Zuzenean
Metroid Prime 4, The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom edo Mario & Luigi: Brothership dira Switch kontsolaren azken hilabeteak argituko dituzten jokoak
Nintendo Direct aurkezpen ikaragarria egin dute japoniarrek, denetariko tituluak aurkeztuz.
Esanguratsuena Nintendo Direct emanaldia izan da, nola ez. Begirada guztiak erakarri dituzte N handiko japoniarrek; izan ere, Switch kontsolaren oinordekoa izango dena estreinatzeko urtebete inguru geratzen da. Oraindik egungo gailu hibridorako prestatzen dabiltzanak erakusteko une aproposena izanik, Nintendokoek artilleria astuna atera dute.
Metroid Prime 4: Beyond dugu, inolako zalantzarik gabe, aurkezpeneko protagonista. Samus (berriz) bueltan da, eta inoiz baino itxura hobea dauka. Zazpi urte igaro dira jadanik MP4 ofizialki iragarri zutenik, baina, azkenik, lehen jokagarritasun bideoa erakutsi digute.
Espazioko abenturez gain, Zelda berria dator. Adi, Link ez baita protagonista izango: bere ordez, Zelda printzesarekin jokatuko dugu The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom interesgarrian. Mario eta Luigi iturginak ere ikusi ditugu Mario & Luigi: Brothership dibertigarriarekin.
Askoz gehiago egon da Nintendokoenean: Dragon Quest HD-2D trilogia, Super Mario Party Jamboree, Donkey Kong Country Returns HD, Marvel vs Capcom Fighting Collection, LEGO Horizon Adventures, Ace Attorney Investigations Collection… esan bezala, Switcharen azken hilabeteen aurrean gaude, baina sasoi bikainean jarraitzen du kontsola arrakastatsuak.
Limited Run Games argitaletxekoek, bestalde, hainbat obra interesgarri aurkeztu dituzte euren aurkezpenean: Beyond Good & Evil – 20th Anniversary Edition, GEX Trilogy edo Snow Bros. Wonderland, besteak beste.
Euskal Herriko bideojoko berriarekin esango diogu agur denboraldiari: Ander Fernandez garatzaile bilbotarrak Crossy Tomato: Ultimate Run kaleratu du Android gailu mugikorretan.