Zuzenean

Peli Lekuona
Elkarrizketa
Itziar Mujika
Osakidetzako erizaina

«Osakidetzak prestigioa galdu du bai, baina ez ote dute hala gertatzea nahi izan?»

Osasun Publikoaren Aldeko plataformak protesta egin zuen atzo Gasteizko Parlamentuan. Bertan izan zen Itziar Mujika erizaina. Osakidetzaren egoerarekin kezkatuta dago eta egoera iraultzeak esfortzu handia beharko duela uste du. Urtetan erakundeetatik interes pribatuen alde jokatu dela gehitu du.

Audio_placeholder

«Osakidetzak prestigioa galdu du bai, baina ez ote dute hala gertatzea nahi izan?»

Loading player...
Osakidetzako erizaina da Itziar Mujika
Osakidetzako erizaina da Itziar Mujika (NAIZ)

Osakidetzan lan egiten du Itziar Mujikak. Erizaina da eta azal propioan bizi du Osakidetzaren egoera kaxkarra; baita larrutik ordaindu ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun sistema publikoak dituen gabeziak konpontzeak denbora beharko duela dio. «Ez dago miraririk». Erizainek egoera apaltzen egin dezaketen ekarpenari buruz galdetuta, laguntzeko prest direla azaldu du. Baina, horretarako, formakuntza eta babes juridiko falta dagoela azpimarratu du.

«Gu oso salduta gaude», aitortu du Mujika erizainak, Euskal Herrian dauden zerbitzu publikoei garrantzia ematen die, baloratzen ditu baina begiak zabaltzeko ordua dela uste du: «Zerbitzu asko ez daude zerbitzu publikoen eskuetan, murrizketa eta pribatizazio hitzak ez dituzte gustuko eta beste eufemismo batzuk erabiltzen dituzte». Eta azaldu du zenbait zentroek Osakidetzaren ikurra izan arren, ez direla Osakidetzaren zerbitzu zuzenak, «enpresa horietako langileen baldintzak eskasak dira eta Osakidetzaren zerbitzuak gero eta ahulagoak».

Osakidetzaren egoera okertzen ari den bitartean, sektorea pribatua geroz eta hobeto dagoela dio. Eta kezka agertu du, sistema publikoaren desmantelamenduaren atzean interes pribatuak ez ote dauden zalantza eginda.

Udan Osakidetzan izango diren murrizketen inguruan ere mintzatu da. Kontatu du oraingoan publikoki esan dela zenbat zentro itxiko diren, zenbatek jasango dituzten murrizketak, baina egunerokoan gertatzen ari denaren «jarraipena besterik ez» dela esan du, «herritar guztiak elkartu ezean aski dela esateko, horrela jarraituko dute».

Elkarrizketa konponbiderako gakoa

«Osakidetzak prestigioa galdu du bai, baina ez ote dute hala gertatzea nahi izan?», hausnartu du. Izan ere, aitortu du oso zaila dela Osakidetzan artatua izatea, «espezialista bat behar baldin baduzu, nahiz eta borrokatu, desesperatuta azkenean pribatura joaten zara».

Aldaketak eta benetako konpromisoak behar direla aldarrikatu du Mujikak. Orain artean Osakidetzan «goitik beherako» aginduak izan direla esan du, eta konponbiderako «elkarri entzutea eta denon artean pentsatzea» ezinbestekotzat jotzen ditu.

Erizainaren egunerokotasunaz galdetuta, «kate bat» dela adierazi du: «Sendagile gutxi badaude, erizainak behartuta gaude erabaki batzuk hartzera. Lanera estresatuta joaten gara, lehen arretako baloreak galtzen ari dira eta dena momentuko arazoak konpontzea da...».

Adibide zehatz bat ere eman du, idazkariena: «Nik lan egiten dudan lekuan, idazkari arduradunak Osakidetza utzi du. Lakuako administraziorako oposaketak prestatuko ditu. Batzuetan gure osasun mentala eta estresa neurtu eta lanera beste leku batera joatea erabakitzen dugu, nahiz eta soldata txikiagoa izan».

Jaurlaritza Logoa