Zuzenean

Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Elkarrizketa
Garazi Murua
Athleticeko jokalaria

«Itzuleran gauzak ez dira berdinak izan, taldeak aurrera egin du, eta ez dut aukerarik izan»

Azken bi urteak «oso gogorrak eta luzeak» egin zaizkio Garazi Muruari, baina urte horiek kenduta, «oso bizipen politak» ditu. Klubaren proiektua «kontsolidatzen» ari denean, erretiroa hartzea erabaki du umetan jokatzea «amesten» zuen taldean. Igandean azken lehia jokatuko du San Mamesen (12.00etan).

Audio_placeholder

«Itzuleran gauzak ez dira berdinak izan, taldeak aurrera egin du, eta ez dut aukerarik izan»

Loading player...
Garazi Murua Athleticeko jokalaria, Getxoko portu zaharrean.
Garazi Murua Athleticeko jokalaria, Getxoko portu zaharrean. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Getxoko portu zaharrean jarri du hitzordua Garazi Murua (Getxo, 1995) Athleticeko jokalariak, Algortakoak direnentzat, «toki kuttunenean». Joan den astean iragarri zuen erretiroa hartuko zuela, ia bi urtez jokatu gabe egon ostean, hernia diskal bat dela-eta. Bazuen oraindik «futbola oinetan», eta jokatzen jarraitzeko aukera izanda ere, uztea erabaki du «oso modu kontzientean eta ondo pentsatuta». Ez zuen ikusten bere burua Athletic ez den beste leku batean.

«Amets bat elikatzen zuen gasolina» izan zen 2002-2003 denboraldia, «Eli Caparen, Eli Ibarraren, Itziar Gurrutxagaren, Eba Ferreiraren, Nerea Onaindiaren, ez dut inor ahaztu nahi...» Athleticek liga irabazi zuenean, han aurreneko aldiz ikusi baitzuen aukera zuela gorengo mailan elastiko zuri-gorria janzteko. «Haiek zabaldu zizkiguten ateak, eta borroka horrek jarraitu du, eta jarraituko du».

Berdegunean ez ezik, bertatik kanpo ahotsa altxatu duen horietako bat izan da atzelari getxoztarra, eta azken elkarrizketa honetan ere, jarraitu du aldarrikatzen, besteak beste, azpimarratuz garrantzitsua dela liga hasieran adostu zuten soldaten igoeraren hitzarmena sinatzea. 

Zuri-gorrien proiektua «kontsolidatzen» ari dela nabarmentzeaz gain, behin baino gehiagotan ere esan du espero duela «laster» Athleticek beste titulu bat lortzeko aukera izatea.

Zer moduz doa azken astea?

Ondo, oso emotiboa eta nahiko frenetikoa izaten ari da. Oso eskertuta eta hunkituta nago jaso ditudan maitasun mezuengatik, animo mezuengatik; bai bideoak, bai nire ibilbideak izan duen harreragatik.
      
Ia bi urte daramatzazu jokatu ezinda hernia diskal bat dela-eta. Horrela, erabakia hartzea errazagoa da edo are zailagoa?

Ez dakit. Aitortu behar dut azken bi urte hauek oso gogorrak izan direla, urteak neramatzan bizkarreko minez jokatzen, eta azkenean gorputzak esan zuen geratu egin behar nintzela. Errekuperazio prozesua luzea eta gogorra izan da, eta gero horrenbeste denboraren ondoren, nire itzuleran gauzak ez dira berdinak izan. Taldeak aurrera egin du, normala den bezala, eta tamalez zelaian ez dut parte hartzeko aukerarik izan. Pixka bat dena holistikoki baloratuta-eta, orain arte nire bizitza eta nire ibilbidea oso zentratuta egon da futbolean, baita ikasketetan ere, eta hori oso exijentea da. Bi urte gogorren ondoren erabaki dut beste batzuei lekua uztea, eta nik ere beste bide profesional bati ekitea.
      
