Zuzenean
«Mundu osoko herrialdeek dituzte euren industria babesteko neurriak, Europak izan ezik»
Europak ekoizpena Asiaren esku uztea «oso arriskutsua» izan zela uste du Nafarroako Industria kontseilariak, «ezinbestekoa da industria ardatz bezala jartzea politika guztietan». Industria lege berriak behar horri erantzungo diola dio.
«Mundu osoko herrialdeek dituzte euren industria babesteko neurriak, Europak izan ezik»
Ikasturtea hastearekin bat bi lege egitasmo garrantzitsu jarri ditu Nafarroako Industria Departamenduak mahai gainean: Industria Lege berria eta txikizkako mertakaritza sustatuko duena. Mikel Irujo kontseilariak NAIZ Irratian kritiko hitz egin du Europak bizi izan duen desindustrializazioaz; orain 20 urteko erabaki okerrak zuzentzeko garaia dela dio eta Industriak babesa behar duela, «munduko beste leku guztietan oso arrunta da».
Nafarroakoa bezalako gobernu batentzat Europako politikak zer dira gidalerroa ala giltzarrapoa?
Denetarik. Badakigu Europako Batasuna zer den, estatuen erakunde bat. Horrek ez du esan nahi estaturik gabeko nazioek, eskualdeek eta beste erakundeek gure rol nagusia ez izatea.
Sortu bezain laster konturatu zen Europako Batasuna politika erregional bat izan behar zuela; bestek beste, oso ezberdina delako estatu bakoitza bere baitan eta beharrak ere horrela direlako. 50 urte hauetan asko garatu dugu ikuspegi hori. Gure eginkizuna exekuzioan dugu, eskualdeek kudeatzen dugu Europako Batasunaren aurrekontuaren %80 eta legediaren %70. Gure rola handia da, baina handiagoa izatea nahiko genuke.
Zure arloari dagokion eremuan kezka sortu du Sarrigurengo Siemens-Gamesaren lantegiari eragin ahal dion murrizketak, astearte honetan da Enplegu Mahaia. Zer dakizue?
Hainbat aldiz bildu naiz enpresa komitearekin, sindikatuekin eta enpresarekin. Gaur bertan bilera dut Europako Batzordearekin gure industria eolikoa bizitzen ari den zailtasunak aipatzeko. Europan dauden enpresa eoliko denak oso momentu latzak ari dira pasatzen, besteak beste, Europatik ez direlako neurriak hartzen.
«Argi utzi diogu behin eta berriro enpresari enplegu guztiak defendituko ditugula. Nafarroan daukana Siemens- Gamesak ez dauka beste inon»
Txinan, AEBtan, Brasilen, Indian… edozein estatutan parke eoliko bat jarri behar duzunean haien legediak behartzen zaitu gutxienez erdia estatu horretan ekoiztea; errota baten erdia, adibidez, herrialde horretan ekoiztua izan behar da. Horrek euren industria babesten du, mundu osoko herrialdeek egiten dute, Europak izan ezik.
Gaur egun tentsio handia dago beste kontinenteetatik, Txinatik bereziki, etorri daitezkeen konponenteengatik edo baita errotak ere… Ezberdintasun handia egon ahal da kalitatearen aldetik… Europan tentsio handia dago.
Siemens-Gamesari beti esan diogu zer eskaintzen diogun Nafarroatik, inork ez dio eskaintzen zentro esperimental bat, adibidez Alaitzekoa, sei errota handi horiek dira demostratiboak, enpresek euren errotak testatu ahal dituzte. Normaltzat ematen dugu baina Europako bakarra da. Beste laborategi bat eskaintzen diogu palak testatu ahal dituztenak, Zangozan dagoena, hori ez dute Europan… Unibertsitate publikoan izugarrizko formakuntza dago eta hori izan ohi da ahultasun handiena industriarentzat, jende formatua… Argi utzi diogu behin eta berriro enpresari enplegu guztiak defendituko ditugula. Nafarroan daukana Siemens- Gamesak ez dauka beste inon.
