Zuzenean
Sagarra maite duten horiek galdu ezin duten hitzordua izango dute igande honetan (hilak 17) Gabirian; Errezil sagar eta baserriko produktuen azokaren 22. edizioa. «Lortzen ari gara partaidetza handiagoa izatea eta gu oso gustura gaude», dio azoka antolatzeaz arduratzen den Erbie elkarteko lehendakari Xabier Arratibelek. Eta errotu ez ezik, azoka indarra hartzen ari den seinale, aurten «baserri gehiago» izan direla lehiaketan izena eman dutenak, 16 zehazki. Arratibelek dionez, «ikusten da herrian poliki-poliki ari dela sartzen» sagar honekiko festa handia.
Goizetik izango da zer ikusi, dastatu edota ospatzeko aukera. Errezil sagarren erakusketa eta leihaketa baita sagar mota horrekin egindako menbrilloarena ere. Baina bada «berritasunik» aurtengo edizioa Erbieko lehendakariaren esanetan, Errezilgoa izango delako ezinbestean eguneko protagonista, baina Euskal Herriko etxaldeetan ekoizten diren beste hainbat barietate emango dituzte ezagutzera. Gabiriakoa gainera, herriko nekazari eta artisauen lana erakutsi eta errekonozitzeko azoka izango da. Finean, «bertako produktuari garrantzia ematea», izan eta izango delako beti Goierriko herrian antolatzen duten azoka.
Euskal sagarren «izarra»
Bere azal marroixkarekin, gozoa eta pixka bat garratza aldi berean, Errezil sagarra, tokian ekoizten direnen artean kontsumituena. da ziur asko. «Joko handia» ematen duen sagarra dela dio Arratibelek; bakarrik jan daiteke, konpotan bikain gelditzen da, gozo eta pasteletan bezala eta hamarkadez euskal etxeetako labeetan erre izan den sagarra da. Azken hamarkadetan, herritar askoren gustuak beste toki batzuetara begira izan ziren arren, joera aldatzen ari dela sumatzen dute ekoizleek, Xabier Arratibelek azaldu duenez, «gure asmoa izango litzateke hau ere gazteengan ere sarzten joatea. Kultur kontu bat da azken finean».