Zuzenean

Itxaso Leon

Bilboko Konpartsek «espazio seguru bat» eman asmo diote haiekin bat egitekoa den orori

Bizkaiko hiriburua Aste Nagusi betean den honetan, sexu erasoen aurkako protokoloak izan ditugu mintzagai NAIZ Irratian. Horretarako, Algara konpartsako Liher Barrantes izan dugu lagun.

Audio_placeholder

Bilboko Konpartsek «espazio seguru bat» eman asmo diote haiekin bat egitekoa den orori

Loading player...
Bilboko Konpartsek erasoen aurkako protokoloa aurkezteko egindako agerraldia. Artxiboko argazkia (O. Matxin | FOKU)
Bilboko Konpartsek erasoen aurkako protokoloa aurkezteko egindako agerraldia. Artxiboko argazkia (O. Matxin | FOKU) (O.MATXIN | FOKU)

Bilbo Aste Nagusian murgildua da dagoeneko. Marijaiaren etorrerak eman zien hasiera larunbatean Bizkaiko hiriburuko jai ospetsuei.

Edonola ere, ukatu ezinezkoa da festaz ari garenean, eta hiri handietako festez batik bat, gozamenaren promesaz gain, albiste ilunagoak ere etortzen zaizkigula ezinbestean burura. Izan ere, gure herri eta hirietako ospakizunek askotariko erasoen inguruko albisteak uzten dizkigute maiz.

Ondo ezagutzen dute errealitate hori Bilboko konpartsakideek eta, egoeraren jakitun, aurre hartu nahi izan diote etortzeko egon litekeenari.

Horretarako, besteak beste, protokolo bateratua aurkeztu zuten duela egun batzuk eraso horien aurrean nola jokatu jakiteko, urtero lez. Gainera, Aste Nagusia abiatzearekin batera, lehen gauean bertan, manifestazioa egin zuten txosna gunean barrena, jai feministak aldarrikatzeko.

Hain zuzen ere, txosnen jarduna eta datozen egunotan suposatu dezaketen espazio segurua izan ditugu hizpide NAIZ Irratian, Algara konpartsako kide den Liher Barrantesekin.

Hasteko, azpimarratu du ondutako 600 jardueratik gorako egitarau oparoa Bilboko Aste Nagusiak propio duen ezaugarria dela. Urte osoko lana da, eta alde horretatik adierazi du «garrantzi handia» ematen dietela konpartsetatik kulturari berari eta jai eredua zaintzeko eskaintzen dituzten hainbat eta hainbat ekintzari. «Zoragarria da zortzi egunetan zehar Bilboko jai gune honetan sortzen den guztia», esan duenez, «eta behintzat espazio hori zaintzen saiatzen gara, eta espazio seguru bat ematen gurekin bat egiten duen orori».

Protokolo bateratua

Aipatu bezala, aurten ere protokolo berritua prestatu dute Bilboko Konpartsek, urtero sor daitezkeen behar berriei heltzeko. Barrantesen hitzetan, «urte dezente» daramate gai horretan formazio esanguratsua izaten, eta jai gunea espazio seguru bilakatu nahi dute, baina horrek «gainditu beharko lituzke» euren espazioaz harago dauden guneak ere.

«Norbanako edo edozein kolektibo zapalduren aurkako erasorik ez dugu onartzen, eta adierazi nahi dugu jai gunea espazio segurua dela, babesturik sentituko direla, eta inongo erasorik gertatzekotan edozein konpartsatara hurbilduta babestuak izango direla» nabarmendu du Algarako konpartsakideak.

Erasoekiko kontzientzia «gero eta zabalagoa» dela gaineratu du, eta talde guztien artean jasotzen dutela aipatu protokoloa, horri «beharrezko trataera» emateko.

Prebentzioa foku pean ipintzea ezinbestekoa bada ere, eraso baten osteko jokabidea zein izango litzatekeen azaldu digu Barrantesek. Horrelako kasuetan «komunikazio zuzena» izaten da, haren hitzetan, eta “erasoaren neurriaren arabera jokabide ezberdinak izaten dira”.

Salaketari dagokionez, su artifizialen osteko tartean izaten da, «hor paroi bat egiten delarik». Hurrengo egunean ere agerraldia espero daiteke halakoetan, erasotzailea salatzeko eta biktima babesteko.

«Gerora, kasuaren larritasunaren arabera, neurri potoloagoak hartzen dira, konpartsen barruan eztabaidatzekoak», esan du. Horrekin batera, «astelehenetik ostiralera koordinazio bilerak izaten dira eguerdian, informazio guztia jasotzeko». Hor bada erasoen kontrako batzorde bat, eta bertan neurtzen da gertatutakoa, gero konpartsa guztien artean hartzeko hartu beharreko erabakiak. Badaude, konpartsakidearen esanetan, «minimo batzuk ezarrita».

Gozamena, bai; zaintza, ere bai

Gauzak horrela, non ipini beharko litzateke fokua datozen egunetan? Gozatzeko deia egin beharko al litzateke, festa bakean bizitzekoa edo elkar zaintzekoa?

Barrantesen esanetan, horietan guztietan: «Bilboko Konpartsok jaiez gozatzeko espazio segurua sortu nahi dugu, non euskal kulturak plaza izango duen eta gure sortzaileak ere etorri ahal izango diren egitarau handi hori osatzera».

Datorren astera begirako hausnarketa borobiltzeko, haren benetako nahia agertu du: «inongo zapalkuntzarik ez izatea eta, behintzat egun hauetan zehar, maite dugun mundu txiki hori errealitate bihurtu eta herri gogo hori festetan nolabait adieraztea».

Jaurlaritza Logoa