Zuzenean

Hegoi Belategi-Martin Arratibel

«Macronek ez du ulertzen arazoa, deskolonizazio prozesu batean direla»

Bere lurraldean are gutxituago gelditzeko arriskuaren eta entzungor egiten dion metropoliaren aurrean altxatu da kanak herria. Ozeaniara egin du lehen aldiz Mundu Bat Herrik, Kanakyrekin harremanak urte luzez mantendu dituen Battitta Bolokiren laguntzaz, artxipelagoan gertatzen ari dena aztertzeko.

Audio_placeholder

«Macronek ez du ulertzen arazoa, deskolonizazio prozesu batean direla»

Loading player...
Kanakiarren protestei, uharteak militarizatuz erantzun du Parisek.
Kanakiarren protestei, uharteak militarizatuz erantzun du Parisek. (Delphine Mayeur | AFP)

80. hamarkadan izandako gatazkaren oroitzapenak ekarri dizkie Kaledonia Berriko jatorrizko biztanle diren kanakiarrei, azken asteotan izandako liskarrak. Datu ofizialen arabera, zazpi hildako izan dira gutxienez eta hamarnaka dira berriz zaurituak eta atxilotuak, Frantziako Gobernuak praktikan koloniatzat mantentzen duen artxipelagoko hautesle erroldan, 25.000 pertsona berri sartzea onartu ostean Asanblada Nazionalean.

Hainbat egunez, lurralde eta azpiegitura askoren kontrola galdu zuten, Noumeako aireportua tartean. Uhartea militarizatuz erantzun du Macron presidenteak, eta aldeak berak ezarritako mugen barnean negoziatzera deitu ditu... Parisen. «Macronek ez du ulertzen arazoa, deskolonizazio prozesu batean direla» dio Arnegin sortutako Battitta Bolokik. 1989an izan zen han lehen aldiz nekazaritza proiektu baten bidez, eta «geroztik loturak atxiki ditut eta hango aktualitatea segitzen dut».

Ez du harritzen Boloki, Frantziar Estatu Jakobinoak Kanaky mantentzeko duen nahiak, bai ordea, aurretik hartutako konpromisoak betetzeko eta errealitatea onartzeko gai ez izateak, «Frantziak pentsatzen du egiten duen moduarekin atxikiko duela Kaledonia Berria bere eskutan. Nik duda badut ez baduela Frantziak bere ikuspuntua aldatzen, ez baldin badu independentistekin adostasun bat lortzen etorkizunerako, Kanakyri bere independentzia emanez, pentsatzen dut Macronen estrategia galtzaile izango dela frantziarrentzako ere».

Aldabakarreko erabakiak

Gatazka berri bat pizteko aukera ekarri duen txinparta, hain zuzen ere, 80. hamarkadakoari amaiera ematea eragin zuen Noumeako akordioaren aldabakarreko Eliseoaren irakurketa izan da, edo zuzenean, akordio hori urratu izana. Itsasoz gaindiko lurralde deitzen duten kolonia bat baino ez dela argiki ikusteko, nahikoa da esatea kanak herria populazio osoaren %40 inguru direla, frantziar kolonoak baino pixkat bat gehiago. Hauei Ozeano Bareko beste uharte batzuetatik nahiz Asiatik etorritakoak batuz, kanakiarrak, gutxiengo dira euren herrialde propioan.

Testuinguru honetan, erabaki du Parisek 25.000 (270.000 biztanle inguru ditu herrialdeak) kolono gehiagori botoa emateko eskubidea aitortzea. Kanakiarrek, hil ala biziko mugimendu gisa hartu dutela azaldu du Bolokik, «kanakek beren helburua zuten ez sobera apaltzea, zeren eta apaltzen baldin badira instituzioetatik desagertzen dira».

Hirugarren galdeketa

Oreka etnikoak zuen garrantziaz jakitun erabaki zuten bi aldeek, Kanaky osoko hauteskundeentzako errolda berezi bat sortzea Noumeako akordioaren bitartez. Eta akordio horrek independentziarako hiru erreferendum ezarri zituen. Kanakiar askoren mesfidantza gora-behera, %40aren langa gainditu zuen baiezkoak 2018an. 2020koan mobilizazio handiagoarekin, 10.000 boto baino gutxiagogatik gailendu zen unionismoa, eta alarma guztiak piztu ziren Eliseoan, independentistak, beste uharte batzuetatik heldutakoak erakartzeko gai zirela ikusita.

2021eko abendurako deitu zen hirugarren galdeketa. Covid agerraldi bortitz batek uharteak jo zituen unean egin behar zenez, FLNKSk Askapen Nazionaleko Fronte Kanakiar eta Sozialistak atzeratzea eskatu zuen, baina Emannuel Macronek mantendu zuen, bere interesentzako onuragarria zela jakitun. Azkenean %90 gorako babesa jaso zuen ezezkoa, kanakiar herriak boikoteatu baitzuen. Puntu honetara helduta, galdeketa hori errepikatu gabe eta hautesle erroldan aldaketarik egin gabe, zaila dirudi adostasun batera heltzea, Parisen helburua prozesu neokolonialista bat bultzatzea ez bada behintzat.

Jaurlaritza Logoa