Zuzenean
1978an, Juanmi Gutierrez Hernaniko ‘Zikuñagako Ama’ trainerua filmatzen saiatuko da, baina Guardia Zibilak zinta kenduko dio. 1979an, norbaitek Zikuñagako Ama Birjina lapurtzen du. 2019an, Juanmi Gutierrez hil egingo da. Hiru hutsune desberdin horietatik abiatutea, ‘Erreplika’ filma egin du Pello Gutierrezek.
«Nire hutsune pertsonala nuen aita hil zenean, baina gerora haren filmak ikusten hasi nintzenean ezagutzen ez nuen batean hutsune bat aurkitu genuen» kontatu digu zuzendariak. Amaitu gabeko pelikula bat, amabirjinaren irudiaren lapurreta, eta heriotzak berak sortzen duen hutsunea. Eta hori guztia irudikatzeko, sinbolo ugari. «Hasieratik genekien filma hutsuneen ingurukoa bazen hutsuneak grabatuko genituela, batzuk notableak dira, beste batzuk gordeta daude».
Tunelak, argazkiak, hilobiak, abestiak, etxeak, ermitak... «Irudien hausnarketa bat egin dugu; zergatik ematen diogu hainbeste garrantzi jatorrizko irudiari eta ez erreplikari?» galdetu du zuzendariak.
Aurtengo Zinemaldian euskarazko lan gutxi topatuko ditugu, eta horietako bat da ‘Erreplika’. «Nik argi nuen hizkuntza, pelikula intimoa da, eta argi zegoen nik kontatu behar banuen euskaraz izan behar zela».