Zuzenean
Heldu den ostegunean EAEn osasungintza alorrean akordioa lortzeko Imanol Pradalesek deitu duen mahaiaren lehen bilkura izan du hizpide lehendabizi Arnaldo Otegik NAIZ Irratian eta EH Bilduk «ekarpen propioak» egingo dituela iragarri du. Gogoratu duenez, «duela hilabete batzuk Urkulluk Osakidetza ongi zegoela zioen, baina EH Bilduk lideratutako konspirazio bat zegoela». Ildo horretan, orain aldaketa izan dela onartu du, «formala». «Etorri dira halako arazoei aurre egiteko EH Bilduk aspalditik planteatu duen esparrura: mahai batean eragile guztiekin egin behar zaiela aurre horrelakoei, formula parte-hartzailearekin. Guk forma eraginkor eta demokratiko hori lehenetsi genuen, eta orain etorri da».
Otegik nabarmendu du Imanol Pradales lehendakariak «zuzendu» egin dituela lehengo politikak, bain «orain 3. fase batera pasa behar da eta mamiari buruz hitz egin behar dugu, Osakidetza duina ziurtatzeko: pribatizazioa, prekarizazioa, zerbitzu publiko kalitatezkoa... Osasungintza giza eskubide bat dela eta administrazioek hori babestu behar dutela planteatuko dugu; guk gure ekarpena egingo dugu».
Uda honetan Pradalesekin zuzenean hitz egin duen galdetuta, ezezkoa erantzun du Otegik, eta Lakuako Gobernu berriak jarrera eta moldeak aldatu dituen arren, aldaketa horiek «formetan» bakarrik daudela esan du, baina iraganeko zantzuak ere ikusten ditu. «Zarauzko ekitaldia ikusita, iraganeko zantzuak daude EAJn. Aldaketak formetan daude, eta hori garrantzitsua da. Lehen ukatu egiten ziren arazoak eta orain onartu egiten dira, baina guk mamiari buruzko eztabaida nahi dugu, eta ikusiko dugu hor ea aldaketa termino estetikoetan egiten den edo jendearen eskubideak bermatzeko politika publikoak egingo dituzten (etxebizitza, osasungintza...). Ituna behar da, politika publikoak aldatuko dituena, ez itxurakeria», adierazi du.
Ikasturte hasierako ekitaldian Pradalesek iragarritako dekalogoaren eta «akordio etikoaren» inguruan Otegik uste du «gutxik» ulertzen duela, «ez bada ekimen politikorako beharra mahai gainean jartzen». EH Bilduko koordinatzailaren iritziz, «euskal politikagintza krispaziotik eta polarizaziotik atera behar dela esaten denean, guk garbi dugu hemen –Araba, Bizkai eta Gipuzkoan– ez dela ematen Estatuan dagoen polarizazioa, hori ez da eszenatokia. Agian Nafarroa Garaian bai, baina hiru probintzietan horrelako fenomernorik ez dago».
Etikaren inguruko proposamenarekin ados daudela esan du, eta «ekarpen propioak» egingo dituztela, «betiere termino eraikitzaileetan bada, eta ez bestearen kontra egiteko».
Urratsak Euskal Herriaren eskubide nazionaletan
Ikasturte politiko honetan landu beharreko beste gaietako bat autogobernua da. Ildo horretan, EH Bilduk «ahalegina egingo du proiektu nazional eta herritarra erdigunean jartzeko eta beste motatako eskubideetan oinarritutako jendarte berdintzailea eraikitzeko», bai Madrilen bai Euskal Herrian.
«Esperiantzia asko dadude herri honetan. Ibarretxe Plana, Loiolako akordioak, Gasteizko Parlamentuan akordioa... Eztabaidak badakizkigu, erreferentziak badaude. Euskal Herraik badu gatazka politikoa bi estatuekin... Gure marko preferentziala gure herria, gure nazioa da, eta une honetan badago aukera bat eta hori aprobetxatu behar da», Otegiren aburuz.
EH Bilduko koordinatzaile orokorraren ustez, ahalegina egin behar da «aurrena euskaldunok gure artean ados jartzeko, zeresanik ez abertzaleen artean, eta gero beste sektore batzuei zabaldu Estatuarekin negoziatzeko, hau ez delako alderdi baten lana». Baikor mintzatu da alde horretatik, nahiz eta «pazientzia» ere behar dela onartu: «Aurtengo kurtso politikoak urratsak ekarri behar ditu Euskal Herriaren eskubide nazionaletan».
Kongresua, otsaila-martxoan
EH Bilduren kongresuari buruz, ziurrenik otsaila-martxoa inguruan izango dela aurreratu du, eta Iruñean izan daitekeela. Gainera, berretsi du koordinatzaile orokor kargurako hautagaitza aurkeztuko duela.
Biltzarrearen helburuei dagokienez, proiektu nazionala erdigunean jartzea, alternatiba izatearen sendotasuna agerian uztea eta belaunaldi berriek gidaritza eta zuzendaritzan gero eta pisu handiagoa hartzea aipatu ditu.
Otegiren arabera, «ospatzeko kongresua izan behar du, sekulako zikloa burutu dugulako. Etorkizuna edo horren zati handi bat ordezkatzen dugu, Euskal Herriaren politikagintza ez da ulertzen EH Bilduren ekarpenik gabe. Emaitza inportanteak ekarriko ditu kongresu honek».