Jokatzen, momentu onean, utzi nahi izaten da futbola. Zure kasuan ez da horrela izan. Hori gogorra da?

Bai, gogorra da, eta pena ematen dit, batez ere errekuperazio lanean egindako lan gogorrarengatik. Ez nik bakarrik, baita nirekin egon diren profesionalengatik ere, oso lan gogorra eta ona egin baitute. Horren ondoren, zelaian parte hartzeko aukerarik ez izatea gogorra da, baina uste dut 14 urte daramatzatela klubean, eta azkeneko bi urte hauek kenduta, oso-oso bizipen politak, onak eta baikorrak ditut. Esker hitzak besterik ez ditut Athletic osatzen duen familiarentzat. Horrela gogoratu nahi dut, eta disfrutatu nahi dut azken partida, taldekideekin eta nire jendearekin batera, San Mamesen agur esateko.

«Helburua Europako txapelketetan parte hartzea da, tituluak irabaztea, eta espero dut laster lortzea»

29 urte besterik ez dituzu. Beharbada goiz samar da?

Agian bai, ez dakit. Badakit oraindik futbola bazegoela nire oinetan, eta jokatzen jarraitzeko aukera izanda ere, erabaki hau hartu dut modu kontzientean, eta ondo pentsatuta.

2023an ebakuntza egitea erabaki zenuen, eta urte eta erdiz ezin izan duzu partidarik jokatu. Nolakoa izan da azken urtea?

Alde batetik, pozik egon naiz ondo errekuperatu naizelako lesio oso gogor batetik. Beste alde batetik, taldean asko disfrutatu dut eguneroko bizitzan, eguneroko lanean, baina azkenean jokalari orok jokatu nahi du, eta ez dut aukera hori izan. Baina balorazio baikorra egiten dut, nire urteak Athleticen oso ederrak izan dira, eta horrela itxi nahi dut denboraldia, eta agurtu nire taldea, nire jendea, eta nire kluba.

Ibilbidearen errepasoa egingo dugu. Hementxe hasi zen dena. Getxon. Bizkerren eman zenizkion baloiari lehen kolpeak?

Bai, hasieran eskolan, patioan eta herriko parkean hasi nintzen. Gero, gurasoen lanagatik Estatu Batuetara joan ginen, Nevadara, eta han hasi nintzen talde misto batean aurrenekoz jokatzen, bederatzi-hamar urte nituela. Handik bueltatu ginenean Bizkerren hasi nintzen, aurrena mutilekin eta gero uste dut infantiletatik aurrera ez zidatela utzi mutilekin gehiago jokatzen, arauen kontuagatik eta nesketara pasatu nintzen. Orduan Athleticek fitxatu ninduen bigarren talderako, eta hor lauzpabost urte egin nituen. Estatu Batuetan egin nuen beste egonaldi labur bat, Tennessee unibertsitatean, eta handik bueltatu eta hiru hilabetera Athleticen debuta egin nuen. Harrezkeroztik nire ibilbide profesional guztia Athleticen egin dut.

Bizkerren orduan nesken talderik ez zegoen?

Bai, bazegoen, baina eskolako mutilekin jokatzen nuen hasieran, eta gero nesken aldera pasatu nintzen, eta egia esan gaztaroko urte horiek dira nire ibilbideko politenak, bai Bizkerren, bai Athleticen igaro nituenak.

Umea zinela, erreferenterik bazenuen?

Hasieran telebistan gehien ikusten genituenak gizonak ziren, baina niretzat oso une garrantzitsu bat dago: Athleticen emakumezkoen taldeak 2002-2003 denboraldian, liga irabazi zuenean, San Mamesen jokatu zela azken partida, nik hor aurreneko aldiz ikusi nuen, emakume izanda, banuela Athleticeko elastikoa jantzita jokatzea goreneko mailan. Hori klik bat bezala izan zen, amets bat elikatzen duen gasolina bezalakoxea. Horrekin amestu nuen, eta gero nire idoloak eta erreferenteak izan diren askorekin jokatzeko aukera izan dut. Irene Paredes, Eli Ibarra, Ainhoa Tirapu... jokalari historikoak, eta gero Itziar Gurrutxaga, Eba Ferreira, Nerea Onaindia eta abar ere jarraitzen nituen. Horiek izan dira gure aitzindariak, eta guri ateak zabaldu dizkigutenak, eta beraz, beraiei ere oso eskertuta nago.

