Zuzenean

Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Elkarrizketa
Alba Menendez
Bera Berako kapitaina

«Denboraldi amaierara heldutasun puntu oso altuarekin iritsi da taldea»

Zortzi urteren ostean, hiru hortzeko koroa altxatu du laugarrenez Bera Berak. Horietan guztietan egon da Menendez. Bereziena Illunben lortutako Kopa izan dela esan du. Momentu batean taldeak «konfiantza galdu» zuen: «Baina gure burugogorkeriak eraman gaitu hona». Beste sasoi batez segituko du.

Audio_placeholder

«Denboraldi amaierara heldutasun puntu oso altuarekin iritsi da taldea»

Loading player...
Alba Menendez Bera Berako kapitaina Elxeko partidaren amaieran, Lyndie Tchapchet taldekidearekin batera, ligako garaikurra ospatzen.
Alba Menendez Bera Berako kapitaina Elxeko partidaren amaieran, Lyndie Tchapchet taldekidearekin batera, ligako garaikurra ospatzen. (Hugo IZQUIERDO | Agencia LOF)

Bera Bera Alba Menendez (Zarautz, 1991) da, eta Alba Menendez Bera Bera. Hamabost denboraldi egin ditu Donostiako taldean, eta joan den larunbatean bere 23. titulua altxatu zuen –klubak 26 ditu–. 2012-2013 sasoian lehenengoz hiru hortzeko koroa altxatu zutenetik, sasoi bakoitzean gutxienez garaikur bat altxatu dute. Sasoi bukaerara «heldutasun puntu oso altuarekin» heldu diren arren, negu aldean «konfiantza galdu» zuten. Momentu txar hori, baina, atzean utzi zuten, eta horrek, indarra eman die «sasoi bukaera on hau egiteko». Uste du urtez urte «zailagoa» dela garaikurrak lortzea.

Joan den larunbatean zenbat aldiz jarri zenuten ‘Behera Behera’ abestia?

Dantzatu genuen, gainera gure zaleak Elxen zeuden, eta beraiekin batera kantatu eta dantzatu genuen, beraz, bai, jada gure ereserkia bihurtzen ari den edo den kantu bat da.

Ospakizuna ondo joan zen?

Igandera arte luzatu genuen. Azkenean pixka bat arraroa izan zen etxean jokatuta, autobusean joan ginen... Behin partida amaituta, ospatu genuen pixka bat aldagelan, gero Elxen bertan afaldu genuen, baina gero autobusera sartu ginen, lo pixka bat egin genuen, eta igandean jarraitu genuen parrandarekin pixka bat.

Pena ospakizuna Elxen izatea eta ez Donostian.

Bai, hala ere, zaleak bertan zeuden. Baina politagoa izango zen, Kopa lortu genuenean bezala, gure zaleen aurrean, liga horrela altxatzea. Baina ondo ospatu genuen, datorren sasoian ea etxean jokatzen dugun finala, eta hemen altxatzeko aukerarik dugun.

Joan den asteartean harrera instituzionala izan zenuten Donostiako udalean.

Harrera formala esango dugu, lasaiagoa. Eskertzekoa da berriro ere Donostiako etxea irekitzea, baina orain espero dut gaurtik [asteartetik] aurrera guztiz atseden hartzea, eta jada ospakizunak pixka bat alde batera uztea, atseden hartzeko ordua iritsi zaigu eta.

«Tituluak irabazten jarraitzen dugun bitartean, disfrutatzen nagoen bitartean, zergatik ez naiz geratuko beste denboraldi batez?»

Joaneko partida 30-26 irabazita, bueltakoan berdinketarekin nahikoa zen. 27-27 egin zenuten, gogotik sufrituta.

Bai, bai guk, baita zaleek ere, asko sufritu genuen. Baina azkenean garrantzitsuena da berdinketa gure aldekoa zela eta azken segundora arte zirrara eman geniola finalari.

Sufrituta gehiago gozatzen du kirolariak garaipenaz?

Bai eta ez. Amaieran bai, behin partida amaituta, hain berdinduta egon den partida bat gozatzen da. Baina esan behar da partida lasaietan ere, ondo jokatzen ari zarenean, disfrutatzen dela.

Hasierako lehen hamabost minutuetan izan ezik, gainerakoan atzetik joan zineten markagailuan. Burua hotz mantendu zenuten. Hori izan zen gakoetako bat kanporaketa irabazteko?

