Zuzenean
Pop adina soul, azken hauek adina jazz, eta dena biltzen duen sendotasuna aurkituko du entzuleak Sara Mansillaren diskoan, hiru hizkuntzetan kantatutako hitzak lagun, baina hizkuntza unibertsalean ari den arima.
Azken diskotik hona bizitako eta sentitutakoen inguruan galdetu diogu. «Beti izan dut buruan proiektuarekin jarraitzeko nahia, baina batzuetan bizitzak bide desberdinetatik eramaten zaitu». Hala izan ohi da, eta testuinguruak testuinguru, buruan zituen musikari batzuekin grabatzeko zailtasunak medio, proiektua aurrera atera du Sarak, mugarik gabe. «Perfektua izatearen ideiarekin mugak jartzen dizkiozu zure buruari».
Ondoan izan ditu, bidean zein Elkar estudioetan egindako diskoaren grabazioan, Nacho Soto teklatuetan, Víctor Villa eta Juan Oliveira gitarra lanetan, Jorge Luengo baxuan eta Eneko Arbea baterian. Elkarlan honen garrantziaz aritu gara. «Nire lana ezinezkoa da besteen lanik gabe; ideiak baditut, baina askoz politagoa iruditzen zait besteenak entzun eta bion ideiekin zerbait egitea». «Disko honetan Nacho Sotoren laguntza nabarmendu nahi dut».
Azken bost urteotan musikaren inguruan goi mailako ikasketak egiten ere aritu da Sara, eta bide horren baitan zer ikasi, jaso edo galdu duen jakin izan nahi dugu. «Ikastearen onena jendea ezagutzea izan da, besteekin lan egiten ikastea eta komunikatzeko tresnak hobetu edo neureganatzea». Hala aritu da etxean sortutako kantuei forma eman eta duela hilabete aurkeztu zuten 'Cerca' diskoa sortzen, berak dioen bezala gertutasuna oinarri sendo bezala hartuz. «Konposizioa barruan ditudan gauzak ateratzeko erabiltzen dut, benetako sentimenduak dira diskoan daudenak».
Sei abesti berri eta bihotzaren berba lehentasun, bere hitzetan, «emozioekin jolasteko diskoa da, bihotzetik ateratzen denarekin konektatzekoa». Eta zaila da lana sailkatzea, estilo baten baitan behintzat, baina Sarak argi utzi digu, elkarrizketan zein kantuan, bere estiloa zein den. «Badirudi etiketa bat jarri behar diozula zure buruari, bestela ez dakizu zein zirkuitutan sartu; baina nik erabaki dut nahi dudana egingo dudala, bestela erotu egin zaitezke».