Zuzenean

Izan daiteke feminista ekologista izan gabe?

«Zer ekarpen egiten dio feminismoak ekologismoari?, eta alderantziz? Izan al daiteke feminista ekologista izan gabe? eta ekologista feminista izan gabe?» Galdera horiekin abiatu zuten Ataungo 5. Natur Zikloko solasaldia Nora Salbotx eta Mirene Begiristainek.

Audio_placeholder

Izan daiteke feminista ekologista izan gabe?

Loading player...
Mirene Begiristain eta Nora Salbotx Ataungo hitzaldia hasi aitzin
Mirene Begiristain eta Nora Salbotx Ataungo hitzaldia hasi aitzin (Iñigo Uriz)

Begiristain EHU/UPV-ko irakaslea da  eta Salbotx, berriz, Amaiurko eskolakoa. Hezkuntza dute biek tresna eta hori izan dute gakoetako bat iraunkortasunaz, ekologismoaz eta feminismoaz hitz egiteko, teorikoki ez ezik, praktikoki ere aplikatzen baitituzte.

Zenbat du ekologiak feminismotik eta zenbat feminismoak ekologiatik?

Begiristain: Ekofeminismoaren bueltako espazio dezente ari dira irekitzen eta ohartzen naiz nire burua ekofeministatzat hartzen ari naizela. Zenbat eta gehiago sakondu, horren atzean dagoenarekin identifikatzen naiz gehien. Ez dut ulertzen, eguneroko praktikan,  testuingurua nola josi bata bestea gabe. Ekofeminismoak izan du bilakaera, ez da kontu berria eta ari gara lantzen orain nola hartzen duen lur Euskal Herrian. Jakina, ekologismoan begirada desberdinak daude eta feminismoan ere bai. Ekologistago edo feministago garena baino, gehiago interesatzen zait identitate desberdinak aliantzan jardutea, uste baitut ez garela erabat asmatzen ari abagune politikoak eraikitzen.

Salbotx: Biek, ekologismoak eta feminismoak, zapalkuntza bat dute gibelean eta intersekzionalitatetik edo teilakatzetik begiratu nahi zaio, gurutzatu egiten baitira. Neoliberalismoak,modakoa zaiona edo onarpen zabala duen guztia, fagotizatu nahi izaten du. Hau da, merkantilizatu, monetizatu, edukiz hustu, despolitizatu eta deserradikalizatu. Kasu honetan ere, soilik, egin dezakegu planteamendu integral bat, erroetara joango dena ikuspegi holistiko batekin, baldin eta ohartzen garen natura, herria eta herriak esplotatuak direla gaur egun. Uste dut gakoa dagoela kontzientziazio ariketetan eta planteamendu antikapitalistan, antipatriarkalean eta erradikaletan. Hor bai, topo egiten dute feminismoak eta ekologismoak. Jakina, hau egin behar dugu esentzialismoan eta erromantizazioan erori gabe; diskurtso marxistagoaren aldekoa naiz.

Nola izan gaitezke koherente? Ze praktiketan?

S: Krupskaiak esaten zuen jakintzak trebetasun eta ezagutzak ekintza bilakatuko zituen eskola bat behar genuela. Beraz, galderari erantzuten diot esanez koherentziarako lehen baldintza gaitasuna dela. Koherentea izateko tresnak behar ditugu, zeren, maila ideologikoan koherentea izan zaitezke baina praktikara eramateko baliabideak nonbaitetik lortu behar dira.

Bestalde, galdera bat: lan egiten dugu jan ahal izateko?, ala jana dugulako gai gara lanera joateko, eta norbaitentzat gainbalio bat sortzeko? Gainbalio horren kalkuluan badago janaria prestatu duenaren lana? edo platerak garbitu dituenarena? edo ekoizlearena? edo lurraren lantzea? edo agortzea?. Hori kontatzen da?

B: Niri burujabetasuna etortzen zait gogora. Zenbateraino gara burujabe eta kontrolatzen dugu balio-kate hori? Uste dut burujabetza zuzenki dagoela lotuta lurraldearekin eta komunitatean dugun harremanarekin. Ekodependentzia eta interdependentzia aipatzen da maiz, eta uste dut, batetik,  ekofeminismoak erakusten digula monokulturaren gaitza zein den, eta bestetik,  argitasuna ematen digula eredu ekonomikoaren atzean dauden bizitza guztietara. Hala ere, pentsatzen dut feminismoak bide gehiago egin duela ekologismora, ekologismoak feminismora baino. Abaguneak landu ezean koherentziak garatzea zaila da, paralizatu egiten baikara. Gainera, praktika koherenteez hitz egiteko, lehenik, hainbat kontzeptu problema bihurtu behar ditugu.