Bai, gako handienetarikoa. Partida ia osoa atzetik joan ginen, eta uste dut edozein momentutan agian ez ginela kapazak izango buelta emateko, baina uste dut denboraldi bukaerara heldutasun puntu oso altuarekin iritsi dela taldea, eta bai, burua hotz mantendu genuen, defentsaz defentsa, golez gol desberdintasun hori txikiagoa egiten. Azkenean berdinketa lortu genuen, eta sei gol azpitik joan eta gero, agian inork ez zuen espero.

Askotan esan ohi da halako partida parekatuetan xehetasun txikiek markatzen dutela partidaren norabidea. Zein uste duzu izan zirela?

Uste dut burua hotz mantendu genuela partida osoan zehar, agian guk esperientzia pixka bat gehiago dugu Elxek baino, eta horrek ere lagunduko zigun lasai egoten. Gutxinaka lortu genuen emaitza berdintzea, eta ez markagailua gehiegi begiratuta, uste dut gakoa hori izan zela, gure heldutasun puntua.

Aipatu duzu heldutasuna, eta bereziki nabarmendu duzu denboraldi amaiera oso ona egin duzuela. Sasoi honetan, beharbada, prestakuntzan arreta osoa jarri duzue azken txanpan indarrez iristeko?

Bai, prestakuntza aldetik aurreko sasoiko akatsetatik ikasi da, eta denboraldi honetan ikusi da bukaerara oso ondo iritsi garela, bai Kopan bai ligako kanporaketetan, fisikoki uste dut beste taldeak baino puntu bat hobeto ginela, eta agian hori izan da baita ere detaile txiki bat. Gainera, jokalari multzoa uste dut pixka bat zabalagoa dela, eta agian minutuak gehiago banatzen direla. Baina bai, gakoa izan da fisikoki oso ondo iritsi garela.  

Horrez gain, adierazi zenuen denboraldia momentu batzuetan luze egin zaizuela. Zein une etortzen zaizkizu burura, eta zergatik uste duzu luze joan zaizuela?

Azkenean liga erregularrean ez garelako oso erregularrak izan. Eta bai, egon zen hor hilabetetxo bat, hilabete luze bat, zeinetan emaitzak ez ziren guztiz onak, eta joko aldetik ere ez, guk ere zalantzak genituen; berdinketa asko lortu genituen, partidetako azken momentuan asko, neurketa batzuk galdu genituen. Egon zen momentu bat guregan ere konfiantza galdu genuena, baina kapaz izan ginen momentu txar hori atzean uzteko, eta ikusi da horrek indarra eman digula denboraldi bukaera on hau egiteko.

Momentu hori beharbada Europatik kanpo geratu ostean izango zen, aipatu dituzu berdinketak, agian Rocasaren aurka, une hori diozu?

Bai, oraintxe ez dut gogoratzen zein momentutan izan zen, baina buruan dut partida batzuk jarraian izan zirela.  Gure jokoa ez zen onena izan, eta gainera, emaitzek ez zuten laguntzen. Batzuetan, nahiz eta joko txarra izan, emaitzek laguntzen badute, ba horrekin ahazten zara, edo alderantziz, baina justu momentu horretan biak batera izan ziren. Aste edo hilabete zailak izan ziren, gogorrak ez, baina zailak bai.

«Europako Ligan multzoen fasean ez sartzeak ez du itzalean utzi behar egin dugun denboraldi biribila»

Eta zerbait berezia egin zenuten egoera zail horri buelta emateko?

Uste dut oso burugogorrak garela, eta helburuak argi genituela, bai Koparen bai ligaren bila nahi genuela joan. Gure burugogorkeria horrek eraman gaitu sentsazio horri buelta ematera eta guregan berriro ere konfiantza lortzera. Besterik ez dut uste egin dugunik, edo agian bai, baina ni ez naiz kontziente zer gehiago egin dugun.

Ligaren lehiakortasuna ere handitu egin da. Hori baikorra da ligarentzat, ezta?

