Zuzenean

NAIZ irratia

«Ekoizpena %100ean geldi» Vianako Mondelez gaileta lantegian

Lan hitzarmenaren negoziaketaren blokeoa aurre egin asmoz, greba mugagabeari ekin diote BIanako Mondelez gaileta fabrikako langileek. Oskarbi Goldaraz LAB sindikatuko ordezkariak nabarmendu du jarraipena oso zabala izaten ari dela. Eskualdeko Ebroko Papelerak ere ostegunean ekingo dio grebari.

Audio_placeholder

«Ekoizpena %100ean geldi» Vianako Mondelez gaileta lantegian

Loading player...
Greba mugagabeari ekin diote Mondelezeko langileek Bianan
Greba mugagabeari ekin diote Mondelezeko langileek Bianan (LAB sindikatua)

400 langile ditu Vianako Mondelez gaileta fabrikak. Lizarrako merindadean, Araba eta Errioxarekin muga-eremuko enpresa nagusienetakoa da eta astelehen honetan greba mugagabeari ekin diote bertako beharginek. Blokeatuta dagoen lan-hitzarmenaren negoziazioa astindu nahi dute, zuzendaritzaren immobilismoa salatzearekin batera.

CCOO, LAB eta ELA sindikatuek osatutako enpresa batzordeak pasa den asteazkenean eman zuen erabakiaren berri. Grebarako deia egin zuten zentralek «enpresaren irabazi handiak berdintasunez banatuko dituen hitzarmen duin baten alde». Astelehen honetan ekin diote borrokaldiari eta Oskarbi Goldaraz LAB sindikatuko ordezkariak NAIZ irratiari emandako azalpenen arabera, jarraipen handia izan du lehen greba egunak lantegian. Ekoizpena geldi dagoela gehitu du. Enpresaren aldetik, momentuz, mugimendu edo erantzunik ez dute jaso.

Goldarazek aletu ditu sindikatu abertzalearen aldarrikapenak: KPIri loturiko soldata igoera gutxienean puntu bat gehituta, aparteko orduei bertaratze eta puntualtasun plusa eranstea, antzinatasunagatik soldata urtean %1 igotzea, urteko lanaldia hiru egunetan murriztea, erretiro partziala bermatzea eta ezintasun kasuetan aldi baterako hobekuntzak lortzea.

«Herria hankaz gora jarriko da aste honetan»

Herri txikia da Viana eta inguruko lantegi garrantzitsuenetako da Mondelez, Goldarazen hitzetan. Gaileta fabrikan hasitako greba nabari da bertan eta eragina izan du honezkero. Baina datozen egunetan inpaktu hori handituko dela dio. Izan ere, ostegun honetan ekingo diote baita ere greba mugagabeari Saica Pack Ebroko Papeleran. «Herria potentzia handiarekin dago, aste historikoa izango da Vianan».

Jaurlaritza Logoa