Athleticeko lehen taldera salto egin aurretik Lezaman egon zinen, eta orduan ere Estatu Batuetara joan zinen, denboraldi batez. Zein alde zuen hango eta hemengo ligak?

Liga unibertsitarioan egon nintzen, eta antolaketa erabat desberdina da, ez da kluben arabera hemen bezala, unibertsitateen arabera baizik. Han oso ondo uztartzen zuten kirol alderdia eta akademikoa. Futbolari dagokionez, askoz ere fisikoagoa zen, unibertsitateek izugarrizko baliabideak dituzte euren kirol programetan, eta kirola eta futbola ulertzeko beste modu bat ikasi nuen, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Baina erabaki nuen bueltatzea, eta zortea izan nuen, handik hiru hilabetera lehen mailan debuta egin nuelako, eta orduz geroztik Athleticen izan naiz.

Juanlu Fuentesekin debutatu zenuen 2015ean. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Oso-oso urduri nengoen, atsedenaldiaren ostean atera nintzen, Collerenseren kontra. Zelaia nahiko lokaztuta zegoen, eta gogoratzen dut oso urduri nengoela, eta eduki nuen aurreneko interbentzioan txartel horia atera zidatela. Gero partida ondo joan zen, 6-0 irabazi genuen. Hortik aurrera erregulartasunez jokatzen hasi nintzen, beraz, oso eskertuta nago urte horietan niregan konfiantza izan zuten horiekin.

Orain ba al dago zelai lokazturik?

Orain gutxixeago ikusten dira zelai lokaztuak. Uste dut geroz eta gehiago zaintzen direla dauzkagun baliabideak ligan, klubek ere geroz eta gehiago zaintzen dituzte, ez dakit arau zorrotzagoak ote dauden zelaien inguruan... Dena den ildo horretatik jarraituz, ligak pauso bat aurrera eman behar du instalazioak oraindik eta gehiago hobetzeko, profesionalizatzeko, eta belar artifizialeko zelaiak erabat desagertzeko. Partidarik gehienak belar naturalean jokatzen dira, baina garrantzitsua da baita ere zaleei instalazioetara iristea erraztea.

«Urteak neramatzan bizkarreko minez jokatzen, eta azkenean gorputzak esan zuen geratu egin behar nintzela»

Debuta egin eta datorren denboraldia izan zen onena. Athleticek ospatu duen azken ligako titulua, 2015-2016 sasoian. Partida guztiak jokatu zenituen, Irene Paredesekin batera atzean.

Oso urte exijentea izan zen. Gainera, azken 10-11 jardunaldiak Bartzelona puntu batera zegoen. Sekulako tentsioarekin bizi izan genuen, baina oso urte polita izan zen. Gainera, Athletici eta gure zaleei titulu bat eman genien. Oso liga lehiatua eta zaila izan zen. Daukadan oroitzapen politenetako bat, eta ziurrenik nire lorpenik handiena.

Hurrengo denboraldian saria iritsi zen: Txapeldunen Liga jokatu zenuten. Talde horretan zeuden Lizaso, Oroz, Iraia, Tirapu, Vanessa, Arraiza, Lucia Garcia, Yulema Corres...

Hori ere oso kuttuna dudan esperientzia bat da. Egia da gutxi iraun zuela, baina San Mameseko partida ederra izan zen, amesteko aukera eman zigulako eta askorentzat Txapeldunen Ligako lehen parte hartzea izan zelako.