Bai, urtez urte taldeak hobeto indartzen dira, eta horrek azkenean kalitate puntu bat gehiago ematen dio ligari, eta txapelketa guztiei. Gero eta zailagoa da liga irabaztea, gero eta zailagoa da Kopa irabaztea, eta agian orain ikusita guk lortu ditugula hiru sariak, ematen du errazagoa dela, baina urtez urte zailagoa da, eta datorren sasoian are zailagoa izango da.

Horren harira, esan duzu asko landutako hiru hortzeko koroa izan dela. Zer lan dago horren atzean?

Entrenamendu asko, baita bideo asko ere. Azkenean, bai, orain maiatz bukaeran ikusten ditugu sari guztiak, baina abuztuan edo hasi ginen entrenatzen, orduan, hilabete asko daude atzetik lanean, bai fisikoki, bai mentalki, bai joko aldetik, bai planifikazioa... Denak erraza ematen du, baina ordu asko daude atzetik.

Kopa Illunben altxatu duzue, 4.000 zale baino gehiagoren aurrean, eta Superkopa Gascan. Biak ere etxean.

Zortea izan dugu aurten hiru horietatik bi etxean izan direlako. Denboraldi honetan bereziena Kopa izan da. Orain dela bi urte ere etxean jokatu genuen, ez genuen gure finala jokatu, eta sasoi honetan gogo handia genuen finala jokatzeko. Finala jokatu, 4.000 pertsonen aurrean, eta saria altxatzea... Uste dut aurtengo hiru hortzetako koroaren garrantzitsuena edo bereziena Kopa izan dela.

Liga etxean altxatzea bakarrik falta izan zaizue.

Bai, pena bat. Baina tira, ahal zen bezala ospatu genuen, eta esan bezala, espero dut datorren denboraldian edo beste liga bat, behintzat, etxean ospatzeko aukera izatea.

«Egon zen une bat guregan ere konfiantza galdu genuena, baina kapaz izan ginen buelta emateko, eta horrek indarra eman digu sasoi bukaera on hau egiteko»

Sasoi biribila egin duzue, baina akaso zapore mikatza duzue azaroan Solaren aurkako Europa Ligako kanporaketa gainditu ez izanagatik?

Ez, horrek ez du itzalean utzi behar egin dugun denboraldi biribila. Europako multzoen fasera sailkatuz gero, amaiera bikaina emango geniokeen sasoiari, baina oso pozik gaude egin dugun denboraldiarekin. Pena izan zen, baina oso partida gogorra izan zen, oso polita. Oroitzapen oso onak ditugu partida hartaz.

Zazpi jokalarik utziko dute taldea: Maddi Aallak, Alice Silvak, Lydia Blancok, June Loidik, Malena Cavok, Emma Boadak eta Mariane Fernandesek.

Bai, zoritxarrez kirola eta talde kirola horrelakoa da, urtero aldaketak daude. Egia da aurten zazpi jokalari joan egingo direla, baina, esan bezala, zoritxarrez ohituta gaude. Aurrerapausoa eman duten jokalari batzuk kanpora joan dira... Bizitza eta kirola horrelakoxeak dira. Hemendik onena opa diegu, eta badakigu eta beraiek ere badakite Bera Bera eta Donostia haien etxea izango dela beti. Hementxe itxarongo diegu, behintzat, bisitaren bat egin dezaten.

Datorren sasoiari begira, zuk jarraituko duzu?

Bai, denboraldi bat gehiago behintzat bai.

Hiru titulu irabazita, denboraldi biribila, ez dut esan nahi erretiroa hartu behar duzunik, baina zerk esaten dizu «jarraitu ezazu»?

Azkenean, gustatzen zaidan gauza bat egiten ari naiz, eta disfrutatzen ari naiz. Gainera, etxean nago, hori ere bada oso puntu garrantzitsu bat. Tituluak irabazten jarraitzen dugun bitartean, disfrutatzen nagoen bitartean, zergatik ez naiz geratuko beste denboraldi batez? Honetan hiru titulu hauek lortuta, ea datorren denboraldia zer moduz doan.

Datorren denboraldirako zer asmo ditu Bera Berak?

Galdera hori oso erraza da erantzuten, helburuak beti berdinak baitira. Dena nahi dugu irabazi, denaren bila joango gara, gero, ikusiko dugu lortzen dugun edo ez, baina helburuak liga, Superkopa, Kopa, eta beti bezala, Europan, ea pausotxo bat aurrera emateko aukerarik dugun.

Jaurlaritza Logoa