Babes gehiago behar du sektoreak?
Argi eta garbi. «Eduki lokala» deritzona oso normala da industria mailan munduko beste kontinenteetan, oso arrunta da. Kotxeekin ikusten ari garen debatea antzekoa da. Txinan bereziki 2005ean egin ziren arau hauek eta orain dela 20 urte Europako eta AEBtako egoera munduan erabat ezberdina zen. Harroputzak izan ginen esatean «goazen gure industria Txinara eramatea, zeren ez baitute ikasiko gure ‘know-how’-a”. Guk egiten dakigu eta eurek ekoitzi ahal dute merkeago. Ba 20 urtetan ikasi dute ez soilik ekoizten, ez bakarrik kalitate oso on batean ekoizten, baizik eta ikerkuntza arloan ere gero eta gehiago ari dira.
«Arauak egoki egin behar dira. Errealitatea da orain dela 20 urte Europako ekonomiak munduaren herena ordezkatzen zuela eta gaur egun ez gara iristen %18ra, argi dago neurriak hartu behar direla»
Arauak egokitu egin behar dira, aro berriak arau berriak eskatzen dituzte. Eta ez da protekzionismoa, da beste hainbat lekutan ezarri dena gure kontinentean ezartzea. Txinan auto bat saltzeko bertan ekoitzi behar da bestela izugarrizko arantzelak ditu.
Mundu mailako arauak egokitu behar dira gure errealitatera. Errealitatea da orain dela 20 urte Europako ekonomiak munduaren herena ordezkatzen zuela eta gaur egun ez gara iristen %18ra, argi dago neurriak hartu behar direla.
Autoak aipatuta, Volkswagenek Alemanian iragarri du enpleguari eragin ahal dion murrizketa; baduzue beldurrik Landabenen eraginik izateko?
Testuinguru batean ikusi behar da, Alemanian negoziazio kolektibo betean daude… Aurreko erantzunean esandakoak aipatuko nituzke, hala ere, eta gehitu behar zaio elektrifikaziorako trantsizioa. Trantsizio hori mundu mailan ari da gertatzen, ez da Europako burugogorkeria bat, Txinan iaz saldutako kotxe berrien %25 elektrikoak izan ziren. AEBtan ere izugarrizko hazkundea izan du… trantsizioa hor dago, etortzen ari da. Hemen, Nafarroan, industrialki hartu behar diren erabaki on guztiak hartu dira. Volkswagen bere 1.000 milioi euroko inbertsio hori egiten ari da, Landaben egokitzen ari da elektrifikaziorako, Mobis planta hori ere martxan dago, 220 milioi euroko inbertsioa. Gestamp, Sangil… Orain ez dugu zalantzarik izan behar, trantsizioa hor dago.
Badakigu datorren urtean bailara bat egongo dela. Landabengo lan horietan momentu batean konbustiorako kateak jaitsi beharko dituzte linea berriei egokitzeko. Datorren urteko bigarren seihilabetekoan ekoizpena jaitsiko da, baina 2026an normaltasunera itzultzeko gaitasuna izango du plantak eta beste bi modelo elektriko izango dira, gainera.
Alemanian gertatzen ari den guztiari begira gaude, ez da bakarrik Volkswagenengatik. Alemania bera une txarra ari da pasatzen, aurreko urteetan ere izan ditu antzekoak eta atera da aurrera, ez dugu zalantzarik Nafarroan Alemaniako industriaren pisua handia baita: Volkswagen, Siemens, Nordex… orokorrean nik uste sendotasuna erakusten ari direla; hori da mezua, trantsizioan egongo dira zalantzak baina argi dugu mundu mailan ari dela gertatzen eta Nafarroan prest gaude trantsizio hori egiteko.
