Zuzenean

Itxaso Leon

«Biotopoari bai, Hegoaldeko Trenbide Saihesbideari ez»

Hegoaldeko Trenbide Saihesbideak zeharkatuko dituenen artean dago Barakaldoko Gorostiza berdegunea; Andoni de la Kontxak (Eguzki) inguruan eragingo lituzkeen kalteetan ipini du azpimarra. Auzotarrek mozio berri bat aurkeztu dute Udalaren osoko bilkuran, aukera jasangarriagoak badirela iritzita.

Audio_placeholder

«Biotopoari bai, Hegoaldeko Trenbide Saihesbideari ez»

Loading player...
Gorostiza auzoako etxe bat, trenbide sarearen aurkako mezuak eskegita
Gorostiza auzoako etxe bat, trenbide sarearen aurkako mezuak eskegita (NAIZ)

Auzotarrek Udalbatzan igorritako proposamena «Barakaldoko auzoak babestea zen, eta abstentzio horrekin asko esan zuten» udal taldeek. EH Bilduk eta Elkarrekin koalizioak bakarrik babestu zuten mozio hori, 27 bototik 7 suposatu zituztelarik. Gainerako 20ak; EAJ, PSE-EE eta PP taldeenak, abstentziorako izan ziren.

Barakaldo Naturalak 2018an sustatutako bideragarritasun teknikoari eta azterketa sozioekonomikoari buruzko txostenean bideragarri gisa aurkezten da C1 eta C2 aldirietako lineak modernizatzea, «Santurtzin, Sestaon eta Barakaldon lurperatuz eta pertsonak zein merkantziak igarotzeko gaitasuna hobetuz». Proposatutako alternatibari esker, auzokideek gogorarazi dutenez, «Ezkerraldean eta Meatzaldean denok irabaziko genuke».

Gorostiza auzoko bizimodura hurbildu gaitu Igor Rodriguez Guinea bizilagunak; azalpen teknikoak gorabehera, hobeto uler dezagun proiektu horrek arriskuan jartzen duen guztia. Arlo guztietako kalteak eragingo lituzkeela azpimarratu digu, bertakoen ongizatetik hasita.

Igor Rodriguez Guinea
Igor Rodriguez Guinea.

Izan ere, gune berde hori hondatzea eta «tramankulu» horrek auzoa zeharkatzea «ulergaitza» da bertako bizilagunentzat. «Nik uste politikariren bat gure auzora hurbilduko balitz eta gure aniztasuna ikusiko balu, ulertuko lukeela». Salatu duenez, «ziurgabetasun egoeran gaude, komunikazio ofizial gutxi iristen zaigu, informazio oso murriztua eta akatsez betea. Hedabideetan plazaratzen dena da martxan jarriko dela, baina aldi berean ikusten dugu ez dagoela aurrekonturik eta egin behar duen enpresa ez dagoela lizitatuta».

Bi hamarkadatik gorako mehatxua

Andoni de la Kontxa Eguzki talde ekologistako (Barakaldo Naturala ekimena osatzen dutenetako bat) kideak egoeraren nondik norakoak argitu dizkigu. 2000. urtetik datoz proiektuaren inguruko aipamenak, baina proposamenak bilakaera izan du azken 24 urteetan zehar, eta itxura aldatu du. Uneotan ezagutzen den informazioaren arabera, etxe batzuetatik 50 metrora pasako litzateke HTSa, eta horrek, besteak beste, «kutsadura akustiko» handia eragingo luke.

«Hainbat gune eta ekosistema ditugu arriskuan, eta biotopoa babestea eskatu dugu. Inguru honetan 53 espezie ditugu guztira, horietako batzuk babestuak, Euskal Herrian eta Europa mailan desagertzeko zorian daudenak». Tartean dira aingira, martin arrantzalea, mirotz zuria edo apoarmatu korrontezalea. Horiek arriskuan jartzeak, nabarmendu du, «ezin du legala izan».

Andoni de la Kontxa
Andoni de la Kontxa trenbideak zeharkatuko lukeen lurra seinalatzen.
 

Kalte paisajistikoa ere «ikaragarria» da: «bi mendilerroren artean gaude Barakaldon, Sasiburu eta Argalario. Horiek zeharkatuko lituzke sareak eta, gainera, erauzketa estazioak zein estazio elektrikoak ezarriko lirateke Gorostiza eta Mesperuza artean».

Barakaldar guztientzat eragin estetikoa suposatzeaz gain, instalazio horrek «lur eremu ugari okupatuko lituzke eta desjabetzeak egongo lirateke. Etxe asko daude inguruan, baserri auzo polita da, eta gure baserritarrei eta gure landei kalte handia egingo lieke». Gauza bera gertatuko litzateke Zubileta auzo zaharrean, 80 metrora igaroko bailitzateke bertan zubibidea.

«Aldarrikapena argi dago», haren esanetan: «biotopoari bai, Hegoaldeko Trenbide Sareari ez. Ez dauka ez justifikazio ekonomikorik ezta sozialik ere, eta gezurrez inguratutako proiektua da».


Jaurlaritza Logoa