Zuzenean
«Beldurtzen zaituzte denek, gorputza aldatzen da asko, titiak erori zaizkit baina, ez da hainbesterako». Abestu zuen Onintza Enbeitak 'Tabuen Kutxatik Oholtzara' bertso saio musikatu solidarioan. Izan Inurri elkarteak antolatutako saio horietan ez baitzen soilik minbiziaz hitz egiten. Izan Inurrik ez baitu sekula soilik gaixotasunaz hitz egiten. Ikuspuntu eraldatzaile, feminista eta kolektibo bat dutelako, eta hortik kontatzen dituztelako minbizia gertu bizi duten emakumeen istoriak.
Istorio horiek kontatzeko modu asko daude ordea; bat izan daiteke bertso saioa, baina ikus-entzunezkoari hainbeste garrantzia ematen dion gizarte batean, zer hobeto, dokumental bat baino?
'Hil Arte Bizi' dokumentala grabatzen aritu da azken urtean Xuban Intxausti, eta crowdfunding kanpaina baten bidez, dirubilketan aritu dira azkeneko asteetan. Lortu dute amestutakoa, eta poz-pozik daude. «Onkologikoko langile batzordeak dirua jartzen duela ikusten duzunean, negar egiten duzu; dokumentalak egiten dituzunean, edukiei aurreratu behar zata eta Izan Iñurrikoak beti doaz pauso bat aurrerago» esan digu zuzendariak.
Soinu-bandaren inguruan ere galdetu diogu. «Ez diot galdetu, baina uste dut gure jainkosa Idoia Asurmendik egin behar duela» dio barrezka Intxaustik.
«Harrera izugarria izan da, kaleak inurriz beteta daude» esan digu Julene Ilarramendik, elkarteko kideak. Dokumentala ikusteko irrikaz dagoela aitortu digu, eta ileak tente jarri zaizkigu bere ilusioa partekatu duenean.