Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Oihana San Vicente
Sortuko Nazio Kontseiluko kidea

«Estrategia eraginkor bat du ezker abertzaleak eta burujabetza esparru berriak behar ditugu»

Sortuk bere VII. Nazio Konferentzia egingo du ostiral eta larunbat honetan, Agurainen. Bertan emanen diren eztabaiden xehetasunen berri eman du Oihana San Vicente Nazio Kontseiluko kideak NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Estrategia eraginkor bat du ezker abertzaleak eta burujabetza esparru berriak behar ditugu»

Loading player...
Oihana San Vicente, Sortuko Nazio Kontseiluko kidea, NAIZ Irratian.
Oihana San Vicente, Sortuko Nazio Kontseiluko kidea, NAIZ Irratian. (NAIZ Irratia)

VII. Nazio Konferentzia deitu du Sortuk, ekainaren 21 eta 22rako, Agurainen. Oihana San Vicente Sortuko Nazio Kontseiluko kidea NAIZ Irratian izan da astezken honetan, zitaren nondik norakoak azaltzeko. «Estrategia eraginkor bat du ezker abertzaleak azken urteetan eta estrategia independentistak aurrera egiteko zer behar duen hausnartu beharko dugu, burujabetza esparru berriak irabazteko», adierazi du.

Ikasturte politikoaren balantzea egin du San Vicentek, urte «emankorra» izan dela iritzita. «Politikoki oso intentsoa. Kurtsoa abiatu genuenean aurreikusten genuen eta hala izan da. Ziklo elektoral garrantzitsu bat pasa berri dugu, baina dinamika eta aldarrikapen sozialari dagokionean ere oso urte intentsoa eta emankorra izan da», aipatu du.

Lurralde ereduaren eztabaida izan da ikasturte guztian zehar mahai gainean egon den gaietako bat. San Vicentek adierazi duenez, «Euskal Herrian sortzen diren dinamikak Euskal Herritik Euskal Herrirako lan egiten dutelako eta Madrilen sortuta dagoen egoera eta Sanchezen Gobernuaren bueltan dagoen egoerak nazio auziari buruz hitz egitea ekartzen duelako» izan da. Bide horretan jarraitzeari garrantzia eman dio Sortuko kideak.

Zehazki, EAEko estatutu berri baten inguruko eztabaida «termino eraikitzaile eta errealetan ematea» bera «helburu bat» dela nabarmendu du. «Azken urteetan rotonda bati bueltaka gabiltza eta bada garaia eztabaida hau seriotasunez hartzeko. Garrantzitsua da nola hartzen duen eragile politiko bakoitzak eztabaida hau. Estatusaren inguruko eztabaidak zer harreman dugun Estatuarekin argitu behar da».

Zentzu horretan «aitortu gabeko nazio bat garela» nabarmendu du San Vicentek eta gogora ekarri du azkenaldian Sortuk «Estatu espainol plurinazional baten inguruan» hitz egin duela. «Eztabaida hor dago, ez bakarrik estatutu baten inguruan, baizik eta Estatuarekin dugun erlazioari buruz, burujabetza handiagoa izango dugun edo ez».

Estatuaren indartzea eta sozialismoaren gaurkotzea

Nazioarteko testuinguruari begira ere jarri da ezker abertzaleko alderdiko kidea eta, bere hitzetan, «hainbat gertakarik erakusten dute Estatuaren indartzearen behar bat». Honela azaldu du. «Aldaketa estrategiko oso potolo batzuen garaian gaude, mundu mailan. Estatuen indarraren beharraren inguruan eztabaida sortu da, eta gure ikuspegitik oso interesgarria da».

Era berean, San Vicentek gogora ekarri du Sortuk otsailean abiatu zuela XXI. mendeko sozialismoari buruz gogoetatzeko erabakia. Irratzarrek antolatu dituen solasaldiek horri erantzun nahi diote. «Lasaitasunez hartu behar da, eztabaida sakona behar du eta orain abiapuntua baino ez diogu jarriko. Teoria politiko batetik harago, gaur egun Euskal Herrian sozialismoa nola lotzen dugun herritarrak hobe bizitzearekin eta bizitzak erdigunean jartzearekin. Eztabaida errealak ekartzen dizkigu, energia, elikadura, zaintzak... Oinarri ideologiko sakonak izango ditu, baina ariketa praktikoa egin behar dugu gaur egungo Euskal Herrian txertatzeko».

Ikasturte politikoko bukaera izanik, «balantzea ixteko unea» izango du Sortuk eta, zentzu horretan, plan politikoaren inguruko eztabaida egingo dute. «Plan politiko sendo eta finkatua dugu azken urteetan eta aurreikusten dugu horretan sakondu behar dugula». Honela, lehentasun gisa «askapen prozesua nondik eta nola indartzen» jarraitu behar den kokatu du San Vicentek. «Estrategia eraginkor bat du ezker abertzaleak azken urteetan eta estrategia independentistak aurrera egiteko zer behar duen hausnartu beharko dugu, burujabetza esparru berriak irabazteko. Gehiengo politiko eta sozialak behar ditugu eta behar dugu indartu nazio taupada deitzen dugun hori. Elementu horiek klabeak dira gure estrategian eta askapen prozesuan».

Jaurlaritza Logoa