Industriaz hitz egitean maiz titularrei begiratzen diogunean badirudi industria galtzen ari dela, zuk berrindustrializazio garaiaz hitz egiten duzu, ordea…
Bai, hor Nafarroatik hitz egiten badugu salbuespena izan gara. Industriak ordezkatzen du gure ekonomiaren %31, oso kopuru handia da, eta hori zerbitzu industrialak sartu gabe. Europa mailan portzentajea %18 da eta Estatuan %12. Gure industriari eutsi diogu. Baina Europan desindustrializazio maila izugarria egon zen XXI. mende hasieran, hainbat prozesu industrial Asiara eraman zirelako. Berandu, baina ikusi dugu oso arriskutsua izan zela prozesu hura, ez dugu zaindu gure industria.
Ez da soilik lehen aipatu dugun «eduki lokala», da industria ardatz bezala ipintzea politika guztietan… Europak ez du plan industrialik izan hainbat urtetan, 2016an eta 2017an hasi zen horri buruz serio hitz egiten… Horrek esan nahi du ikerkuntzan apustu handiago bat egin behar dela, ekintzailetzan, azpiegituretan, gaitasunean… Ekosistema deitzen diogu guk horri: industria ez da soilik fabrika, honek behar dituen zerbitzu guztiak garatzea baizik… eta politikaren erdigunean jartzea. Asko esan nahi du horrek, industria ardatzean ipintzeak esan nahi du edozein erabaki hartzean perspektiba industrial hori izan behar dutela gobernuek hartzen duten edozein erabakitan.
Merkataritza txikia sustatu asmo duen lege egitasmoa ere abiatu duzue, ohiko bihurtu da dendak isten ikustea, nondik nora joko duzue lege berriarekin?
Proiektu hau egin behar dugu momentu larria ari delako pasatzen txikizkako merkataritza eta inork ez dugu nahi gure herriak merkataritza gabe geratzea. Herrietan ,bestek beste, beharrezko zerbitzu bat eskaintzen dutelako. Arrandegi bat isten denean ez da soilik arrandegi bat isten, hor ematen den zerbitzu bat baizik.
2022tik txikizkako merkataritzaren inguruko plan bat ezarri genuen. Arazoak asko dira: digitalizazioak ekarri dituen hainbat erronka; beti ateratzen da Amazon hitza, baina ez da hori bakarrik: da formakuntza eta da merkatarien figurari ematea balioa. Askotan gizarteak ez du estimatzen zer suposatzen duen merkataria izatea.
Parlamentura bideratu dugun lege berriarekin bideratuko dugu herri edo hiri bakoitzak halako arlo ekonomiko bat sortzea. Zer esan nahi du horrek? Merkatariak bildu ahalko direla asanblea batean eta proposatu ahalko dutela ente juridiko bat sortzea merkataritza garatzeko. Adibidez, publizitatea lantzeko, formakuntza, digitalizazioa..
Merkatariek proposatzean Udalak baietza eman dezake eta emango balu kanon bat sortuko da. Ente juridiko horrek zerbitzu horiek eskainiko ditu, baina merkatari guztiek kanon bat ordaindu beharko dute, ez da gehiegi izango baina eman beharko dute. Irlandan edo Quebecen ikusi ditugu oso esperientzia onak… jendeak parte hartzen du eta zonalde horiek indartu egiten dira. Hori da gure apustua, Nafarroako merkatari elkarte guztiekin landu dugu, laster hasiko da debatea eta espero laster onartzea Parlamentuan.
Abiadura Handiko Trena, Industria sektoreko bizipenetik, baduzu lehentasunik ibilbidearen inguruan?
Ezkio, argi erantzuten dut. Europa mailan bi korridore daude gure esparruan, Atlantikoa eta Mediterraneoa. Gaur egun, Europako Batasunaren proiektua da Atlantikoa eta Mediterraneoa batu behar dituen linea, Iruñetik pasako zena; Iruñea-Zaragoza-Sagunto deitzen da eta Sagunton elkartuko litzateke Atlantikoko korridorea Mediterraneoarekin, Iruñetik igaroz. Horrek mapan jartzen gaitu. Bi korridore batzen dituen mapan kokatuko ginateke. Arrazoi hori oso garrantzitsua da. Mundu honetan existitzea oso garrantzitsua da, bereziki inbertsioak ekartzeko.