Zuzenean

NAIZ Irratia

«Mundu osoko osasun erakundeek medikamentuen inguruko irizpide bateratuak adostu behar dituzte»

Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria eman dio Miren Basaras mikrobiologoari, euskarazko dibulgazioan «erreferentea delako», mikrobiologiaren eremuan bereziki. Sari honi buruz gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Miren Basaras.

Audio_placeholder

«Mundu osoko osasun erakundeek medikamentuen inguruko irizpide bateratuak adostu behar dituzte»

Loading player...
Miren Basaras mikrobiologoa eta UPV/EHUko irakaslea
Miren Basaras mikrobiologoa eta UPV/EHUko irakaslea (Marisol Ramirez | Foku)

Elhuyar Fundazioaren Patronatuak COVID-19aren pandemiaren garaian gaixotasuna ulertarazteko eta prebentzio-neurriak hartzeko Miren Basaraz mikrobiologoak egin zuen lana aintzatetsi nahi izan du. «Modu ulergarrian beti, alarmarik piztu gabe eta ikuspegi sozial handiarekin. Eta, horretaz gainera, euskarari eta euskarazko hedabideei emandako lehentasunezko tratamendua» azpimarratu nahi izan du Patronatuak. Basarazek azaldu du bere helburua beti izan dela «mikrobiologia plazaratu eta gizarteratzea».

1995ean doktoratu zen Miren Basaraz. Orduz geroztik zientziaren esparruen euskalduntzean, eta oro har, unibertsitatearen euskalduntzean aurrerapauso nabarmenak eman direla adierazi du. Gaur egun, unibertsitatean «askoz gehiago ikasten eta ikertzen» dela euskaraz. «Orain gradu ia guztiak jaso daitezke euskaraz. Horrek bultzada handia eman dio euskarari».

EHUko medikuntza eta erizaintza fakultateko irakaslea da gaur egun. Basarasek argi du, nahiz eta unibertsitatetik ateratzen diren ikasle asko euskaldunak izan eta kontuan izanda Osakidetzara heltzen diren medikuak ez direla bakarrik EHUko medikuak, «Osakidetzan lan handia dagoela euskalduntzearen arloan». «Euskara modu eroso eta ohiko batean erabiltzeko indarra egin behar da, bereziki euskaldunak diren inguruetan».

Covid-19aren pandemia

Covid-19aren garaian, eta ondoren ere, ikusi, entzun edo irakurri izan dugu Miren Basaraz pandemiaren inguruko analisiak egiten. Gaur egun, nahiz eta garai horietan bizi izan genuen larritasunak jarraitu ez, azaldu du «birusa gurekin mantenduko» dela beste hainbat arnas birusekin gertatu den moduan. Birusaren eboluzioa aztertzearen garrantzia azpimarratu du. «Aztertu behar da nolakoa den bere eboluzio epidemiologikoa beste arnas birusekin konparatuta: aldaera desberdinak agertzen diren, nolakoak diren, zein talderi eragiten dien…».

Oraindik ez da guztiz ezagutzen Covid-19aren jatorria, baina Basaras mikrobiologoak esan duenez, argi dagoena da «zoonosi» bat dela. Hau da, animalietatik eratorritako birusa. Hala ere, azaldu du, ez dagoela frogatuta noiz sortu zen, ezta noiz egin zuen salto animalietatik gizakira. Gaineratu du ez dakiela «lortuko den frogatzea».

Aipatu izan da halako izurrite gehiago etor daitezkeela etorkizunean. Miren Basarasen baieztatu egin du hau: etorriko direla bai, baina ez dakitela noiz gertatuko den hori. «Milaka birus daude animalietan gizarteratu daitezkeenak. Zeintzuk izan daitezkeen eragileak? Inork ez daki». Hainbat hegazti gripe daudela ezaguna da, hegaztietatik gizakira pasatzen diren birusak. Kontua da, Basarasek argitu duenez, birus horiek ez direla gai «gizakiaren barnean oso ondo erreplikatzeko, birus kantitate asko sortzeko».

Pandemia isila

Gure artean «beste pandemia isil bat» omen dabil: antibiotikoekiko erresistentzia. Kezka handiz bizi du gaia Basarasek eta azalpen argia eman du horren inguruan. Guk antibiotikoak modu neurrigabean hartzen baditugu, gure sistema aldatu egiten da gutxika-gutxika, eraldatu. Bakterioak izaki biziak izanik, pertsonok aldatzen goazen heinean, geneak sortzen dituzte biziraun ahal izateko, horrela antibiotikoekiko erresistentzia sortuz. Beraz, «antibiotikoen erabilera egokiaren» aldarria egin du mikrobiologoak.

«Mundu osoan zehar ez dira antibiotikoak modu berdinean erabiltzen. Lurralde batzuetan, adibidez, antibiotikoak ez dira farmazietan erosten edo ospitaletan ematen, merkatu beltzean erosten dira. Beraz, dirua duenak bakarrik erosi ditzake. Eta beste lurralde batzuetan, kontrara, supermerkatuetan erosten dira inolako errezetarik gabe». Tinko adierazi du berebiziko garrantzia duela mundu osoko osasun erakundeek medikamentuen inguruko irizpide komun batzuk adostea, «ekitatea bermatu ahal izateko, gaixotasun infekzioso horiek kontrolatu ahal izateko eta erresistentzia horien kontra lan egin ahal izateko».

Jaurlaritza Logoa