Zuzenean

NAIZ Irratia

«Lehenetsi egin ditugu ezkerreko sentsibilitate horiekin bateratzen gaituzten puntuak»

Estatu frantseseko hauteskunde legegileen atarian, EH Baik Fronte Popularrarekin bat egitea erabaki du. La France Insoumise, Alderdi Sozialista, Ekologistak eta Alderdi Komunista elkartuko dira barnean. Horren inguruan aritu da Xabi Larralde NAIZ Irratiko mikrofonoetan.

Audio_placeholder

«Lehenetsi egin ditugu ezkerreko sentsibilitate horiekin bateratzen gaituzten puntuak»

Loading player...
Larralde eta Mathilde Hary, EH Baiko ordezkaria, koalizioaren agerraldi batean.
Larralde eta Mathilde Hary, EH Baiko ordezkaria, koalizioaren agerraldi batean. (Nahia GARAT)

Egoeraren larritasuna baloratu ostean hartutako erabakia da: EH Baik Fronte Popularrarekin bat egingo du. Ultraeskuinari nolabait aurre egiteko egindako mugimendua izan dela azaldu du taldeak. Erabaki horren nondik norakoak azaldu eta arrazoitzeko, NAIZ Irratian izan da Xabi Larralde alderdi abertzaleko ordezkaria.

«Astelehen gauean jakin zelarik FP hori osatuko zela, pausoa txalotu genuen, eta gure disposizioa agertu», azpimarratu du Larraldek. Erantsi duenez, «hortik aurrera, adostasunera iritsi gara, eta baieztatua izan da modu biziki zabalean gure militantziaren partetik; horrek suposatu duelarik lehenestea ezkerreko sentsibilitate horiekin bateratzen gaituzten puntuak eta bigarren planoan uztea bereizten gaituztenak».

Hala ere, erabaki ororen atzean egoten dira zalantza ugari. Izan ere, oinarrietan beti egon daitezke iritzi kontrajarriak, eta ez da beti bide erraza izaten. Hori dela eta, ildo politiko jakin batzuetako alderdiekin elkartzea apur bat kostatu zaiela azaldu du.

Europako azken hauteskundeetako emaitzak ikusirik, Ipar Euskal Herrian ultraeskuinak izan duen gorakada izan da protagonista azken egun hauetan, eta Larraldek horren interpretazioa egin du: «Lehen aldia da, eta kezkatzekoa oso, baina gure jendartean diren joera horiek kontuan hartu behar ditugu».

Emmanuel Macronek bideratutako politika neoliberal gogorrak eta azken urteetan ezkerrak berak modu sinesgarri batean eredu alternatibo bat mahai gainean jartzeko izan dituen zailtasunak aipatu ditu hori ulertzeko gako gisa.

«Estatu Frantsesean bada soziologikoki eremu bat, aspaldiko garaietan langilerian finkatua zena eta ezkerra bozkatzen zuena, eta orain guztiz kokatua dena eskuin muturrean. Beraz, gaia ez da soilik ikuspegi ultranazionalista eta arrazista. Soziala ere bada», erantsi du.

Jaurlaritza Logoa