Zuzenean

Bigarren Kafea

Ander Sagardoy: «Euskara hutsean grabatutako pelikula bat izango dugu datorren urte hasieran»

Hiru lan aurkeztera etorri da aurtengo Zinemaldira Ander Sagardoy ekoizlea: 'Azken Erromantikoak' (David Pérez Sañudo), 'Nina' (Andrea Jaurrieta) eta 'Marco' (Jon Garaño eta Aitor Arregi). 

 Ikusmina sortu duten hiru lan aurkeztuko ditu Ander Sagardoy ekoizleak aurtengo Zinemaldian: 'Nina', 'Azken Erromantikoak' eta 'Marco'. Hauetako bakarra da euskaraz, David Pérez Sañudok zuzendutakoa. «Euskaraz egiten den zinema oso urria da; zortea izan dugu 'Azken Erromantikoak’ lanarekin» kontatu digu Sagardoyk. 

'Nina' bezalako ekoizpena euskaraz ez egitearen inguruan ere aritu gara; «Zuzendaria ez da euskalduna eta istorioak gaztelaniaz sortzen ditu, eta hori errespetatu egin behar genuen» aitortu digu. 

Ekoizle baten lana Zinemaldian handia da, «lana kontzentratuta dago premierraren egunean, egun horiek prentsa egunak, koordinatze egunak dira. Besteak iparra galduta ibiltzeko egunak dira, bileratik bazkarira, ondoren bulegora, gero jaia…».

Horrez gain, etorkizuneko lanak sortzeko aukera ere ematen du Zinemaldiak, «espazioa ematen dizu aspaldi hasitako elkarrizketa batzuk sakontzeko» esan digu ekoizleak. «Zinemaldia aitzakia da batzeko, forma emateko gauza batzuei». 

Ziur datorren urtarrilean martxan jarriko duten euskarazko hurrengo pelikularen errodajeari buruz ere arituko direla bilera horietan. Baina horri buruz hitz egingo dugu aurrerago, bitartean, entzun gaurkoan egin diogun elkarrizketa interesgarria!

Jaurlaritza Logoa