Zuzenean
Ikasturte politikoa hastearekin batera, martxan da ere Nafarroako Foru Hobekuntzaren legearen inguruko ponentzia parlamentuan, aditu ezberdinen parte hartzearekin. Horietako bat izan da Iñigo Urrutia, EHUn Administrazioko Zuzenbidearen irakasle dena. Haren analisia argigarria da, baina baita kezkagarria ere, agerikoa baita gero eta gehiago gailentzen ari direla Espainiako botere judizial eta exekutibotik Nafarroa eta EAEren eskubide historikoei jarritako oztopoak, foru-eskumen esklusiboak «ia desagertzeraino».
Egoera beraren analisia ekarri du Urrutiak berak Naiz Irratira. Nafarroak, gaur egun estatuarekin duen harremana berrikustea ezinbesteko deritzo EHUko irakasleak, «buruz buru jarriko gaituen sistema berri baterantz jauzi egiteko unea da». Urratsak ematearen beharra, gaur egungo autonomia estatutuen ezintasunarekin lotu behar da, sarritan, epaileek ez dituztelako onartzen bertan jasotako eskubide eta eskumenak. «Esan daiteke estatu zentralak ez daukala batere mugarik eta Nafarroari dagozkion hainbat eskumenetan sartzen ari dela, inolako mugarik gabe», dio Urrutiak, «gobernu zentralak ez dizkie nahikoa bide zabaltzen autonomia estatutuei autonomia erkidegoetako eta Foru Erkidegoko eskumenetan oinarrituz, politika orokorrak egiteko. Beraz momentu honetan maila baxuko autogobernua daukagu», gaineratu du.
Egoera honen gakoetako bat, jurisprudentzian gailendu den joera da. EHUko irakaslearen esanetan, hasiera batean epaitegiek «nahiko ongi» babestu zituzten Nafarroa eta EAEren berezko eskubideak, baina 80. hamarkadaren hasieran eta bereziki 1983ko estatu kolpe saiakeraren ostean «inflexio puntu bat» eman zen, eta ordutik «zentralizaziorako joera nabarmen bat ikusten da». Irizpide juridikoetan baino, ideologia oinarritutako aldaketa izan zen hori Urrutiaren ustez, autonomia erkidego batzuk «urrunegi» joan zirela iritzita; «hori oso argi islatzen da Kataluniako Autonomia Estatutu berriaren aurkako Konstituzio Auzitegiaren sententzian».
Egoera iraultzeko bidea berriz, herri baten berezko eskubideak estatu bateko legediak soilik dionari ezin direla mugatu jabetzetik etor daiteke. EHUko irakasleak dionez, «subjektu politiko horiei dagozkien autogobernurako eskumenak ez dagozkie soilik Konstituzioak 2. artikuluan autonomia eskubidea bermatzen duelako, baizik eta historikoki nortasun propioa sortu dutelako, zuzenbide propioa etab.».
Ideologia euskararen aurka
Jurisprudentzia aldaketa argi bat izan da ere, baina askoz ere tarte laburragoan, euskararen normalizazioaren aurka. Euskararen legea indarrean dago 1982tik, baina azken bizpahiru urtetan eman dira euskara eskakizunen aurkako sententzia polemikoenak, azkena, Arkautiko udaltzainen lan poltsari dagokiona. «Araudi berdinarekin zilegi zena momentu honetan zergatik ez da legezkoa?», galdetu du Iñigo Urrutia irakasleak.
Kasu honetan ere, «epaileek duten irizpide ideologikoetan aldaketa bat eman dela» uste du, eta «jauzi kualitatibo» bat eman behar dela. Gauzak horrela, ausardiaz jokatzera deitu du Iñigo Urrutia EHUko irakasleak, «hizkuntza ofizialak jakitea nahitaezkoa izatea administrazio publikoko zerbitzari izateko», Katalunian edota Galizian gertatzen den bezala.