Zuzenean
Lan istripuei aurre egiteko lehen protokoloa plazaratzeko aukeratutako lekua ez zen ausazkoa izan: Donibane Lohitzuneko Prado jatetxean izan ziren sindikatuak, non hiru langile larriki erre ziren, duela lau urte.
Lan istripuak, larritasun maila gorabehera, bistaratzea eta publiko egitea da helburua; baita prestatutako protokoloa langileek pixkanaka barneratzea ere, gero eta jende gehiago bildu dadin mobilizazioetan. Zentzu honetan, elkarretaratzeak izango dira aurrerantzean, istripu bat gertatzen den bakoitzean, hura salatzeko.
Protokoloaren ateak zabalik dira oraindik, garapena izan dezake: horren baitan oraindik egin daitezkeen ekarpenen artean, psikosoziologikoak aipatu ditu besteak beste Aramendik, gutxi tratatzen direlako. Pedagogia gehiago proposatu du horretarako, eta metodologia berriak ezartzea.
Uda honetan ez da lan istripu hilgarririk izan Ipar Euskal Herrian, baina isilago gelditzen dira istripu txikiak. Zaila da, ordea, zifra xeheak azaleratzea.
Lan Osasunaren Mundu Eguna gerturatzen ari den honetan, ekintzak aurreikusi dituzte sindikatuek. Azken urteotan mobilizazioak egin izan dituzte. Aurtengoan, berriz, ohiko mobilizazioaren ostean eztabaida edo mahai ingurua planteatzea dute asmoa.
Ipar Euskal Herriko sindikatuen arteko harremana egonkortzen doala gogorarazita, ekimen bateratu hau horren adibide izan baitateke, Aramendik iritzi du pauso berriak espero ditzakegula, eta ibilbide positiboa espero du martxa horretan.