Zuzenean
Kalean da lehen bilduma, eta jakin nahi izan dugu kaleratu zuenetik gaur arte bizitako guztietatik zein duen oroitzapen bereziena. «EP honen kanta bat argitaratu nuenean, “Guztia soberan” bideo bat egin nuen eta oso harrera ona izan zuen, eta ederra izan zen. Bestalde, emandako kontzertuetan azpimarragarriena Gorka Urbizu teloneatu nuenekoa izan da».
Disko bat, bilduma bat, askotan izanten da oso pentsatutako prozesu baten gailurra, Aneri prozesua nola bizi izan duen galdetu diogu. «Datak gora behera, pentsatuta nuen lau abesti kaleratzea eta behar zuenean etorri da».
Aukeraketa ere egin ote duen jakin nahi izan duen, zenbat ale zituen eta zergatik aukeratu dituen horiek. «Ni etengabe nabil abesti berriak sortzen eta abesti asko ditut gordeta, baina ez dakit zer gertatuko den horiekin». Diskoek ere izaten dute kontzeptu, hari edo barne logika bat, arima horren inguruan galdetu diogu. «Ez dauka inongo kontzepturik, ez, lau kanta aukeratu nituen unea ikusten nuelako aproposa zela, bi euskaraz eta bi gazteleraz dira, maite nituen abesti horiek eta oso naturala izan da».
Etxean jaso du Anek musikarekiko zaletasuna, familiatik datorkio eragina, eta halako inguru bat izateak zein neurrian eragin dion kontatu digu. «Musika munduan oso gaztetan hasi nintzen eta nire lehen musika-tresna txistua izan zen, aitaren eraginaren ondorioz».
Gitarra hautatu zuen, hala ere, Anek bidelagun gisan, eta geroztik bere doinu eta hitzak idazteari ekin dio. «Badaude abesti batzuk betidanik buruan akustiko moduan izan ditudanak, baina egia da 2021ean erabaki nuela ekoizleekin probatzea, Aberin Estudioan aritu nintzen, eta beraiek soinua aurkitzen lagundu zidaten».
Etxeberritik dator Ane, hirurogei biztanle inguru dituen herri txikitik. Halako leku batean bizizteak musika sortzeko orduan eragin ote dion jakin nahi izan dugu. «Herri txiki batean bizitzeak ematen didan lasaitasunak gitarra hartzerakoan asko laguntzen dit, bai».
Etxeberritik munduratu ditu Anek bere lehen doinuak, eta etorriko dira berriak, hala kontatu digu; bitartean, bidean aurrera egiteko gogoz eskaini dizkigu bere doinuak.