Zuzenean

Naiz Irratia

«Milaka dira amiantoaren eraginpeko langileak, eta egoera goranzkoa da»

Amiantoaren kalteei lotutako albiste ugari izan dira azkenaldian; Cofivacasa, Sidenor eta Tubos Reunidos enpresek jaso berri dituzten zigorrak edo amiantoaren biktimentzako funtsaren egoera. Horietan sakontzeko ASVIAMIE amiantoaren biktimen elkarteko kide Jesus Ezkudun izan da NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Milaka dira amiantoaren eraginpeko langileak, eta egoera goranzkoa da»

Loading player...
Asviamie elkarteak, iazko abenduan Donostian deitutako elkarretaratze bat.
Asviamie elkarteak, iazko abenduan Donostian deitutako elkarretaratze bat. (Jon Urbe | Foku)

Cofivacasa, Sidenor edo Tubos Reunidos enpresetako langile izandakoak indemnizatzera zigortu dituzte berriki eta, Ezkudunek adierazi digunez, ez da ezohikoa horrelako enpresa handietan beharginek babes neurririk gabe eta dituzten arriskuak ezagutu gabe lan egitea.

Zentzu horretan, gaineratu du Ezkudunek «milaka» direla amiantoaren eraginpeko langileak, eta joera goranzkoa dela gainera. Era berean, enpresen, mutuen eta Osakidetzako buruen arteko “konplizitatea” salatu du.

Aspaldiko bidea, baina konponbiderik gabe

60. hamarkadaz geroztik jakina zen amiantoarekin lan egitea arriskutsua zela. Amiantoaren inguruko sententziak eta babes neurriak gaur egun zergatik datozen eta orain arte albo batera begiratu ote den galdetuta, Ezkudunek erantzun digu sindikalismoan ere beti egon dela nolabaiteko «ekonomizismo» bat, eta laneko osasun kontuak ez direla sakonki landu.

Horrekin batera, aipatu du «lan istripuek itsututa«, laneko baldintzek eragin dezaketen minbizia alde batera uzten dela.

Beste aipagai bat izan da 2032. urterako gure artean dagoen amianto guztia kentzeko konpromisoa hartu zela, eta zortzi urte besterik ez dira gelditzen horretarako.

Hain zuzen, berriki iritzi artikulua plazaratu zuten ASVIAMIEtik, udalen «ahanztura» salatuz. Udalek amiantoaren auzian duten ardura nabarmendu du Ezkudunek.

Etxebizitzetan amiantoaren presentzia deuseztatzeko programei buruz ere, dio Ezkudunek ez dela nahikoa egiten erakundeetatik.

Amaitzeko, duela bi urte amiantoaren biktimentzako adostutako diru funtsa izan dugu hizpide. ASVIAMIEko kideak gogora ekarri du Espainiako Gobernutik hiru hilabete zituztela printzipioz hura martxan jartzeko, eta estudio bat ere eskatu ziotela Estatistika Institutuari. Hala ere, ikerketa horrek igorritako datu larriak gorabehera, nabarmen atzeratu da proiektua.

Ondorio gisa, Jesus Ezkudunek deitoratu du amiantoaren biktimei bakarrik ez, «demokrazia osoari burla» egitea dela hori.

Jaurlaritza Logoa