Iraunkortasunaren eta feminismoaren artean asko ateratzen den gaia da zaintzarena. Nola egin daiteke iraunkortasuna jasangarriagoa zaintzaren arlotik?

S: Eskola eragile izango bada, plano teorikoaz gain, intentzionalitate bat behar dugu. Zaintza politizatu behar dugu eta jakin behar dugu zer rol dugun eta non dagoen zaintza gizarte honetan. Esaterako, pandemian etxeratu gintuztenean irakasleok bete behar izan genuen dokumentu bat esanaz ikasleei zer geratu zitzaien ikasi gabe. Zergatik ez pentsatu lau hilabete horietan zer ikasi zuten? Entziklopedietan egon ezagatik, zerbait ikasiko zuten, bada? Baina horrek ez du balio akademikorik. Beste adibide bat:  Baztanen arazo bat dugula esaten da ehunka baserritan hamaika mutiltzar daudelako. Lehenagoko ekonomian beti egon da emakume bat baserria zainduz eta, orain, bakarrik geratu diren gizon horiek ez dakite beren burua zaintzen. Patriarkatuaren arazoa da hori, baimendu ezin dugun luxu bat da bere burua zaintzen ez dakien gizarte batean bizitzea. Eta, noski, beste hari bat da zaintza lanak egiten nor dabilen eta zer ikusgarritasunarekin.  Ondorioz, zaintzaren pedagogia ezinbestekoa da.

B: Mugimendu feministatik eta ekonomia feministatik lan handia egin da. Hala ere, badirudi,  zaintza-lanak asko lotzen direla beharrarekin, dependentzia zuzena duten lanekin eta, diozun bezala, oro har, baldintza ez hain egokietan, emakume migratu eta arrazializatuek egiten duten lanarekin. Batzuetan, badirudi hori erregulatuko balitz bukatuko litzatekeela arazoa, nolabait, lan-eskubide arazo batera murriztuta arriskua. Baina, horri garrantzia eta premiarik kendu gabe, hau continium bat da.

Uste dut aldaketa batzuk konfrontaziotik etorriko direla eta zaintza espazioak birpentsatu behar ditugula: nor diren zaintza-subjektuak, euren denborak, politika publikoak eta abar. Egungo kapitalismo berde, digital eta militar honetan, teknologia gutxiago behar da eta korapilo sozial gehiago askatu behar ditugu. Krisi ekosozial honetan non ditugun korapilo handienak? Ba gu gara korapilo handienak ditugunak, horregatik,  ematen diren pribilegio eta desorekak erreparatu behar ditugu. Eta politika publikoetatik asko egin daiteke.  

Zer egin krisia gaindituko duen belaunaldia hezteko?

S: Continiumetik tiraka,  haurren kulturatik eta herri hezitzailetik espazio bizigarri guztiak jolaserako eremu diren herri batekin amets egiten dugula askotan aldarrikatu izan dugu; continium bat jolaserako, bizitzarako, hezkuntzarako, harremanetarako. Zeren, badakigu, haurren neurrira egindako herriak bizigarriagoak direla. Praktikari dagokionez, eskolako jantokiak, adibidez, abiapuntu interesgarriak dira bertako elikagaietatik eta ekoizleetatik kontzientzia jasotzeko. Hor hasten dira txirikordak, konplizitateak sortzen eragile ezberdinen artean, baloreak transmititzen eta aktiboki parte hartzen. Beste abiapuntu bat da urmaelarena. Kontenplazioaren bidez beste balore batzuk barneratzen dira eta, gure kasuan, zaintzaren pedagogiarekin lotzeko aukera ematen du. Eta hezkuntzaz ulertzen dugunaz kanpokoak hezkuntzan bertan duen eragina ikusaraztea ere gakoa da.

B: Unibertsitatean beste fase batean daude. EHUn ez dugu nekazaritzari lotutako formaziorik, beraz, badago deskonexio orokor bat. Erabat industrializatu eta zerbitzu sektorean murgildu den Euskal Herri baten isla da EHU. Zentzu horretan, ekonomia sozialak badu leku bat baina oso txikia. Sakoneko ariketa bat egin behar da ekonomia sozialaren inguruan, ekonomia konbentzionalaren kontzeptuak problematizatu eta puzzlea zabaldu. Continium baten beharra ere ikusten dut, bigarren hezkuntzan salto bat dago non zerbait galtzen dugun, motibazioa. Esperientzia sozial handia dugu eta jabetu behar gara dugun gaitasunaz. Horregatik diot ez dakidala zenbateraino ari garen abagunea aprobetxatzen aliantzak egiteko.

Jaurlaritza Logoa