Zuzenean
Egun batzuk besterik ez dira falta Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen duten pertsona ezberdinek botoa eman eta errektorea hautatzeko. 16 urte dira errektore berria aukeratzeko ez denik hauteskunderik egon, azken hiru agintaldietan hautagai bakarra egon baita. Aurten, baina, ‘Denon artean’ izenpean Joxerra Bengoetxea buru duen hautagaitza ere aurkeztu da.
Atxikimendu falta eta aginte bertikala aipatu izan ditu ‘Denon artean’ hautagaitzak. Estitxu Garaik azaldu du gaur egungo gobernantza ereduan «oso zaila» dela, gobernu organoetan egonda ere, «ekarpenak egitea eta horren parte sentitzea» eta horrek desatxikimendua eragiten duela. «Iruditzen zaigu gobernantza estilo baten ondorioa dela hau».
Hautagaitza berriak, baina, eredu horrekin apurtzeko asmo irmoa du eta azpimarratu du erakutsi dutela «beste modu batera egin daitekeela», entzute bira bat egiten, komunitatearekin egoten… «Ekarpen pila bat jazo ditugu eta uste dugu prozesua bere horretan badela horren erakusle».
Proiektuaren oinarrian «pertsonen zaintza» dagoela nabarmendu du, «kolektibo guztien zaintza». Eta horren adierazle dira aurreikusita dituzten erronkak, eraikinen berritzea, garraioa eta digitalizazio plan integral bat, esaterako. Azken honek, bi helburu nagusi izango ditu, Garairen hitzetan. Batetik, unibertsitatearen irudia modernizatzea; eta bestetik, eguneroko lan baldintzak hobetu eta prozedurak arintzeari begirakoa. «Gugan konfiantza jarriko balute egingo genukeen lehengoa izango litzateke digitalizazio plana».