Zuzenean
Bilbon euskaraz bizitzea korrontearen kontra ibiltzea ote den galdetuta, Maialen Gago Gukako kideak argi utzi digu NAIZ Irratian askotan errepikatzen ahalegindu diren ideia bat; azken urteotan diskurtso konkretu bat zabaldu dela, «euskaldunari bere hizkuntza ez erabiltzea leporatzen diona», kontuan hartu gabe badirela beste hainbat faktore hori horrela izatera bultzatzen dutenak.
Biztanle kopuruaren arabera euskaldun gehien biltzen dituen hiriburua izanik ere, hainbat oztopo aurkezten ditu Bilbok zentzu horretan: «isolatuak egoteaz gain, hiri ereduak eta kaleko estimuluek ez dute bultzatzen ulertzera bertan euskaraz eroso aritu zaitezkeen espazio bat izan daitekeenik».
Aste honetan Metroan burututako ekintzarekin aldarrikatu nahi izan zuten «oztopoak oztopo euskaraz garela eta, euskarak aurrera egin badu, euskal komunitateak eta mugimendu askotarikoek urteetan zehar egindako lanari esker dela».
Hala, euskararentzako espazio erosoak hizpide, Gagok nabarmendu du euskara, gaur egun, «egitasmo kolektiboetan, herri mugimenduetan eta kultur guneetan» dagoela bereziki.
Espazio horiek sortzeko eta administrazioan ere euskara jasaten ari den oldarraldiari aurre egiteko sortu dute, besteak beste, Guka ekimena. Hainbat ildo ezartzen ari dira orain bide horretan, euskararen aldeko lanari lehenbailehen ekiteko.