Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Imanol Rojo
Iraupen eskiatzailea

«Orain arteko urterik onena izan daiteke prestaketari dagokionez»

Imanol Rojo (Tolosa, 1990) munduko txapelduna da rollerskian. Val di Fiemmen (Italia) irabazi du Rollerskiko Munduko Txapelketa 15 kilometrokoetan, modalitate gogorrenean. Garaipena «ezustean» etorri dela onartu du. Baina, hau ikusita, «orain arteko urterik onena» izan daitekeela adierazi du.

 

Audio_placeholder

«Orain arteko urterik onena izan daiteke prestaketari dagokionez»

Loading player...
Imanol Rojo Munduko Rollerski Txapelketa irabazi berritan, Val di Fiemmen (Italia).
Imanol Rojo Munduko Rollerski Txapelketa irabazi berritan, Val di Fiemmen (Italia). (newspower.it)

Rollerskia udako denboraldian iraupen eskiatzaile askok praktikatzen duten modalitatea da, azken horrekin duen antzekotasunagatik. Imanol Rojok lehen aldiz parte hartu du Munduko Txapelketan, eta urrea bereganatu du. Ez da kasualitatez etorri den garaipen bat, «orain arte egindako lanak emaitzak eman dituen seinale» baizik.

Rollerskiko munduko txapelduna, modalitaterik gogorrenean gainera. Dagoeneko astebete pasatu da, baina pozak iraungo du, ezta?

Bai. Egia esan, pozik nago lortutakoaz. Aste honetan asimilatu dugu munduko txapeldunak garela. Pixka bat eroa bezala izan da azken astea, baina oso pozik nago lortutakoaz.

Rollerskiak gurpilak dituzten eskiak dira. Uda garaian iraupen eskia entrenatzeko asko erabiltzen duzuena da.

Eski laburrak dira, beste material batzuez egindakoak dira, eskiak baino pixka bat gogorragoak. Azkenean dira iraupen eskiko mugimendua simulatzen dutenak. Eta iraupen eskiko bastoiak eta bota berdinak erabiltzen ditugu.

Pixka bat patinajea bezala, baina makilekin, ezta?

Hori da. Bi estilo daude. Bat izango litzateke patinatzea bezala; eta bestea izango litzateke iraupen eskian ibiltzea bezala, klasikoa, bastoiak eta hankak pixka bat koordinatzen.

Munduko txapelduna. Espero al zenuen edo ezustean etorri da?

Ezustekoa izan da pixka bat. Esan behar da iraupen eskian dagoen maila iazkoa baino apalagoa dela. Baina, egia esan, herrialde asko zeuden, oso onak, bakarrik horretara dedikatzen direnak. Eta gero daude ni bezalakoak, prestatze moduan hartzen dutenak. Uste nuen lehenengo hamarren artean sartzea sekulakoa izango zela, baina irabaztea ez nuen espero.

Herrialdeak aipatu dituzu, eta badakigu modalitate hauetan, batez ere iraupen eskian, norvegiarrek zer nolako maila duten. Kasu honetan, hauek ere atzean utzi zenituen.

Bai, bai. Gainera Norvegian rollerskiko tradizio handia dago. Guk bezala, prestakuntza bezala hartzen dute. Baina selekzio bat dago horretarako bakarrik dagoena. Honelako herrialde batzuei irabaztea niretzat egundokoa izan da.

Gainera, probaren amaieran, azken 4 kilometroetan, goranzko malda zenuten. Zuretzako onura, ezta?

Bai. Nire ideia zen aurreratzea eta igoera baino lehen lehenengo 10-15en artean egotea. Eta 4 kilometroko zati horretan oso ondo sentitu nintzenez, esan nuen: «Gaur da eguna igoeran estutzeko». Horixe egin nuen. Igoera hasi zenean, bizpahiru gelditu ginen; eta 2 kilometro falta zirenean, pixka bat estutu nuen eta bakarrik gelditu nintzen.

Italian garaipena lortuta, pentsatzen dut denboraldiari begira gauzak eta lana ondo doazen seinale izango dela.

Horrek esan nahi du maiatzetik egin dudan lan guztia lasterketa honetan ikusi dela. Roller pila bat egin dut aurten. Entrenatzailez aldatu dut, eta beste urte batzuetan bizikleta gehiago egiten nuen. Aurten egin ditudan kilometro guztiak rollerskin izan dira.

Mentalki eta motibazio aldetik pentsatzen dut garaipen honek ere indar berezia emango dizula negurako.

Bai. Ikusten da preparazioa ondo doala. Gauza bat prestatu gabe horrela lortzea, sekulakoa izan da.

Rollerskiak eta iraupen eskiak ezberdintasunak badituzte, noski. Zenbaterainoko pista ematen dizu honek denboraldiari begira? Ondorioren bat atera al daiteke?

Esan dudan bezala, ikusten da prestakuntza ondo doala. Rollerskia inoiz baino gehiago egin dut. Basque Teamen egin ditudan proba guztiak ondo joan dira. Orain arteko urte onena dela esan daiteke.

Urtero egiten al duzu rollerskiko Munduko Txapelketa?

Ez, ez. Aurten kasualitatez izan da. Taldeak esan zidan ea joan nintekeen Munduko Lasterketa aurreko astean korrikako lasterketa bat egitera. Han nengoela aprobetxatuz, bailara berean zenez, gelditu egin nintzen eta Mundiala egin nuen. Normalean ez dugu egiten, oso urrun geratzen diren lasterketa batzuk izaten baitira.

Oraindik zertxobait falta da neguko denboraldirako. Lehia gehiago aurreikusten al dituzu?

Nire ideia Tolosako lasterketa mitikoan parte hartzea da, Hernialdeko igoeran. Urrian eskiatzen hasiko naiz eta jada ez ditut rollerskiko lasterketa horiek egingo. Azaroan lasterketekin hasiko gara, eta prestakuntza moduan izango da.

Espero dezagun aurten elur pixka bat gehiago egotea.

Espero dugu laster elurra iristea eta behintzat kondizio hauetan hastea, eta ez iaz bezala, beranduago iritsi baitzen.

Jaurlaritza Logoa