Erretiroa iragarri zenuen bideoan hauxe aipatu zenuen: “Beste batzuek erakutsi zidatelako bidea”. Zein dira beste horiek?

Athleticek lehen liga irabazi zuenean, 2002-2003 denboraldian, San Mames bete zenean, hor ikusi nuen Athleticeko elastikoa jantzi nezakeela gorengo mailan. Iraia, Tirapu, Erika, Gimbert, Eli Capa, Itziar Gurrutxaga, Eva Ferreira... ez dut inor ahaztu nahi, asko daude-eta, beraiek zabaldu zizkiguten ateak. Beraiek ere borroka handi bat egin zuten, ondorengo belaunaldiei, gureari, eurak aurkitu zutena baino hobeto uzteko, pixka bat bideoaren mezua hori zen. Mezu horrek edo borroka horrek jarraitu duela, eta jarraituko duela aurrera emakumezkoen futbolak eta oro har kirolak, aurrera egin dezan eta kirol parekideagoa izan dezagun.

Taldea eraberritzen ari da. Gazteenek tokia hartzen joan diren heinean, zelaian gutxiago jokatu duzu. Atzetik indartsu datozen seinale?

Bai, atzetik indartsu datoz eta oso jokalari baliotsuak, eta talentudunak dauzkagu. Espero dut laster emakumeen talde horrek Athletici beste titulu bat emateko aukera izatea.

Denboraldi honetan lastima Kopako finalerdietan Bartzelona egokitu izana. Tira, finalerdietan edo finalean ere izan bazen...

Bai, azkenean Bartzelona da emakumezkoen futbolean klub guztiek begiratu behar duten eredua. Merezita daude dauden tokian. Gainerakoek bide hori jarraitu behar dugu, eta lehiakortasun maila horretara iritsi. Uste dut bide horretan gaudela.

«Oso eskertuta eta hunkituta nago jaso ditudan maitasun mezu guztiengatik eta jaso dudan errekonozimendu guztiagatik»

2015etik gaur egunera arte Athleticek zer prozesu izan du? 2015ean beharbada goia jo zuen ligako titulua irabazita. Paredes, Damaris, Oroz... gazte belaunaldi hori; ondoren Iraiaren eta Tirapuren belaunaldiak utzi zuen; eta orain ematen du berriro ere gora doala.

Uste dut hor trantsizioko urte asko egon direla. Nik beti pentsatu izan dut trantsizioek ezin dutela denbora asko iraun, proiektuak kontsolidatu egin behar direla. Orain kluba bide horretan da, proiektua kontsolidatzen. Denboraldi ona egin dugu, multzo oso ona dago, eta helburua Europako txapelketetan parte hartzea da, tituluak irabaztea, eta espero dut laster lortzea helburu hori.

Sasoi honetan saltoa eman duzue. Igande honetako azken partidaren faltan hortxe duzue jokoan bosgarren edo seigarren postua.

Bai, uste dut denboraldi ona izan dela, talde oso gaztea edukita. Kontsolidazio prozesu horren parte da, gainera uste dut taldeak modu erakargarrian jokatu duela, eta horri jarraikortasuna eman behar zaio datozen denboraldietan.

Etorkizunera begira, zer itxura hartzen diozu taldeari?

Oso talde gaztea da, baina oso lehiakorra. Multzoa mantentzen badugu, uste dut Athletic laster tituluak borrokatzeko moduan egongo dela, baita Europako txapelketetan aritzeko ere. Ni eta beste horrenbeste egongo gara harmailan animatzen eta bultzatzen, inbidia sanoarekin, noski.

Hamar denboraldi Athleticen, 178 partida jokatu dituzu, eta azken denboraldietan kapitaina izan zara. Zer balorazio egiten duzu ibilbideaz?

