Zuzenean

Peli Lekuona

Zelai Amenabarro: «Neurri zehatz eta aurrerakoiak lortu ditugu»

Amaitu dira EH Bilduk legegintzaldi hasieran proposatu zuen zerga ponentziaren lanak. Txostenak aurrera egin du EH Bildu, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduko batzarkidea den Zelai Amenabarrok hitz egin du honen inguruan,  NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Zelai Amenabarro: «Neurri zehatz eta aurrerakoiak lortu ditugu»

Loading player...
Zelai Amenabarro
Zelai Amenabarro (NAIZ Irratia)

Zerga ponentziaren lanak abiatzea proposatu zutenean, EH Bilduren helburua Gipuzkoarako «zerga sistema progresibo eta justu bat lortzea» zela azaldu du Amenabarrok. Txosten horrekin norabide hori hartu dutela uste dute, «neurri zehatz eta aurrerakoiak» lortu dituztelako. Bertan jaso dute, esaterako, zerga sistemak bakoitzari nola eragingo dion, eta adierazi duenez, horri lotutako neurriak «argiak» dira: «Errenta altuenek tributu karga handiagoa izan behar dute baxuekin eta ertainekin alderatuta, eta errenta baxuena dutenei jaitsi egin behar zaizkie zergak». Uste dute modu horretan hobeto banatuko dela aberastasuna.

Hamarnaka hizlari igaro dira ponentziatik, baina esanguratsua izan dena da EH Bilduk botoak batu dituela EAJ eta PSErekin. Amenabarrok azpimarratu duenez, EH Bilduk hasieratik adierazi du elkarrizketarako borondatea, eta bere ustez jarrera hori izan dute: «Lurraldeko lehen indar gisa guk erantzukizun handiz heldu genion erronka honi, eta adostasunak lortzen saiatu gara. Azken batean, jakitun garelako erreforma fiskal aurrerakoi batek onura handiak ekarriko dizkiela lurraldeko herritarrei». Gehitu duenez, negoziazio prozesu guztietan bezala, gai batzuk albo batean utzi behar izan dituzte, baina uste dute lortu duten adostasunarekin herrialderako «onura handiak» izango direla.

Txostenaren barruan emandako aldaketak

Ezberdintasunak daude ponentziako lehen txostena eta azkenekoaren artean. EH Bildutik aipatu zuten «autokonplazentziazkoa» zela lehen txostena. Hala ere, alderdiaren ustez, txosten berrian «ahulguneak identifikatu eta neurri zehatz eta aurrerakoiak» ezartzea lortu dute.

Sozietate gaineko zergari dagokionez, egungo kenkari guztien inpaktuaren eta eraginkortasunaren ebaluazioa egitea lortu dela azaldu du Amenabarrok. Bere ustez, hori oinarri bat izango da, gerora dagozkion erabakiak hartu ahal izateko lagungarri izango dena.

Beste proposamenetako bat da errenta aitorpena egiteko salbuespena kentzea, denek egin dezaten. Amenabarrok azpimarratu du «oso garrantzitsua» izan dela gai hau beraientzat: «Horrekin lortu nahi genuen pertsona guztiek dagozkien laguntzak jaso ahal izatea». Izan ere, gaineratu duenez, gaur egun hainbat laguntza, laguntza fiskalen bidez ematen dira; alokairuarena eta haurra izateagatik ematen dena, esaterako. Ondorioz, errenta arrunt eta baxuak dituztenek edo errenta aitorpena egiten ez dutenek ez daukate aukerarik hauek jasotzeko. «Bistan da egoera hori diskriminatzailea dela eta gure ustez aldatu beharrekoa zen». Beraz, txostenean salbuespen hori kendu dute.

Ezarritako beste helburuetako bat generoa zerga sisteman zeharkakotasunez ezartzea izan da. Puntu horretan, «etengabeko ebaluazioa egitea» proposatu dute. EH Bilduren ustez, «funtsezkoa» da genero ikuspegia zeharka lantzea. Azaldu duenez, badira zenbait kenkari eta hobari neurriz kanpoko mesedea egiten dietenak errenta handienak dituztenei, eta kasu horretan, emakumeak errenta baxuenak dituztenen artean dauden. Horrela, aurrerantzean «emakumeen aldeko neurriak hartzea» proposatu dute «benetako berdintasuna» lortzeko asmoz.

2023aren bukaeran fortuna handien zerga aipagai izan zen. Hau behin behineko zerga izan zen. Negoziazio prozesuan zehar gai hau «korapilo» bat izan dela aitortu du Amenabarrok: «Ponentzian eragileek ehunka proposamen egin dituzte, eta gu adostasuna lortzen saiatu gara, baina kasu horretan ez dugu lortu». EH Bilduren ustez, puntu hau «hobetu» egin beharko litzateke etorkizunean.

Amenabarroren ustez txosten hau onartzea «abiapuntua» izan da, eta bere ustez garrantzitsua da adostasunarekin abiatzea. Hala ere, ondoren hori bete egin behar dela eta bide horretan «zorrotz» jokatuko dutela gaineratu du.

Jaurlaritza Logoa