Zuzenean
56 dira dagoeneko Gipuzkoan abiatu dituzten komunitate energetikoak, hauek guztiak monitarizatzeko balioko du ostiral honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen Eraldaketa Energetikoaren Bulegoak.
Jose Inazio Asensio Jasangarritasun diputatuak NAIZ Irratian azaldu du aholkularitza teknikoa eta juridikoa emateko ere balioko duela. Bulego berri honen bidez autokontsumoa zenbatekoa den neurtuko dutela eta hola hobetu daitekeen kontsumo hori, «alderaketak egiteko ere balioko digu, komunitate batek besteak baino gehiago autokontsumitzen badu horren arrazoiak aztertzeko balioko digu».
Udalen eta Foru Aldundiaren arteko eredu partekatua dela nabarmendu du Asensiok, «udalek espazioa jarri ohi dute eta Aldundiak aholkularitza teknikoa». 10.000 bat familia dira dagoeneko komunitaeko partaide, «gure asmoa da herri guztietan komunitate bat izatea behintzat».
«Aierdik ez du ulertzen»
Zubietatik Artaxoara igorritako lixibiatuen inguruan ere hitz egin du Asensiok. Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzari Zubietako hondakinak kudeatzen dituen Ekondakin enpresari espedientea irekitzeko eskatu dio, behar ez ziren hondakinak igortzeagatik Nafarroara. «Aierdirekin gertatutakoa ez du zentzurik», Asensioren esanetan, «nik gonbidatu nuen Aierdi Zubietan gertatzen dena ulertzera, baina ez du ezer ikasi, berak jakingo du zergatik desbideratu nahi duen bere ardura».
Gipuzkoako Jasangarritasun diputatuak dio Jaurlaritzak gertutik jarraitzen duela Zubietako ibilmoldea eta «beti legeak markatzen duen bezala» kudeatu dituztela Gipuzkoako plantan hondakinak.