Zuzenean

NAIZ Irratia

«Herrietara zabaltzea ere izan behar dugu gure erronketariko bat»

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak zuzendari berria du. «Gure helburuetako bat zientzia paisaia kulturalean txertatzea da», adierazi du Iker Badiola zuzendariak. Zientziak egunerokotasunean duen eragina azaltzearekin batera, dibulgazioa hiriburuetatik at eramatearen beharra aipatu du.

Audio_placeholder

«Herrietara zabaltzea ere izan behar dugu gure erronketariko bat»

Loading player...
Iker Badiola Etxaburu da Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari berria.
Iker Badiola Etxaburu da Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari berria. (EHU)

Iker Badiola Etxaburu ikertzaile ondarrutarra da Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari berria. Asko laburbilduta, zientzia eta teknologia oinarri duen egungo gizarte garaikidean, ezinbestekoa da kultura zientifikoa garatzea herritarren artean, baita informazio hori modu ulerkor eta demokratiko batean eskuragarri jartzea ere.

Dibulgazioak berebiziko garrantzia du horretan eta dibulgazioa Euskal Herriko txoko guztietara berdintasunez hel behar litekeela uste du Iker Badiolak, «herrietara zabaltzea ere izan behar dugu gure erronketariko bat». Izan ere, «ikusi da» dio Badiolak, egungo dibulgazio joerak «sarritan eramaten gaituela hiriburu edo hiriburuen inguruetan dauden azpiegituretara». Hitzaldi edo mahai-inguru bakoitzak ditu bere «izaera eta gakoak», eta guztiek betetzen dute funtzio bat. Zentzu horretan interesa egon badagoela azaldu du Badiolak; Bilbo Zientzia Plazak 40.000 lagunetik gora bildu ditu berriki, Abaltzisketan egindako hitzaldi batek ordea 50 inguru. «Proportzioan hartzen baldin badugu ez dago herririk horrelako erantzunik jaso dudanik», nabarmendu du alderaketa eginez, Badiolak.

Katedran duten beste helburu nagusietako bat da, oinarrizkoa behar lukeen ezagutza zientifiko hori EHUtik, herritarren egunerokotasunera eramatea, berriz ere ulerkor eta erosoa den modu batean. Funtsean, «gure helburuetako bat zientzia paisaia kulturalean txertatzea da», Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariaren arabera. Trantsizio digitala eta ekologikoa, aldaketa klimatikoa edota adimen artifizialaren mugak, herritarren eguneroko mintzagai bilakatu dira eta gai zientifikoak dira ezinbestean. Hor behar du eragin kultura zientifikoak.

Eutsi eta hazi

Arlo pertsonalago batetik begira Kultura Zientifikoaren Katedrako buru berri gisa, bere buruari ezarritako aurreikuspenen inguruan galdetuta, orain artekoari «eustea» dutela lehen helburu erantzun du, hortik hazten jarraitzeko. Iker Badiolak dionez, «Kultura Zientifikoaren Katedra erreferente bat da, ez bakarrik Euskal Herri mailan, baita estatu mailan ere. Aurretik Juan Ignaco Perez Iglesiasek egindako lana bai bere sorreran bai egitura guztia martxan jartzen eta bertan ari diren langileen 14 urteko lanari eustea izan behar du lehen helburua. Hortik aurrera anbizioz jokatu behar dugu».

Jaurlaritza Logoa