Zuzenean

Bigarren Kafea

«Garrantzitsuena Nevenkaren iritzia zen eta ikusi ostean, oso-oso eroso dago pelikularekin»

Koldo Zuazua ekoizelak hiru lan aurkeztuko ditu Donostiako Zinemaldian: 'Las chicas de la estación' (Juana Macías), 'Querer’ (Alauda Ruiz de Azúa) eta 'Soy Nevenka' (Icíar Bollaín). Azken honen inguruan aritu gara ekoizlearekin Bigarren Kafean. 

Audio_placeholder

«Garrantzitsuena Nevenkaren iritzia zen eta ikusi ostean, oso-oso eroso dago pelikularekin»

Loading player...

«Todo es verdad. ¿Tú me crees?» esaldia da Nevenkaren pertsonaiaren ahotik entzuten ditugun lehen hitzak. Baina izan zitezkeen Gisèle Pelicotenak edo La Manadaren biktimarenak. Zalantzan jartzen delako beti biktimaren kontakizuna. Kasu honetan Nevenka Fernándezenak dira hitzak, Mireia Oriolen ahotik. Iciar Bollainek 'Soy Nevenka' (2024)  egin baitu, 2000n Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzi zen Nevenka Fernándezek herriko alkatearengatik jasandako jazarpen gupidagabea kontatzeko. 

«2021ean 'Maixabel' bukatzen ari ginela, Iciar eta Isa Camporekin izandako esperientzia oso polita izan zenez, profesional eta pertsonalki, beraiekin lanean jarraitu nahi genuela pentsatu genuen» kontatu digu Koldo Zuazuak, pelikulako ekoizleak. Ikerketa lan baten ostean, hiru proposatu zizkieten eta Nevenkarena hautatu zuten. 

«Lehenengo urratsa Nevenkarekin harremanetan jartzea izan zen» kontatu digu Zuazuak.  Izan ere, benetako gertakarietan oinarritutako istorioa da pelikulak kontatzen duena. Itzal handiko politikari bat. Sexu- eta lan-jazarpenagatik epaitegietara eraman zuen lehen emakumea. Eta barrenak mugitzen dituen pelikula bat. «Garrantzitsuena bere iritzia zen eta Nevenka oso-oso eroso dago pelikularekin» dio ekoizleak. 

'Maixabel' pelikularen formula errepikatu dute. Bai epe aldetik eta baita lantaldearengatik ere. «'Maixabel'-en Zinemaldiak markatu zituen denborak, hemen aurkeztea oso garrantzitsua zen; 'Soy Nevenka' lanarekin hasiera batean ez zen horrela programatu, ez zen horrela pentsatu, baina gauzak era berean gertatu ziren».

Bilbon eta Zamoran grabatu dute pelikula, nahiz eta Ponferradan gertatu zen Nevenkaren kasua. Izan ere, Ponferradako Udalak ez die eskakizunari erantzunik eman. «Orain dela 24 urte pasa zen, pentsatzen duzu, gauzak aldatuko ziren, konpondu… Ponferradara permisoak eskatzera joan ginen, kanpoko sekuentziak han egin nahi genituen. Gure sorpresa izan zen udaletxeak ez zigula erantzunik ematen, asteak pasatzen ziren eta ez zuten erantzuten». Ez zuten ezetzik eman, baina ez zuten erantzun. «Sumatu genuen oraindik ez zela giro garbia, giroa zikina zegoela». 

Koldo Zuazuak beste bi pelikula estreinatuko ditu Zinemaldian: 'Las chicas de la estación' (Juana Macías) eta 'Querer’ (Alauda Ruiz de Azúa). 

 

Jaurlaritza Logoa