikoak konpartituko dira punta-puntako adituekin. Saioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da Donostiako NAIZ gunean (Zurriola etorbidea, 6).
Bi zati izango ditu ekitaldiak. Aitziber Sarobe biologoa eta Mirene Begiristain ekonomialaria izango dira hitza hartzen lehendabizikoak. Eli Pagola gidari, egungo egoeraren azterketa egin eta etorkizuneko erronkak hizketagai izango dituzte ikusmira zabalean.
Handitik txikira eta teoriatik praktikara egingo du salto gero solasaldiak. Horretarako jasangarritasunean ardatz diren hainbat alor landuko dira: energia, elikadura, mugikortasuna... Donostian egun martxan dauden hiru proiektu ardatz: Añargiko Energia Komunitatea Añorgan dago, eta bertako esperientzia konpartitzera etorriko da Iker Urmeneta. Artxiki Biogunea Kontsumo biologikoaren elkarteko ordezkari moduan parte hartuko du Amaia Gorosabelek eta hirukia osatuko du Ander Gortazar arkitektoak; EHUko irakaslea eta hirigintza, lurralde antolamendu eta mugikortasun aditua da.
‘Gelditu Makinak’, zuzenean
Krisi ekosoziala lantzen duen ‘Gelditu Makinak’ irratsaioaren emankizun berezia izango da osteguneko ‘Nola irudikatu Donostia jasangarriago bat’ saioa. Bertatik bertara jarraitu ahal izango da irratsaio berezia eta zuzenean entzun NAIZ Irratiko FMan eta streamingean.