Oso harro nago, eta oso eskertuta, batez ere azken egun hauetan jaso dudan maitasunagatik eta errekonozimenduagatik. Guk hartu genuen egoera aurrekoek aurkitu zutena baino askoz hobea izan da, guk ere borroka egin dugu kirol arloan, baita zelaitik kanpo ere, jokalarien edo taldearen baldintzak hobetzeko. Iritsi gara iritsi garen tokira, eta orain beraiei dagokie jarraitzea, guk kanpotik bultza egingo diegu, nik beti esan dut zaleen babesik gabe, emakumezkoen futbolaren eta kirolaren bilakaera ez zela posible izango. Eta gu ere hor izango gara. Niretzat harrotasun itzela da Athleticekin titulu bat irabaztea, Txapeldunen Ligan lehiatzea, kapitain izateko ohorea izatea hainbat urtetan, eta orain beste batzuen txanda da, eta disfruta dezatela.

Aipatu duzu berdegunean ez ezik, bertatik kanpo ere borrokatu duzula: liga profesionala, lan hitzarmena... Nolakoa izan da prozesua?

Beti izan da nahiko gatazkatsua. Egia da azken urteetan lortu zela aurreneko hitzarmena, liga profesionalizatzea, telebista mailan ere ikusgarritasuna ligarena bultzatzea, baina uste dut oraindik asko dagoela egiteko. Orain datozen denboraldiei dagokie borroka hori, eta guk kanpotik lagundu eta bultzatuko diegu, ahal dugun neurrian. Ligaren hasieran egon zen grebaren ondoren, soldaten inguruan akordio batera iritsi ginen, baina oraindik hitzarmena sinatu gabe dago. Uste dut garrantzitsua dela denboraldi hau bukatu baino lehen hitzarmena sinatuta egotea, izango litzatekeelako jada beste maila batera edo beste puntu batetik borrokan jarraitzeko bidea, baldintzak ere hobetzekoa.

Bideoan ere azpimarratu zenuen “botak ez dira eskegitzen, oinordetu egiten dira”. Nori utziko dizkiozu futboleko oinetakoak? Beste modu batera galdetuta. Nor izango da Athleticeko ikur edo eredu?

Ez dakit, uste dut gure aldagelan lider asko daudela, lider baliotsu asko, kapazak eta Athletic maite dutenak, emakumezkoen futbola maite dutenak, eta konprometituak daudenak. Beraz, asko daude, eta nik denei utzi nahiko nizkieke.

Futbolari lotua jarraituko duzu?

Orain liga bukatzen denean, pixka bat deskantsatu nahi dut, udaz disfrutatu, ikasketak baditut, orain irailean Masterreko praktikak egingo ditut, eta gero ikusiko dugu. Oraindik aukera desberdinak badauzkat, baina baloratu behar dut nondik jo nahi dudan. Horregatik, orain pixka bat deskantsatu nahi dut, eta pentsatzeko denbora hartu. Ez dakit kirolaren munduari lotua izango naizen, baina ziur naiz beti taldea jarraituko dudala, eta harmailan izango naizela.

«Ligak pauso bat aurrera eman behar du instalazioak oraindik eta gehiago hobetzeko, profesionalizatzeko, eta belar artifizialeko zelaiak erabat desagertzeko»

Igande honetan San Mamesen agurra. Nola zaude?

Hunkituta eta urduri, aldi berean, badakidalako azken partida izango dela, taldeari, zaleei, eta klubari agur esateko. Alde horretatik urduri, baina baita ere oso eskertuta eta hunkituta jaso ditudan maitasun mezu guztiengatik eta jaso dudan errekonozimendu guztiagatik. Oso pozik nago.

Gol batekin amaitzea ez legoke gaizki.

Ez, ez legoke gaizki, baina batez ere garaipen batekin gustatuko litzaidake, eta gure atea hutsean.

Gola sartuz gero, nola ospatuko zenuke?

Ez dakit, uste dut gustatuko litzaidakeela harmailetan daukadan familia, lagun, ezagun eta zale guztiak besarkatzea, baita taldekideak besarkatzea ere.

Jaurlaritza Logoa