Zuzenean
Hasiera eman zitzaion pasa den ostiralean zinemaldiari, eta horrekin batera inguruko hainbat mugimendu ere hasi ziren. Horien artean zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarria uztartzen dituzten hitzorduak: Zinemaldi alternatiboa.
Erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu bihurtu den hau, hirian zehar zabaltzen da, egun bakoitzean auzo ezberdin batean film ezberdin bat ikusteko aukera izaten da. «Esan ohi dugu jolas moduan jaio zela, baina uste dut hiriak une horretan zuen bilakaeraren ondorio logiko gisa sortu zela», kontatu du Markel Ormazabal Gaztañaga antolatzaileetako batek.
Aurtengoa 16. edizioa izango da, eta aurreko edizioetan egin bezala, aurten ere Donostiako mugimendu sozialekin elkarlanean antolatu dituzte proiekzioak. «Aurten, dozena erdi elkarterekin batera osatu dugu egitaraua», aipatu du Ormazabalek.
Urtez urte gaiak aldatzen dituzte, eta aurtengoan Palestinaren egoera eta azken denboraldian hirian gorantza doazen jarrera arrazistak hartu dituzte ardatz. Hala ere, kritika eta aldarrikapenak oinarrian badituzte ere, Markelek esan du Zinemaldi alternatiboa ez zela antagonista izateko sortu: «Hiri honetako gauza guztiek bezela, zinemaldi ofizialak badu zer kritikatua baina nolabait bilakatu da donostiarron identitate kulturalaren parte».
Hau guztia kontuan hartuta, aurtengo edizioan sei saioko programa prestatu dute, auzoz auzo zabalduko den Zinemaldi Alternatiboan.