Zuzenean

Garazi Castaño

«Txalotu eta besarkatu gintuzten San Mamesen, aldarrikapena hemen oso bizia dela ulertu zuten»

San Mamestik mundura heldu zen maiatzaren 25ean Gazako genozidioaren salaketa, Bartzelona-Olympique finala hastear zela. Bi ekintzaileek nola lortu zuten azaldu dute NAIZ Irratian eta bereziki pozik dira izandako oihartzunarekin eta estadioan bertan jasandako babesarekin.

Audio_placeholder

«Txalotu eta besarkatu gintuzten San Mamesen, aldarrikapena hemen oso bizia dela ulertu zuten»

Loading player...

Ekintza ikusgarri eta zirraragarria egin zuten bi ekintzailek Palestinaren alde San Mamesen, maiatzaren 25an, emakumezkoen Champions Leagueko finala hastear zela. Bartzelona zein Lyongo Olympiqueko hamaikakoak ereserkia entzuteko zutik lerrotuta zirela, aurrean kokatzea lortu zuten. ‘Stop genozide’ aldarria erakutsi zuten, Gernikako sarraskiari eginiko erreferentzia barne. Mundu osora zabaldu da oihartzuna eta astearte honetan NAIZ Irratiko mikrofonoetan eman dituzte protesta haren nondik norakoak Igor Otxoak eta Jon Lujanbiok.

«Lekuko askotan ikusiko zen ebentoa baliatzea zen asmoa, genozidioa amaitzeko deia bidaliz, eta orain hauteskundeak iristear direla, Europari konplize ez izateko ere eskatu nahi genion», laburbildu dute.

UEFAri ere mezua igorri nahi zioten. Izan ere Palestinaren aldeko ikurren aurka egin du estadioetan; Glasgoweko Celtic-i isuna ezarri zion esaterako, harmailak horiekin bete zirenean, eta hau guztia «talde israeldarrek UEFAko txapelketak lasai-lasai jokatzen dituzten bitartean».

Hirugarren helburua ere bazen. FIFAk mahai gainean du Israel txapelketatik kanpo uzteko proposamena eta horretan ere eragin nahi zuten, «Estatu terrorista eta arrazista dena» behingoz baztertua izan dadin.

Futboletik haratago irakurketa orokorrago batean, Europar Batasunaren aldetik Gazako sarraskiaren aurrean hartu den posizioa guztiz ez-nahikoa dela nabarmendu dute, edo okerragoa: «Israelen aldeko jarrera hartu du, konplizitatearena», salatu dute.

Maiatzaren 25ekora itzuliz, nola lortu zuten? Ekitaldian lan egiteko izena eman zuten, bezperako entseguetan hartu zuten parte, baina zenbait oztopo gainditu behar izan zituzten: zelaira ateratzeko ibilbidea ez zen erraza, zenbait tokitarako sarbidea ukatua zutelako.

«Modu dotorean» egin zutelako, gustora

Helburua bete-betean gauzatu zuten azkenik, ekintza «modu dotore batean egin nahi genuelako, UEFAk berak egin lezakeen zerbait bezala» irudikatuz. Irudietan argi geratzen denez, ia ekintza «ofiziala» balitz bezala kokatu zuten aldarria. «Sentsazio hori eman zuen, bai. Ez genuen irekiera zeremonia oztopatu. Unea ondo aukeratua zegoen. Aldarrikapena momentu oso ikusgarri batean kokatu genuen».

Jendearen erreakzioaren bereziki pozik dira. Segituan entzun zituzten txaloak eta zurrumurruak harmailetan, eta jokalari batzuek ere txalotu egiten zutela egiaztatu zuten.

Jokalari batzuek ekimena txalotu egiten zutela konturatu ziren bi ekintzaileak, eta Ertzaintzak ez omen du zigortzeko tarterik aurkitu

 

Gainera, ateratzeko unean arazo handirik ere ez zuten izan. Ekitaldiaren arduradunek kredentzialak kendu zizkieten eta kontua Poliziaren eskuetan utziko zutela jakinarazi zieten. Protesta «hain naturala» izanik, Ertzaintzak onartu zuen ezin dela indarkeria ekintza gisa hartu, ez eta gorroto delitutzat ere.

Bertan ziren langile eta bolondresek txaloka eta ekintzaileak besarkatuz agurtu zituzten, eta horrekin ere UEFAko arduradunak zein ertzainak «pixkat deskolokatuta» gelditu zirela adierazi dute. Gauzak honela, estadiotik kanporatu zituzten, ez besterik.

Ondorio gisa, «gizarte honetan aldarrikapen horren sentimendua oso bizia zela ulertu zutela» uste dute Lujanbiok eta Otxoak, eta «horregatik ez dute gertatutakoa gehiago hauspotu», ondorioztatzen dute. Azken detaile esanguratsu gisa, UEFAko arduradunei «elkarri bostekoa emanez» agurtu zieten.

Hurrengo urratsa, larunbatean

Euskal Herrian egiten ari diren ekimen guztien katean kokatu dute ekarpen hau. Batetik, nazioartean duten proiekzioa nabarmendu dute. Eta bestetik, palestinar herriari «berarekin gaudela» helarazten zaiolako pozik dira. Azken honetan sakonduz, Palestinako enbaxadorearen mezua jaso dute, irudiak eskatuz, beraiek ere zabaldu nahi zituztelako.

Euskal Herriak genozidio hau salatzeko duen berezkotasunaz ere mintzatu dira Lujanbio eta Otxoa: «1936an esan genuen ez genuela honelako sarraskirik nahi eta 2024an ere irudi hauek ez dituztela jasan nahi esaten ari gara. Gernikakoak legitimitate puntu bat ematen digu eta atentzioa eragiten du, zer gertatu zen hemen eta zer gertatzen den orain Gazan irudikatzeko erreferentzia delako. Gernikan bizi izandakoak garrantzi handia du diskurtso mailan», egiaztatu dute.

Larunbatean deitu diren manifestazioei aipamena egin diete azkenik: Bilbon eta Iruñean izango dira. Beste urrats bat, hau ere «oso bisuala», aurreratu dutenez.

Jaurlaritza Logoa