Zuzenean

Elkarrizketa
Maitane Etxeberria
Bera Berako jokalaria

«Ez goaz lasai, baina bai lasaitasun puntu batekin, galduz gero, luzapena baitugu»

Lehen urratsa eman du Bera Berak ligako titulua altxatzeko. Joaneko partidan Elx 30-26 mendean hartu du. Larunbat honetan du itzulikoa, 19.30ean. Maitane Etxeberriak (Lezo, 1997) adierazi du «oso motibatuta» daudela; ez bakarrik ligagatik, baita hiru tituluak lortzeko aukera dutelako ere.

Audio_placeholder

«Ez goaz lasai, baina bai lasaitasun puntu batekin, galduz gero, luzapena baitugu»

Loading player...
Maitane Etxeberria asteazkenean Elxen jokatu zuten joaneko partidan, Gascan.
Maitane Etxeberria asteazkenean Elxen jokatu zuten joaneko partidan, Gascan. (Jon URBE | FOKU)

Ez du lo askorik egin Maitane Etxeberria Bera Berako jokalariak. Neurketen ostean, kostatu egiten zaio behar bezala atseden hartzea; are gehiago, asteazkenekoa bezalako adrenalina handiko neurketa baten ondoren bada. Elxen aurka ligako joaneko partida 30-26 irabazi eta biharamunean mintzatu da NAIZ Irratiarekin, Bidebietako kiroldegian, entrenamendua baino lehen.

Ia zortzi orduko bidaia dute aurretik. Neke aurpegia antzematen zaion arren, «oso motibatuta» daude larunbateko bueltako neurketarako; «ez bakarrik ligagatik, baita denboraldiko titulu guztiak irabaziko genituzkeelako ere». Berdinketarekin nahikoa dute ligako titulua altxatzeko. Galduz gero, luzapena jokatu beharko dute. «Inork ez du luzapenik nahi» adierazi du barrez eskuin hegaleko jokalariak.

Taldea «inoiz baino hobeto» ikusten du, bai fisikoki, bai mentalki. Elxen aurkako lehia «oso zaila» izango den arren, adierazi du «lasaitasun puntu batekin» doazela, Gascako partida irabazi izanagatik.

Gozategiren ‘Kalanbreak’ abestiak dioen modura, «Hura gaua atzokoa» [herenegun].

Bai, bai, polita izan zen.

Denboraldiko azken partida etxean, liga jokoan, zazpi jokalariren azken partida... Egun berezia, eta gainera, garaipen oso garrantzitsua lortu duzue.

Uste dut berezia izan zela, batez ere taldea utziko dutenentzat. Jende asko hurbildu zen Gascara. Berotasun hori sentitu genuen. Beraz, oso pozik gaude.

Partida amaitutakoan, taldekide guztiak kantxara atera zarete, ospakizun txiki bat egiteko, baina jakinda oraindik ere azken urratsa eman behar duzuela.

Bai, uste dut denak kontziente garela han Elxen partida zaila izango dela, eta ez dela bukatu oraindik.

«Hasieran akats asko egin genituen. Jaurtiketak egin genituen, baina ez genuen asmatzen. Horri buelta eman genion bigarren zatian; fisikoki hobeto eutsi genion»

Neurketaren inguruan, lehen zatian lehia nahiko berdintsua izan zen, eta bigarrenean zuek nagusi izan zineten. Horrela bizi izan zenuen barruan?

Bagenekien oso zaila izango zela. Azken neurketa hauek ere oso zailak izaten ari dira, bai fisikoki, bai mentalki. Azkenean denboraldi amaieran gaude, eta dena kostatu egiten da. Baina helburua hor duzunean, indarrak ateratzen dituzu. Uste dut lehen zatia oso berdindua joan zela, eta bigarrenean agian fisikoki hobeto eutsi geniola beraiek baino.

Defentsan, partida hasieratik bukaera arte ondo aritu zineten. Erasoan, ordea, agian bigarren zatian asmatu zenuten gehiago?

Bai. Uste dut hasieran akats asko egin genituela. Jaurtiketak egin genituen, baina ez genuen atea zulatzen. Horri buelta eman genion bigarren zatian. Eta esan dudan bezala, uste dut fisikoki hobeto eutsi geniola.
 
Zer esan zizuen Imanol Alvarez entrenatzaileak atsedenaldian? Zein akats konpondu zenituzten?

[Barrez] Atera jaurtitzeko eta sartu egin behar zirela baloiak, besterik ez. Uste dut beste guztia ondo egiten ari ginela.

Alor fisikoan hobeto zaudetela aipatu duzu behin baino gehiagotan. Iazko denboraldiarekin alderatuta, aurten hobeto iritsi zarete denboraldiaren azken zatira.

Iruditzen zait taldea oso-oso ondo dagoela, inoiz baino hobeto esango nuke, bai fisikoki, bai joko aldetik. Ammma etxean sasoi honetan egin dugun lana oso ona izan da, eta kantxan bertan ere ikusten da.

Larunbatean berdinketarekin nahikoa duzue ligako titulua altxatzeko. Nola ikusten duzu taldea hitzordu garrantzitsuenerako?

Oso zaila izango da. Gainera, han beraien etxean, jendea hurbilduko da. Elxen beti zaila izaten da irabaztea. Oso kontzentratuta egon behar dugu hasieratik. Ez goaz lasai, baina bai lasaitasun puntu batekin, galduz gero, luzapena baitugu.

«Iruditzen zait taldea oso-oso ondo dagoela, inoiz baino hobeto esango nuke, bai fisikoki, bai joko aldetik»


Nola kudeatuko duzue Donostian lortu duzuen errenta hori? Finalerdietan nahiko ondo kudeatu zenuten luzapena.

Espero dut luzapenik ez egotea [barrez]. Malagan asko kostatu zitzaigun, eta oso nekatuta bukatu genuen, bai fisikoki, bai mentalki. Orduan, espero dut luzapenik ez egotea. Baina egon behar baldin badu, dena utziko dugu kantxan, dagoeneko azken partida baita.

Partida bat jokatu aurretik, irudikatzen duzu lehia nolakoa izango den?

Saiatzen naiz partidan ez pentsatzen...

Eta erraza al da?

Batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Justu orain uste dut lana egina dagoela, orduan ez duzu hainbeste pentsatzen denboraldi hasieran bezala. Askotan jokatu dugu Elxen aurka: badakigu nola jokatzen duten, eta beraiek badakite nola jokatzen dugun guk. Asteazkeneko partidari begiratu eta akats horiek hobetzea irudikatuko dut, baina bestela ez dut asko pentsatzen.

Ligako titulua jokoan, eta aldi berean, beste lorpen bat duzue eskuartean. Hiru titulu lortzea denboraldi honetan: Liga, Kopa eta Superkopa.

Bai, taldea oso motibatuta dago horregatik; ez bakarrik ligagatik, baita denboraldiko titulu guztiak irabaziko genituzkeelako ere. Motibazio puntu bat gehiago ere bada hori.

Donostiatik antolatu al dute autobusen bat?

Bai, klubak antolatu du autobus bat. Hasiera batean txikia izango zen, eta ez dakit orain handira pasatu diren, jende askok izena eman baitu.

Irabazteak, zer suposatuko luke zuretzat, eta taldearentzat?

Bai niretzat, bai taldearentzat, urte biribila izango litzateke. Azkenean titulu guztiak irabazita joango ginateke etxera, lana ondo egin duzula pentsatuz. Niretzat... ez dakit... Uste dut denboraldi honetan ere hustu egin naizela kantxan, eta dena eman dudala.

Jaurlaritza Logoa